Xabier Gantzarain Etxaniz.

Munduan egoteko modua

2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ederra haiz hi: ahaztu dirua. Bejondeiala. 

Nola ahaztuko dugu dirua, diruak mugitzen badu mundua? Ikuskizuna, barkaidazue esatea, geroz eta makabroagoa da, geroz eta zinikoagoa. Dena da geure muturren aurrean eta egun argiz egindako espoliazio, arpilatze, ustiatze eta ostiatze etengabea. Kapitalak jan egingo gaitu, bizirik ala hilik. Peter Thiel, Palantir; diruak nahi izan du hain izen itsusiak ikasi beharra batek. 

Kapitalak munduan martxan dauzkan gerretan hildakoak ez dira armagintza industriaren hondakinak besterik. Giza baliabideak daude, giza kapitala dago, eta giza hondakinak. Eta kapitalak kalkulatua izango du honezkero zenbat milioi pertsona dauden soberan munduan. 

Zergatik dauden, eta ez gauden?

Munduaren zatirik aberatsena da, noski, soberan dagoena, planeta suntsitzen ari den horixe bera. Espainiako jet pribatuek urtero kontaminatzen dutena aztertu dute orain dela gutxi. Urtero egiten dira kalkuluak (alfer-alferrik): daramagun bizimoduarekin, AEBk hiru planeta behar ditu urtean, Europak beste hainbeste, Errusiak ez dakit zenbat… Lurra bere horretan mantentzeko martxa egokia daraman bakanetakoa Kuba da. 

Baina gu abiada bizian goaz; dirua dugu ipar, eta okerragoa dena, dirua dugu hego. Nola egin hegan bestela? Nola egin hegan beste herrialde batzuetara, beste bizitza batera, non zoriontsuak izango garen? Hor dago Juanjo Olasagarrek itzulitako W.H. Audenen Musée des Beaux Arts, inork nola bukatuko duen jakin nahi badu ere. Tamalez, ez gara Brueghel Zaharraren margolan batean azalduko.

Gure heriotza seguruago botako dugu zuzenean Instagramen edo Tik-Token, eta ez du inork ikusiko. Giza hondakin izatea nahikoa ez eta gainera hondakin digitalak bihurtuko gara. Spama zara, eta spama bihurtuko zara. 

Lurra bere horretan mantentzeko martxa egokia daraman bakanetakoa Kuba da

Gaur hamabost presaka eta akaberan ekarri nuen Johann Hari, aurkezpenik egin gabe. 1979an Glasgown jaioa, idazle eta kazetaria da, eta, antza denez, Chasing the Scream (Oihuaren atzetik) liburuaren zinerako egokitzapenak arrakasta eta dirua ekarri zizkion. Baina antsiak hartua zuen, haserre zebilen beti, ezertan bakerik aurkitu ezinda. Gainera,  bere semetzako nerabea ikusten zuen denbora guztian fast food digitala irensten: segundu gutxiko bideoak, mezuak, argazkiak, pornoa… Orduak eta orduak ematen zituen telefono pantailari begira, entregatuta, hipnotizatuta. Hurbil-hurbileko pertsona intelijente eta sentsible bat bere bizitzaren kontrola horrela galtzen ikusita, desintoxikazio digitala ezarri zion bere buruari, eta arian-arian arretaren gaian sakontzen joan zen. Dirua zeukan, eta denbora. Bi urte eman zituen arreta galera aztertzen mundu osoko berrehun adituri elkarrizketak eginez. Eta Stolen focus: Why You Can’t Pay Attention (Arreta lapurtua: zergatik ezin duzun arreta jarri) liburua argitaratu zuen 2022an. 

Elkarrizketa luzea irakurri nion. Kazetariak izenbururako hautatu esaldiak harrapatu zuen beharbada ene arreta: «Gure espeziearen superboterea galdu dugu, eta ez da sakelako telefonoaren erruz bakarrik». Han aletzen zituen bi urteko ikerketan ateratakoak. Eta oso aintzat hartzekoak iruditu zitzaizkidan. Asko laburbilduz, honezkero jakinekoa zaiguna nabarmentzen zuen: gure bizimodu frenetikoak arreta gaitasuna suntsitu eta birrindu egin duela. Eta esaten zuen teknologiak hori biderkatu egin duela, baina berez ez dela alderdi bakarra, beharbada ezta erabakiorrena ere. Hamabi faktore aipatzen zituen. Janaria, esate baterako, akaso okurrituko ez litzaigukeena, kalte itzela egiten ari zaiola gure arreta gaitasunari, zioen Johann Harik. Airearen kutsadura ere aitatzen zuen. Oraingo lan moduak eta lan ohiturak. 

Eta esaldi batekin borobiltzen zuen mezua: «Gure bizimodua da arazoaren muina. Bada zerbait errotik oker dagoena munduan egoteko gure moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE