Borroka oro erosten dute neoliberalismoak eta kapitalismoak, euren aurkakoetatik hasita. Hor daude Emakunderen logo moreak, frankizia hipsterretako green produktuak, ostadarrak Inditexek patrozinatutako desfile jendetsuetan, protagonista beltzak Hollywooden, S eta O siglak PSOEn, body positive mezuak arropa-denda lodifoboen sare sozialetan, Palestinaren aldeko langileak CAFen edota euskara Zinemaldian. Horren gainetik, mugimendu politiko erradikalek, erradikal jardun nahi badute, bi zeregin dituzte: euren borrokak erosteko ahaleginean dabiltzan korronte, erakunde eta enpresak seinalatu eta konfrontatzea, batetik, eta euren mugimenduetan isilka integratu diren alderdi saboteatzaileok auto-identifikatu eta erauztea, bestetik.
Neoliberalismo dirdaitsu horrek saltzen digu, opari-paperean, libre direla hautu pertsonalak, libre dela depilatzea edo ez depilatzea, Coca Cola erostea edo ez erostea, euskaraz edo erdaraz bizitzea, gizonekin ligatzea edo ez, ez dagoela erantzukizun politiko kolektiborik ezertan. Jakin badakigu, ordea, hautu indibidual orok dauzkala ondorio kolektiboak. Honek ez du praktika eta sinesmen indibidualak zigortu eta erruduntzeko tresna izan behar, pentsamendu kolektiboa egituratu eta politikoki norabideratzekoa baizik. Denok daukagu horretan zer aztertua eta aldatua, eta geure mugimenduetako kide bezala egin beharreko lanak direla uste dut.
Neuk, inorengana jo gabe, aitortza bat egin behar dut: niri ere gustatzen zaizkit gizonak (ez naiz marikoiez ari) eta heterosexualitatearekin aliatzen naiz askotan. Oraindik eta oraingoz, espero dut. Hau, badaezpada diot, ez da konfesio kristau bat, ezta talde-terapia bateko aurkezpena edo barkamen-eske publiko bat ere. Hau subjektu eta talde politiko bezala ekiten eta eragiten hasi aurretik, bitartean eta ondoren egin beharreko ariketa zintzo bat da: kokatzea.
Sistema heteropatriarkalak gure gizarteko zapalkuntzetako asko gertarazten eta naturalizatzen dituen heinean, transfeministok haren aurka egitearen beharraz konturatuta gaude aspaldian. Zapalkuntza hauek, ordea, testuinguruaren arabera izaeraz aldatzen dira. Ez da gauza bera euskalduna izatea Biarritzen edo Zegaman, gaya izatea familia kristau batean edo EHko Bollotopaketetan. Zapalkuntzak ez dira sinbolikoak, materialak dira, eta gertatu egiten dira.
Horrexegatik da hain garrantzitsua identifikatzea noiz ari garen heterosexualitateari mesede egiten eta noiz ez. Horma botatzeko jakin egin behar dugu zein mailuk botako duen eta zeinek ez. Honetarako, funtsezkoak dira identitate eta praktika politikoak, zapalkuntzekiko nola lerrokatzen diren ulertuta. Aniztasunaren marko neoliberalean, logikoak dira harrotasun heteroa eta gizonen eguna aldarrikatzen dituzten ahotsak. Hori derrigor gainditu behar dugu egiturazko zapalkuntzen aurka gabiltzanok.
Zentzu horretan da ezinbestekoa ulertzea neskagoak garela, heterosexualitatearekin aliatuago gaudela, gizonak doan zaintzen ditugunean, haien atzetik gabiltzanean, ile luzea daukagunean, guapak eta argalak izan nahi dugunean, familia monogamo bat osatzeko gogoa sartzen zaigunean. Ezin dugu alde batera utzi, neska transak une oro izanagatik, amonak gehiago maite gaituela familia-bazkarira galtzak jantzita agertzen garenean gona jantzita agertzen garenean baino; bollerek ez duzuela inork gaizki begiratzeko beldurrik, etxean bikotea zain eduki arren, tabernan gizon hetero batekin muxukatzen ari zaretenean. Materiaz ari gara hemen, azpiratze espezifikoez. Materia bizirik dago, eta une oro berresanahitzen da.
Gizon-emakumeak eta normatibitatea, zoritxarrez, existitzen dira, eta ez dira amaituko denok gizon-emakume normalak izan gaitezkeela esanda, noiz ez garen identifikatu eta masiboki praktikan jarrita baizik. Horretarako, erru indibidualaz haragoko mekanismoak sortu eta martxan jarri behar ditugu, kolektiboki kokatzen eta eragiten lagunduko digutenak. Geu gara markoa ezarri behar dugunak.