Pauline Guelle.

Nola esplika?

2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrileko lehen astean gelan sartu eta bihotz taupadak azkartzen ari zaizkio. Ikasleak sekula baino zaintsuago dira. Itxoiten dute, aldaken gainean ipurdi mazelak ontsa kokaturik. Prest eta adi egoteko zain. Irakasleak erranen duenaren arabera erhia altxatu edo buruarekin adosteko.

Paula orain duela lau urte hasi zen Zuzenbide Publikoa irakasten unibertsitate ospetsu batean. Momentukoz, postu prekario arrunta. Hala ere, doktorego tesia bukatzeko aukera ezin hobea zuen irakasle postu hori. Ikerketa eta irakaskuntza: zer behar zen gehiago? Nahiz eta urte bateko kontratua izan, usaian baino soldata duinagoa eskuratzen zuen hilabetean. Irakatsitakoaren transmisioan eta ikasleekin trukean. Tesiaren urteak pasa zituen erdi ikertzen, erdi lanean, erdiko lanetan. Osorik nihon. Azkenean, bere tokian zen. Ez zuen alegiazko lan bat, alegiazko lan baldintzekin.

Goiz hartan beraz, bere konfort eremuan deseroso sentitzen hasi da. Gezurra litzateke erratea gelara lasai hurbildu dela. Aldi oro tripako mina eta izerdi kolpea jasaten baitu. Usaiako estres puntua. Burmuinak lotzen duena; ez angustiarena. Gaur ez du angustiarik sumatzen ere: beste zerbait da. Uzkurtasuna deitzen ahalko genioke agian. Bai, horixe, azterketa bat pasatu beharko balu bezala. Irakaslea ikasle eta ikasleak irakasle. Kasu horretan etsamina gainditzeko agindua argi da. Bere tokia jokoan da.

Metodologia perfektuki baliatu behar du. Paulak bere buruan dio: «Ez nahasi, hemen ez zira Nazioarteko Harremanen kurtso batean, zientzia politikoetan eskaintzen dena». Nazioarteko zuzenbide publikoaren haritik tiratu beharko du. Konstituzio zuzenbidetik ere bai. Nahikoa ez bada eta galderak baldin badira ziur lerratuko dela zientzia politikoetara. Hala baldin bada azpimarratuko du. Zilegitasun akademikoa badu arlo horretan aritzeko ere, baina kurtsoaren eremutik ateratzea ez da zuzendaritzatik oso ongi ikusia.

AEB Ameriketako Estatu Batuek beste herri bateko lehendakaria eta haren emaztea bahitu dituztela jakinarazi dute. Hain zuzen, Donald Trump AEBetako lehendakariak, Venezuelako lehendakari NicolĂ¡s Maduro eta Cilia Flores haren emaztea Caracasen atxilotu eta auzipetu ditu AEBetan. Trumpek «narkoterrorismoa» leporatzen dio Madurori, eta horretarako epaituko dute. Besteak beste, AEBek terroristatzat daukan Kolonbiako FARC gerrillarekiko loturak leporatzen dizkiete Maduro eta bere ingurukoei —Venezuelako Barne ministro Diosdado Cabellori eta Maduroren semeari—. Petrolioaren auzia erdigunean dagoelarik, Trumpek kokainaren trafikoa erakusten du.

Ikasleen begiak Paularen sudur erdira so dira. Zer erran? Venezuelako Konstituzio zuzenbidearen arabera, Maduro hautatzea legezkoa zen 2024ko hauteskundeetan. Berehala, mendebaldeko ordezkari politikoek zalantzan jarri zuten Maduroren hautaketa. Zuzenbide publikoaren ikuspuntutik Zuzenbideko estatu bat (bere) zuzenbidearen menpe dago. Nazio Batuen Erakundeen itunak ere ez du beste estatu baten esku hartzea baimentzen mehatxu eta bortizkeriaren bitartez (II. artikulua).

Nahiz Zuzenbidea sekula ez den zientzia zuzen bat izan, nazioarteko oinarrizko printzipioak zangopilatzen ikusten direlarik —estatuen independentzia eta subiranotasuna bezala— parekatzen ahal ote dugu halako egoera gizakion oinarrizko eskubideen aplikazioarekin? Paulak galdera horrekin utzi ditu ikasleak ondoko kurtsora arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.