Inaki Galdos
ARKUPEAN

Massa eta Mendiguren

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskundeak izan ziren igandean Argentinan. Presidentea aukeratzeko lehen itzulia, besteak beste. Ez naiz hemen hasiko emaitzen irakurketarik egiten; iruditzen zait gaurko egunkari honetan izango dela horren berri modu egokian emango duenik, igandeko ale ederrean gertatu zen bezala, bide batez esana. Hango euskal diaspora hartuko dut hizpide, hemengo begiekin begira, harrigarri bezain bitxiak gertatzen zaizkigun jokaerak ikusten ditugulako han. Aspaldi esan zigun Buenos Aireseko euskaldun jakintsu batek, Argentinako politikaren eta politikarien bide sigi-sagatsu, kamaleoniko eta sarri surrealista ulertu nahi badugu, ez dela bide aldrebesa euskal jatorriko zenbait politikariren ibilbideari, arrastoari jarraitzea.

 

Jose Ignacio Vasco de Mendiguren, Bruno Mendigurenen semea da, nahiz eta ez zuen aita ezagutu, hegazkin istripu batek eraman zuelako Mar del Platan, oraindik jaio berria zela. Bruno, Jose Antonio Agirre lehendakariak gertukoa zuen oso Jaurlaritza sortu berrian, George L. Steer kazetariak idatzi zuen bezala. Baita gero Argentinako erbestealdian ere. Bilboko alkate ohi Ibon Aresoren osaba ere bazen Bruno, portzierto. Argentinako politikan, Sergio Massaren oso hurbileko pertsona da Jose Ignacio, 2013an Frente Renovador delakoa sortu zutenetik.

Horrelako pedigriarekin, pentsatzekoa da jelkideekin sintonia izango zuela, eta Sabin Etxeko ateak irekiak. Harro agertu zen hara 2015eko presidentzialak baino hilabete batzuk lehenago, eta Iñaki Goikoetxeta (EBBko orduko kanpo harremanen arduraduna) eta enparauei garbi esan, Massa izango zela Argentinako hurrengo presidentea, besteak beste 2013ko hauteskunde legislatiboak irabaztetik zetorrelako. Egun haietan, bai Massak Argentinako hiritarrei eta bai Mendigurenek Euskadiko jelkideei behin eta berriz azpimarratu zieten (solemneki hitza eman ere bai) kirchnerismoa bukatzera zetozela eta kartzelan sartuko zituztela ustelkeriaz jositako hainbat eta hainbat kischenerista ustel, batez ere La Campora gazte erakundekoak.

Mauricio Macrik irabazi zituen hauteskunde haiek eta Massa hirugarren geratu zen. Espazio berria aurkitu behar, beraz. Handik aurrera ziaboga berri bati ekin zion Massak (ez ahaztu jatorria Alvaro Alsogaray-en UceDé alderdi eskuindarrean zuela), eta hor daukagu Massa gaur egun, kartzelan sartu behar zituen guztien aliatu, presidentzia lortzeko aukera askorekin. Bere alboan, Mendiguren, eskuindar petoa hau ere atzo goizera arte, nolabait esatearren. Ez dakit Sabin Etxearekin harremanak mantenduko dituen, pentsatzekoa da baietz, baina bitxia izango litzateke euren elkarrizketak, Mendigurenen azalpenak entzutea.

Bitartean, EH Bilduko zenbait jendek zorionak luzatu dizkiete igandeko hango garaileei, baina gehiago pentsatzen benetako kirchnerismoan, hauen aliatu berrietan baino. Arnaldo Otegik ere duela hilabete batzuk elkartasun mezu ozena bidali zion Cristina Fernandez Kirchnerri euskal independentismoaren izenean, honen kontra hasitako bide judizialaren aurrean. Bai orain eta bai orduan, deseroso eta atsekabez ikusten dute hau guztia Argentinatik EH Bilduren aldeko botoak ematen (eta lortzen) dituzten diasporako kide askok. Haserre ere bai sarri. Kirchnerismoaren etsai borrokatuak dira asko, hango politikan mugimendu horri aurre egiten dihardutenak, batez ere UCR alderdi erradikaletik, baina baita ezkerragotik ere. Ez dute ulertzen nola ematen dion babesa eurak parte diren koalizio batek (euren ustez) ustelkeriaz jositako mugimendu bitxi horri.

Ia ezinezkoa da, beraz, hemengo politikaren parametroetan euskal diaspora indartsu dagoen tokietako politika neurtu eta aztertu nahi izatea. Horrela jokatu nahi izateagatik etortzen dira sarri sorpresa eta disgustuak. Urrutiago joanda, hor ditugu adibide gisa garai bateko euskal-pinochetistak eta egungo euskal-trumpistak ere. Euskal alderdi abertzaleak aspalditik ari dira diplomazia lan eraginkorra egiten munduan zehar, baina iruditzen zait ez dutela beti garbi izango zer egin, hanka sartu gabe nondik jo. Are gehiago Massak, Mendigurenek eta beste askok labirintoetan murgiltzeko daukaten abilidadearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.