Lurra laua da eta gizakia ez zen inoiz Ilargira iritsi. Elite sekretu bat konplot globala koordinatzen ari da gu kontrolatzeko. Wuhango laborategi batean birus bat sortu zen gizartea dominatzeko intentzioz. AEBetan estralurtarren ontzi bat erori zen, baina gobernuak ezkutatuta dauka. Lider mundialak gizakiz mozorrotutako muskerrak dira.
Teoria konspiratiboez aritu ziren joan den astean Haustura Metabolikoa-ren zuzeneko lehen podcastean. Eldarnio kolektiboen historian eta genealogian menturatu ziren luze eta fin: Bigarren Mundu Gerraren osteko ufologia hipotesiak, pseudozientzia, konspirazio antisemitak eta antikomunistak, Ameriketako Estatu Batuetako alderdi demokrataren Pizzagate sare pedofiloa… Zer pentsatua eman zidan egiaren ulerkera eta eraikuntza psikosozialak. Zaharra da kontua.
Gizarte bezala errealitatearekin daukagun harremana kuriosoa egiten zait. Egia tradizionala krisian dago. Informazio iturriz, irudiz eta titularrez gainezka dauzkagu pantailak. Badirudi inoiz baino gardenago eta eskuragarriago agertzen zaigula errealitatea. Baina zertan sinistu behar dugu? Amorfoa eta anitza da egia. Munduak mila aurpegi dauzka, konplexua da. Egia batek bi gela habitatu ditzake. Eta bi egiak habitatu dezakete gela bera. Hamaika egia kabitzen dira zerebro berean. Eta agian patxada emango ligukeen arren, ez dago letra larriz idatz daitekeen Egiarik.
Tira, agian galdera bezala formulatuko dut esaldia: «Ez al dago letra larriz idatz daitekeen Egiarik?».
Ulertzen ez denak beldurra sortzen du. Kontrolatu ezin denak bertigoa. Handiegi eta urrunegi geratzen zaigun errealitate batek, gure gorputzak asumitu ezin dituen kausalitate-egitura bihurriek, paranoia erna dezakete. Frustrazio sozialak etsaiak bilatu behar ditu, hutsuneak bete. Sofistikazioa bakundu. Konplikazioa sinplifikatu.
Baina segun eta noren eskuetan erortzen den izua, ufa. Eskuin muturrak aspalditik egiten daki hori. Akordatu Kalergi plan konspiranoiko ezagunaz. Gerd Honsik neonazi austriarrak argitaratutako Hitlerrentzat absoluzioa liburuan diktadorearen izena zuritzeaz gain, arrazari, demografiari eta atzerritarraren edo arioa ez denaren ustezko mehatxuari buruz idatzi zuen. Kalergi plana edo Ordezkapen Handia deritzonaren aitzindari ideologikoa dela esan liteke: masa migrante batek Europako biztanleria ordezkatuko zuen konspirazioa zabaldu zen.
Gobernuek eta komunikabideek sinesgarritasuna galtzen dutenean hutsune narratiboak sortzen dira. Boterearen sekretismoak betetzeko sortzen dira fikzioak, teoriak, hipotesiak, errealitatearen kontakizun asmatuak. Nor ote dago atzean? Nork mugitzen dizkigu gure pentsamenduetako hariak? Osasun kolektiboagatik bada ere, sinestea komeni zaigun errelatoak eraiki izan dira historikoki. «Hau da Egia, eta ez egia» bezalako zerbait.
Gaur algoritmoak errealitate-bunkerretan harrapatuta gauzka. Jaten eta jaten ematen diogu eta gauza bera-apur-bat-ezberdin itzultzen digu. Gure plazera erraza da asetzen. Ez gara hain bereziak. Ez gara hain bakarrak. Ezagunak zaizkigun esloganak irakurri nahi ditugu, katuen bideoak ikusi nahi ditugu mila aldaera ezberdinetan. Kolektibo baten parte garela sentitu nahi dugu. Etsai bera daukagula sentitu. Jainko bera gurtzen dugula jakin. Eta algoritmoak, nolabait, ematen digu geure egia edo geure gezurra atzeraelikatzeko eta bizitzeko esparru seguru hori. Emozionalak gara, eta bihoztxo bigun manipulagarriak dauzkagu, besterik ez.
Eta halako batean ohartzen garenean eraiki dugun mundua ez dela hautatua… Eta bat-batean susmatzen dugunean geure burua guk geuk baino hobeto ezagutzen duela inteligentzia artifizial batek… Alexak dena entzuten duela… Mugikorreko kameratxoa guri begira daukagula egunero… Intimitate guztia eman diogula pantailatxo horri… Eta ustekabean ispilura begiratu eta askatasun eta erabakimen zantzurik ikusten ez diogun begirada zaur-kikil horrekin topo egiten dugunean… klik.