Irati Zubia Landa.

'mz perra'

2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sabina Urraca idazleak gustuko du hiriko txakurrak, paseoaren ostean, kalea esploratzeari utzi eta trankil-trankil parkeko lurrean esertzen diren unea. Pisuetan bizi diren txakur urbanita horiek tarte batez beren askatasun antsia aseta sentituko balute bezala da. Hiritarron antzera. Tankera horretan gaude biok, txakurra eta ni, hiritarra bera ere. Petril batean eserita, urrezko zeru bati begira. Etxera joan beharko nuke, luzatzen ditudan minutuak direlako biharamuneko logura. Eta, batez ere, ez dudalako zutabea zertaz idatziko dudan ideia zipitzik ere. Berak ez du presarik. Idatziko nuke gustura zutaz, baina ez dakit.

Olaia Inziartek galdetu zuen ea zer den musikari bat «ez badie kantatzen xoko guziei, gauzik ebidenteenei». Kontu konplikatuei hamaika letra egin eta gero, bere txakurrari sekula kantatu ez ziola ohartu zenean idatzi zuen, emeki-emeki, Lagun kantua. Hori da lizentzia ederra eman ziona bere buruari.

Nik uste nuen idazleen animalia kanonikoa katua zela betitik, baina askok izan dute txakurra hizpide. Konpilazio eder bat Jorge de Cascanterena da, El gran libro de los perros liburuan, Blackie Books argitaletxean (izena Blackie txakurraren omenez datorkio). Sinadura handiak ageri dira bertan: Virginia Woolf, Cervantes, Mark Twain, Patricia Highsmith... Asko idatzi da txakurrez. Imajina dezaket, hala ere, Olaiak zergatik tardatu zuen horrenbeste. Wolfek Flush idatzi zuen, cocker spaniel baten ikuspuntutik. Bertan agertzen dira klasearekin, emakumeen zapalkuntzarekin edota askatasunarekin loturiko aferak. Alabaina, Wolf kezkatuta zegoen jasoko zuen harrerarekin. Serio hartuko ez zuten susmoa zuen.

Egia da txakur literaturari sarri dariola halako toke kurtsi ia saihetsezin bat. Eta ni horren alde. Ez al dago guapo zer eta txakurrak izatea idazle desberdinen letrei xamurtasun arrasto bat gehitzen dien elementua? Baita gordinenen kasuan ere. Sylvia Molloiyren Animalia-rekin oroitu naiz, idatzi zuen azkena, hilondoko liburua. Bizi artean bidelagun izan zituen animaliei buruzkoa da. Literatura queer argentinarrean aitzindarietako bat da Molloy, idatzi zuen kontu serioez. Testu horretan, ordea, badirudi patxadatik idazten duela, eroso. Ematen du ez zaiola ezer inporta, ez bada leiho batera igo den txoria edota siesta egiten duen txakur bat. De Cascantek, farmaziako prospektu batek nola, dio txakur batek bizia luzatzen duela, presio arteriala jaitsi eta, zorte apur batekin, gauzak horren serio ez hartzera eraman zaitzakeela.

Lagunei galdetu diet eta denek diote baietz, hori dela hori bakea eman dietena. Inoiz egingo dut zutabe honen bigarren parte bat, haiek esanak biltzeko. Singularrak baitira bizipen denak, harreman oro bezala. Errepikatu den zerbait konpainiarena izan da. Orainari loturiko konpainia bat, presentzia. Baita une gogorrenetan ere. Insomnio gauetan, dolu malkartsuetan, bakardadea kontrako eztarritik doanean. Are, diote txakurrak beraiek ere kontziente zirela horretaz. Katuen aldean tentel aurpegia dute akaso, baina espabilatuak dira oso. Literaturan ere ageri da hori. Hor Sara Mesaren Sieso, Sara Torresen Pan, Sabina Urracaren La Perra, Pilar Quintanaren Chirli eta, nola ez, Sigrid Nunezen Apollo. Txakur izenen antologia bat idaztea guay legoke. Behin Mola txakur izena aditu nuen, «asko molatzen zuelako».

Ni paseante amableago bat naiz txakurrarekin noanetik, itzultzen ditut bueltan egiten dizkidaten irribarreak. Bereziki señorei. Egin dudan ikerketa inondik inora serioan, ikusi dut estatistikoki eurak direla txakur gehien paseatzen dituztenak. Zaintzaz hitz egiteko ere ematen du honek. Eta kalearen okupazioaz. Ez dakit Reina, Mara, Lola edo Diablo gabe, Carmen, Lourdes eta María modu berean mugituko liratekeen hirian. Señorak dira txakurrari eta bioi piropoak botatzera hurbiltzen direnak ere. «Guapas», agian lehenbizikoz, ez zait biolentoa egin kale erdian.

De Cascantek dio zortea dugula txakurrek gu toleratzea erabaki dutelako. Hiriko txakurrek ez dute txakur bizimodu ideala gorpuzten. Hiria ere ez den bezala utopia baterako hautatuko nukeen paisaia. Eta, hala eta guztiz ere, baditugu une ederrak plaza grisetan. Poltsikotik permanentea atera eta mz perra idatzi dut petrilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.