Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Non dago Popo?

2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Oskaxeko lepoa igotzean, Donaixtitik, panel batean margoketa agertzen da. Ez, ez da «ETA» hizki larriz idatzitako aldarrikapena. Borroka armatuaren arrasto hori, hainbat herritan oraindik ikus daitekeena, hor, ez da ageri. Aldiz, bizikletendako seinale horretan «ELB» irakur daiteke. ELB: Euskal Laborarien Batasuna bezala, Ipar Euskal Herriko laborantza sindikatua. Oskaxe, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen arteko junta egiten duen lepoa, laborarien erakusleiho bilakatu nahi luke horrek.

Muskildi utzita, Oskaxetik jaustean, Donaixtirantz joatean, beste idazki bat: «Nun da Popo?». Iparretarrak erakunde armatuko kidea oroitarazteko pintaketa beltz baten bidez, Jean-Louis Larre Popo-ren desagertzea memoria kolektiboan finkatzeko saiakera dugu hau. ELB agertzen den panel berean da. Baina bestaldean. Bizikletazale anitzen begirada harrapatzen du, astero. Agian, usatuek, ez diote galderari gehiago kasurik egiten. Edo bai. Nork daki? Dena den, esaldiak euskaldunon arreta pizten du. Historia ezagutzen ez dutenek, beren buruari galdeginen diote nor ote den Popo hori? Zergatik xerkatzen den? Non desagertu zen? Noiz? Nola? Norekin? Beste batzuei gertatu zaie? Erantzunik gabeko galderak bilakatu dira batzuk; beste batzuk, aldiz, ohargarriak.

Ostiral honetan, Nafarroaren Egunaren kulturaldia kari, desagertu batzuen oroimena sustatuko dute. Alde batetik Bolante baten historia (2021) filma proiektatuz, 1980an Ziburun desagertu zen Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren kasua aipatuko da. Ondotik, Jean-Louis Larre Popo-ren desagerpenaren historia eta azterketa eginen dute. Iñaki Egaña Objetos perdidos (Txalaparta, 2021) liburuan saiatu zen desagerpen bortxatuen kasuak argian ezartzen. Hori, euskal gatazkari lotutako testuinguruan, 1956 eta 2010 urteen artean. Orrien artetik Batallón Vasco-Español, Guardia Civil, GAL, Gendarmerie, Policía Nacional, Triple A,Ertzaintza... holakoak agertzen zaizkigu, eta agerian ematen du egiteko manera bat. Militanteen desagerpen bortxatua, edo Estatuko indar armatuen bortizkeria ezkutatzeko trikimailu bat bezala baliatzen den tresna politiko bat. Jean-Louis Larreren kasuan, haren gorpua ezin izan da identifikatu, oraindik. Aurten, agorrilean, 50 urte eginen du. Landesetako kanpalekuan gertatu zenaren irudia baizik ez da geratzen. Tiroketa, zauritzea, eskapatzea eta desagertzea. Poliziak hil ote zuen? Frantses jendarmeriak torturaren teknika gutitan baliatzen du. Orduan, zein izan da estrategia, eta sustut, zer egin zuten Larreren gorpuarekin? Iparretarrak talde armatuko kideek egin zuten sasi inkestak ez zuen emaitzarik ekarri. Baina denbora pasatu da, DNA ikertzeko tresna berriak garatu dira. Horrek kideen eta familiaren esperantza pitz daiteke.

Hala ere, Jean-Louis Larreren ama, Mayie Larre, 2021ean zendu zen semaren gorpua identifikatu gabe zela. Eta inoiz jakin gabe Leongo kanpaleku hartan gertatu tiroketaren ondotik semearekin zer pasatu zen. Orduan, memoria kolektiboa gelditzen zaigu. Filipe Bidarten erranetan «Memoria guti da; biziki fite batetik bestera pasatzen gara. Horretarako, batzuetan sortu behar ditugu momentuak gelditzeko, oroitzeko gauza batzuez. Bestenaz, biziki fite eskapatzen dira. Eta ahanzten badugu, zer geldituko zaigu? Berriz ere itoak izateko arriskua» [Ipar Euskal Herriko Hitza, 2023ko apirilaren 7an]. Memoriaz gain, desagerpenaren gertaerak berak gaurkotasuna du. Frantses estatuaren eskuetan den tresna ezezagun baten adierazle balitz Jean-Louis Larreren kasua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.