Garazi Kamio Anduaga.

Moti-moti

2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egutegian urriak duen egun mordoa ikusi eta moralak hankazpira alde egin dizula? Neronek esango dizut zer egin. Beharbada telebistako iragarkiren batek jada eman dizu pistaren bat zure etorkizuna emozionalki loratu ahal izateko: bada pentsamolde positiboa izeneko botika bat, pilula hartu eta lasai zein positibo egoten laguntzen zaituena. Magia egiten du, entzun: pin, pan, pun. Nik ere, pilula magiko horiekin batera, esango dizut zure bizitza hobetzeko zer egin dezakezun. Egia da udazkeneko lehen hostoak lurrean ikusten ditugunean malenkonia kutsu batek lokazten duela geure burua eta maiz ez dela onerako izaten. Izan ere, udaberriko zein udako argi printzei esker zokoratu ziren zulo beltzak berriz hasten dira handitzen egunak motzagoak diren ahala. Eta beltza, beti da beltz. Baina lasai, esan bezala, soluzioa zure esku baitago.

Izan ere, garai batean oso ezagunak ziren irailean saltzen ziren faszikulu haiek, oroitzen? Izan frantsesa ikasteko, autoen maketak egiteko edo makramean lasai asko aritzeko. Ahaztu denbora librean libre ibiltzeari; orain, zure zoriontasunari eusteko metodoak saltzen dira eta sailkapen berezi bat egiten da zu beti erdigunean jarrita. Has gaitezen:

Gizonezkoa bazara, abiapuntua zure gorputzean dago. Bi Lamborghini (horrela idazten al da?), beste bi Ferrari eta sekulako etxe puska eduki nahi badituzu, Amadeo Lladosen filosofiari heldu behar diozu. Influencerra omen da espainiarra, baina askoren ustez sekta baten buru ere bada eta, gauzak okertzen jarrita, egungo nerabe askoren idolotzat ere jo daiteke. Lladosek argi eta garbi adierazten dizu: ohetik goizeko bederatziak baino beranduago jaikitzen bazara, galtzaile hutsa zara. Zure gorputza ez baduzu beste ezeren gainetik miresten, porrotaren parekoa da zure bizitza. Eta horrela, diziplinarik zorrotzenean murgilduta lortuko dituzu zure bizitzako lorpenik handienak. Kontuz, ordea: hazia isurtzea ere txarra dela esango dizu eta. Ez dut pentsatu ere egin nahi lerro hauek irakurtzen pasatzen ari zaren denboran zenbat milioi euro galdu ote dituzun. Barkatu, arren.

Emakumezkoa bazara, abiapuntua unibertsoan dago. Utzi zure gorputza alde batera, mugarik ez duen unibertsoak adieraziko baitizu zer egin. Egia esango dizuet, emozioak jota ahaztu egin zait hau guztia esaten duen neskaren izena (edo nire buruak zuzenean garunaren spam unibertsora eraman du oroitzerik izan ez dezadan), baina kontatuko dizuet zer egin behar dugun emakumeok gure bizitza lasai eta ondo joan dakigun: gizonezkoek bezala, goizean goiz jaiki behar gara eta unibertsoarekin hitz egin behar dugu. Konparaketak egiten hasi naiz eta goizean ala iluntze partean jainkoarekin hitz egitera behartzen zituzten haiekin gogoratu naiz. Jainkoari erreguka nola, unibertsoari ere eskean hasi behar gara: unibertso maitea, gaurko egunez ere zoriontsu izan nadila eta halako esaldiak esan behar ditugu hastear dagoen eguna ondo joan dadin. Dena dago unibertsoaren menpe, dena besteen menpe, agidanez.

Bat edo beste izan, jakin letra txikia ere badutela halako kontuek: produktuak eros ditzakezu edo masterclass delakoetan izena eman, bankuko txartela pasatu ondotik. Zure motibazioak prezioa ere badaukalako eta inondik inora ere ez dutelako musu truk ezer esango. Pilulekin hasi eta emozionalki norbaiten menpe egon arte, zoriontasunak ez du mugarik.

Ez-bitarra baldin bazara, sentitzen dut, baina ez dut zuretzat soluziorik. Gizartea oraindik bitarra da eta zer esango dizut bada, zuk jada ez dakizuna. Tira, agian gauza bat bai, badaezpada: unibertsoak ez gaitu ezagutzen, ez daki non bizi zaren; nahiko lan du bere anabasa txukuntzen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.