Latinez nullus: bihi bat… ez parere: Emerditu. «Sekula erditu ez den emaztea», Larousse Hiztegian, edo, Robert Hiztegiaren arabera, «haurdun izan ez den eta erditu ez den emaztea». Ekibalenterik euskaraz xekatu eta abereetara jotzen dugu seko. Emazte antzua; guk deitzen ditugun ardi antxien antzera. Aparte ematen diren ardiak, antxiak. Oraintxe pentzean lasaiki alhatzen direnak: aurten marroak jokatu gabe direnak. Gehienak artaldetik lekutuak epe jakin batentzat artzainaren hautuz zaharregiak edo gazteegiak direlako beteak izateko. Batzuk, aldiz, fisiologikoki antzu, dehota, agor dira. Azken horiek ere udazkenean taldeari nahasten dira.
Hainbat arrazoik, berez, ardia antzu egiten dute. Hautuz edo nahi gabe. Probokatzailea litzateke emazteen kasuan gauza bera gertatzen dela erratea. Hala ere, sarean nullipare hitza joz atzemaiten den lehen erreferentzia hauxe dugu: «Medikalki» haurdun geratu ez den emazte bat. Arazo medikala bailitzan.
Mendebaldeak haur gutti ekoizten duen garai honetan, gure agintariak hasi dira kezkatzen fenomenoarekin; marjinala zen joera hori legio bilaka daitekeelako. Hala nola «berrarmatze demografikoa» beharrezkoa zela zion Frantziako estatuburuak, Emmanuel Macronek, 2024. urtean. Kezka hedatua dago, bereziki Europan eta AEBetan, kontinente asiatikoa lehen agertzen delarik natalitate prospektibetan.
Bizkitartean, nullipare fenomenoak badu azalpenik. Bereziki haurdun ez gertatzea hautuzko erabaki bat delarik. Norbere gorputzaren jabe izateko aldarrikapenaren logika berean doa. Egoistaren akusazioaz edo argudioaz haratago egin dezagun bide. Antzuak haurrak haz ditzake; hots, ez du erran nahi biologikoki beste gorputz batean hazi den haur bat ezin duela hezi. Ama antzuak ere badira. Bikote lesbianak, adopziotik pasa diren burasoak, kolektiboki haurrak hezten dituztenak, etab. Badira haien burua ama bezala ez dutenak ikusten, 30 urte ingururekin etorri beharko litzateken delako desio hura sentitzen ez duten emazteak. Berdin, hazkunde demografikoaren ondorioz ingurumena suntsitzen delako arrazoia edo haien ondokoentzat etorkizuneko mundurik ikusten ez dutenak. Haien genotipoa transmititu nahi ez dutenak. Militatzeko gaitasuna galtzeko beldurrez ernaltzen ez diren emakumeak ere badira, baita amaren rolean haien burua kateatuta ikusten dutenak ere. Badira, bestalde, egun osoan haurrak hezten eta hazten dituztenak, ofizioz, eta paper horri dedikatzearekin aski dutenak. Hautu inkontziente biologikoa bada ere bai: denborak bere lana egin dezake gure ordez. Hitzik eta justifikapenik gabeko ez-gertakaria.
Etsenplu horiek eman ondotik, arrazionalki uler daiteke zergatik hilabetean mila euro baino gehiago irabazten ez duen emazte batek haurrik ez duen nahi, baita bi mila eurotik gora kobratzen duen batek ere. Asma daiteke zergatik emazte batzuek ez duten bere gorputzaz bi parte egiteko asmorik. Zergatik ez duten ama izan nahi baina ttantta bai. Zergatik haurrak maita ditzaketen berek haurrik ukan gabe.
Kontratua bukatu zaio 32 urte dituen langile bati, eta giza baliabideetako arduradunak galdetu dio: «Familia bat baduzu?». Langileak: «Bai. Zer erran nahi duzu? Bikoterik dudan? Burasoak?». «Ezetz! Haurrik baduzun ala ez?», giza baliabideetakoak. «A, ez»… erantzun dio langileak. Azken horrek ez daki zein erantzun nahiko zukeen parekoak: haurrak jadanik ukan balitu arrazoi bat gehiago zitekeen bere kontratua berritzeko; gainera, ez zukeen ama oporrik hartzeko, eta gainera (kontzientzia zuri atxikitzeko) familia bat soldata horri esker biziko litzatekeen. Aldiz, haurrik ez badu oraindik, ez du erran nahi berantago ukanen ez dituenik, eta buruzagiak ama oporrak ordaindu beharko ez dizkionik. Nullipare opziorik ez.