Lide Hernando.

Misiolariak

2026ko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxean ahaztu nituen eguzkitako betaurrekoak. Kaka. Urtero etortzen naiz-eta Euskal Herriko txoko honetara! Ez dut ikasten Erriberan argiak gogorrago egiten duela hozka begietan.

Lagun batzuekin joan ginen hara larunbatean, Korrikaren xerka. Corella eta Castejon herrien arteko errepide bakarti horietako batean utzi genuen kotxea, soro artean. Bi herri hauen artean marra zuzen bat marraztuz gero, sortzen den bidearen zatirik handiena Errioxatik igarotzen da. Guk parte hartuko genuen Korrikaren kilometro hura, beraz, Errioxatik igaroko zen hasieran, gero Castejonen sartzeko. Gure lagunak, barre artean, esan zigun hura izan zitekeela Guardia Zibilak Korrika eskoltatuko zuen zati bakarrenetarikoa.

Nire bikotekideak larrituta eraman zuen begirada bularraldera. Nora zetorren ohartu gabe, Pepe Rubianesen esaldi famatua inprimatuta zuen kamiseta janztea bururatu ez zitzaion ba!: A mĂ­ la unidad de España me suda la polla por delante y por detrĂ¡s.

Corella eta Castejon artean bageunden ere, hartzera gindoazen kilometroa Zarrakazteluko Iparralde elkartearena zen. Eguzki bihozgabe horren azpian ikusi genuen tropela gerturatzen: foralek eskoltatuta zetorren azkenean; ez dakit zer den hobea. Sartu ginen anabasa mugikor hartan, eta aurrera! Tipi-tapa, tipi-tapa, KO-RRI-KA!

Ikaragarria da nola, esperientzia hau bi urtero bizitzen badugu ere, eta aldiro-aldiro antzeko moldeetan errepikatzen badugu ere, beti itzultzen zaigun oilo ipurdia besoetara. Donostian izan, Oiartzunen ala Castejonen, sentsazioa antzekoa izan ohi da beti. Alta, ezin uka euskarak zapalkuntza are handiagoa bizi duen lekuetan Korrikan parte hartzeak karga eta sinbolismo handiagoa ematen diola esperientziari.

Oinkada eta oinkada artean, ezin nuen gainetik kendu Erribera euskalduntzera joan ginen misiolari giputxi batzuk ginelako kezka. Euskararen beharrean dauden horiek ebanjelizatzera joandako bihotz oneko jesuitak

Nire kasuan, amatxirena zen herrian «Castejonen ere, euskaraz!» oihu eginez sartzeak emozioz bete ninduen. Txikitan izeba eta lehengusuekin oinez egiten genuen piszinarako bidea. Orain, dozenaka pertsonaren artean izerditan, furgoneta bateko megafoniatik kontsignak oihukatzen zizkiguten bitartean. Gaztelerazko mintzoz betetako txoko horietatik orain euskarazko oihuak botaz igarotzeak konkista utopiko baten sentsazioa eman zidan.

Ez zidan huts egin, ordea, bertan geunden asko Gipuzkoatik, Nafarroa iparraldetik edota Bizkaitik etorritako jendea ginelako datuak. Larunbateko egunpasa plan ederra zelako akaso; gure herritik Korrika ordu txikitan igarotzeagatik egingo genuen hutsa konpentsatzeko agian (Oiartzundik, adibidez, goizeko hiruetan zen igarotzekoa); edo, eremu euskaldunagoetatik igarotzen den Korrikaren kutsu ofizialaz nazkatuta, turismo kolonizatzailea egitearen fetitxismoa, igual.

Zeren bai; oinkada eta oinkada artean, ezin nuen gainetik kendu Erribera euskalduntzera joan ginen misiolari giputxi batzuk ginelako kezka. Euskararen beharrean dauden horiek ebanjelizatzera joandako bihotz oneko jesuitak. Gure euskal hitza paraje idor horietan landatzera joandako lorezainak.

Alde batetik, ederra iruditzen zait Korrika bezalako ekitaldi batean euskaldunon artean sortzen den solidaritate hori. Azken finean, Euskal Herria euskaldundu nahi badugu, logikoa izan daiteke euskara sobran dugun lekuetakoak hizkuntza zapalduagoa duten lekuetara joatetik hastea; elkar lagunduz soilik iritsiko baikara muga berrietara. Baina tira, lerro hauetan partekatu nahi nuen beste alde hau ere; non amaitzen da solidaritatea eta hasten da nagusitasun morala?

Edonola ere; ni, behintzat, esperientzia horretatik, bertako jendearekin gelditu nintzen gehienbat. Corella eta Castejon arteko errepide hartan zeuden hamabost pertsonako talde horrekin, adibidez. Hain gutxi dira, eta hain sakon bizi dute euskara… Ene jaungoikoa! Ni ere ez naiz libratzen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!