Irati Zubia Landa.

Miau, miau, miau

2026ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agurtzane zuen izena. La loca de los gatos (katuen zoroa) deitzen genion guk. Urgull inguruan ibiltzen zen, Lideleko karroa eta kolore biziko arropak soinean. Ez zuen fama onik. Betetzen zituen, gutxienez, bi funtzio sozial garrrantzitsu: turistak izutzea eta kaleko katuak elikatzea. Guri ere egiten zigun oihu, ezkutatu nahi genituen lehen aldi guztietarako Urgullera joaten ginenean. Behin bakarrik begiratu nion begietara. Berdeak ziren, berde herdoila: barkuen gasolioak kaian uzten duen kolore berbera. Duela urte batzuk hil zen. Pentsatzen dut hiriak sekula ez ziola justizia egin. Eta Sylvia Plathek utzitako honekin akordatzen naiz: «Jendeak galderak egiten ditu/ bere bizilagunaren katu-frenesia ikustean/ eta esaten dute: 'zerbait txarto dago beregan, katu guztiak horrenbeste maite baditu'».

Ez dut konpartitzen txakurrak ala katuak dikotomia, ezinezkoa zait hautatzea. Gustuko izan dezakedan argumentu bakarra Jean Cocteauk emana da: ez direla polizia-katuak existitzen. Edonola ere, dikotomia existitu, existitzen da; eta esaten da txakurra dela gizonaren lagun mina. Katua izango da, akaso, normatik at dauden horien bidelaguna. Katu batek irakatsi zion Aliziari: behin noraezean zabiltzala, ez du merezi bide zuzenaren bila estresatzeak.

Lezio gorenen jabe dira katuak, nahiz eta ez dituzten kontatzen. Hitz gutxikoak dira, horretan ere goresgarriak. Gizakiak sekula ez ditu harrapatu uzten dituzten indirektak, eta alferkeria leporatzen zaie. George Orwellen Animal Farm-en (Abereen etxaldea) badago kateme bat. Gainerako animaliek laster deskubritu zuten lana zegoenean beti egiten zuela alde. Hamaiketakoan bueltatzen zen, ezer gertatu ez balitz bezala. Bere aitzakiak hain ziren eleganteak, halako goxoa zen haren urruma, ezen ezinezkoa zitzaien asmo maltzurrik ezkutatzen zuela pentsatzea.

Idatz nezakeen beste zerbaitez, ez pentsa zalantza egin ez dudanik. Baina, behin katu bati begietara begiratzeko ausardia bildu eta honek ezker begia klixkatzen dizunean ez dago atzera-bueltarik. Ni ere harrapatu naute. Galdetu diedan lagunek ere berretsi didate hori. Bruno, Amy, Mistus, Porru, Pakita, Txapa. Txoratuta dituzue zuen jabeak, eta ez naiz harritzen. Soilik zuek izan zaitezkete hain bizkorrak, hain lirainak, eta aldi berean izutu pertxero batekin. Egun lakarrena, bihotz nihilistena, argitu dezake katu batek. Pentsa, Charles Bukowski bera ere limurtu zuten. Berak esan zuen ehun katu dituena hamar katu dituena baino hamar aldiz gehiago biziko dela; noizbait sekretu hori argitara aterako dela, jendeak milaka katu izango dituela eta hilezkorrak izango garela.

Mundua aspaldi legoke akabaturik katurik gabe. Inkisizioak jazarri zituen, beren lagun sorginekin batera. Katuen mendekua izurrite beltza izan omen zen. Jainkotiarrak dira, beraiek ere badakite hori. Paul Gallicok idatzi eta Disneyek edulkoratu zuen Thomasina katuak hauxe bota zuen: «Badakit jainkosa bat naizela. Baina, egia esan behar badizut, ardura hau gehiegitxo iruditzen zait halako katutxo txikitxo batentzat». Zer nahi duzu esatea, mundialak dira.

Ez dago hitz egokirik katu batek ematen dizuna azaltzeko. Zer eta janari apur baten eta noizbehinka ate bat zabaltzearen truke, bere asuntoekin segi dezan. Hitzak beti dira motz katu kontuetan. Ez dago marraka baten mailara hel daitekeen hizkuntzarik. Horregatik kontatzen dira istorioak hobeto katuak badira tarteko, Eider Rodriguezekin ikasi nuen nik hori. Horregatik dago literatura katuez lepo.

Are, testu asko katuek beraiek idatzi dituzte. Edgar Alan Poek bazuen katutxo bat: Catterine. Bere altzoan egoten ohi zen idazten zuen bitartean. Catterinek istorioaren noranzkoa gustuko ez bazuen, Poek aldatu egiten zuen istantean. Badira ere katu musikariak, nire faboritoak. Pipiak jandako ganbaretan jam session-ak muntatzen zituzten Aristogatos filmeko kale-katuak. Edo Mefistófeles, Federico Garcia Lorcaren oda eder hartako katua, lehoi keinua zuena. Gauero haren pianoaren gainetik paseatzen zen. Bere oinen musikak burgesak irritatzen zituen. «¡Noble misión!» dio poetak. Sirenen kantuak katu doinua behar zuen izan bere jatorrian.

Katuak beti sartzen dira poemetan, ipuinetan. Zutabe honetan ere sartu dira, esku bakarrarekin idatzi dut hau dena. Julieta izeneko katakume baten buruan dut bestea9999999999999sskK. Barkatu, Julieta izan da hori, teklatuan pausatu du bere ipurdi beroa. Zortedun zara, irakurle, «kaixo» esan dizu.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.