Maddi Aiestaran

Noiz egongo gara hurrena?

2026ko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengoan, lagun on batekin batera egin nuen etxerako bidea. Aspaldiko esan genion elkarri, eta elkarrekin igo genuen kotxerainoko aldapatzarra. Bizpahiru aste ziren elkar ikusten ez genuela; halako harreman estuetan, behin dinamika jakinetara ohitutakoan, kosta egiten da dinamika berrietara ohitzen, distantzia eta abar tarteko. Pozik geunden hizketan aritzeko tarte hura hartu genuelako; ordu laurden izango zen oinez, eta hogei bat minutu, segidan, kotxez. Azken egunetako zerarik esanahitsuenak kontatu genizkion elkarri, igande arratsalde nekatuetako tonu eta pauso mantsoan. Eta kointzidentziak zer diren, biok ala biok erakutsi nahi izan genion elkarri azken egunetan egindako erosketarik bereziena: poltsikoko agenda bat. Barre egin genuen gogotik, ze kasualitatea.

«Konektatuta gaude», esan zidan berak. Eta ekin egin genion datozen asteburuetan egin nahi genituzkeen plan askotarikoak zerrendatzeari; plan onak plan hobe bihurtzen dira, oro har, azken orduan lagun on bat animatzen denean. 

Bilera baten ondoren, manifestaziora bidean, astearte iluntzeko potean, antzokiko atean, afalorduan, auzolanean, klase tartean, gau parteko deietan eta mezuetan… sarri-sarri ateratzen da: «Ze plan datorren astebururako?». Etengabe sumatzen dut neure burua datorren asteburura begira; datozen ez-dakit-zenbat asteburuetara, planetara, egun eta deialdi seinalatuetara begira. Eta horiek iristen direnerako, beste auskalo-zenbat astetarako aurrebista planifikatuta izaten du (neure buruak), eta plan batzuk iristerako beste batzuek hartzen diote gogoaren parte handi bat. 

Etengabe sumatzen dut neure burua datorren asteburura begira; datozen ez-dakit-zenbat asteburuetara, planetara, egun eta deialdi seinalatuetara begira

Sorgin gurpil bat da, buelta bakoitzean eragiten duena antsia biziagoa denbora azeleratzeko. Agobiatu egiten duena bat, eta lotu, agendara, nahiko estu. Herrian eta kuadrillan eta betiereko forma mugatua duten lagun taldeetan bizitzen geratu ez ginen hainbatek eta hainbatek gustu hartu diogu libre gauden aldiro hara eta hona ibiltzeari; direla parrandak, direla bazkariak, direla mobilizazioak, direla bertso saioak, direla kontzertuak, direla egitarau kuirrak. Eta nago, kotxeko deposituaren egarriarentzat ez ezik, gure patxada emozionalarentzat ere garesti ateratzen ari dela kontua.

Fomoaren kudeaketan oso abila ez denak aurretiaz utzi nahi izaten ditu hari denak lotuta, ahalik eta lasaien igaro dezan, esaterako, larunbat iluntzea. Uste dut buruan hori izan genuela, lagunak eta biok, poltsikoko agenda hura erosi genuenean: datozen planen inguruko elkarrizketa ateratzen denean, horrela, agenda esku-eskura izango dugu une oro, eta garaiz esku hartu ahal izango dugu kolapso kasuetan. Edo bueno, besterik gabe, aurrebista planifikazio horretan lagungarri izango da (eta gure bestelako adikzioak mugatzeko estrategien alde, mobila desblokeatu beharrik ez dugu izango). Ibilera azeleratuegirik ez du frenatuko seguruenik, baina planak antolatzeko, komentatzeko eta, nahi bada, dosifikatzeko aukera eman ahal izango digu.

Berez-berez, sorgin gurpilari eragiten jarraitzeko beste era bat baino ez da agendarena. Orain, dena delako tokian norbaitek dioenean: «Ze plan datorren astebururako?», zera berri bat izango dugu erakusteko eta luzitzeko, ez besterik.

Lehengoko hartan, behin bion mini-agendak aktualizatuta, lagunaren etxetik metro batzuetara gelditu nuen kotxea. Besarkada bat eman genion elkarri, gidari baten eta kopilotu baten artekoa. Ezer ahaztu ez izanaren konprobazio ariketa axalekoa egin zuen berak begiekin. Eta ateari zabalik eusten ziola esan zidan, maitagarriki, agur: «Orduan, noiz egongo gara hurrena?».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!