Oihane Amantegi (L)

Oda erdi nekeari

2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lavorare stanca, horixe esaten zuen Cesare Pavese poeta italiarrak bere lehen poema liburuan; lan egiteak nekea eragiten duela, hain zuzen ere. Izen bereko poeman, kalean alderrai dabilen gizonari buruz kontatzen digu autoreak, egun osoko nekea gainean duela batera eta bestera ibili den gizonari buruz. Zenbatetan ez ote garen geu ere ilunabarrera guztiz jota ailegatu, lanegun osoan zehar handik hona eta hemendik hara ibili ondoren, ginkana amaigabea dirudien betebeharren egitean, zereginak konplitzen zerrenda batetik ezabatu beharko bagenitu bezala. 

Ez gara gu Paveseren garaietakoak, baina gaur egungo gizartearen erritmoak ere norbanako nekatuak eragiten omen ditu; beti baitago zer egin, nora joan, zeinekin geratu edo planen bat atondu beharra. Gutxitan izaten da ezertan bete gabeko tarterik. Eta hori horrela, burnout bezalako kontzeptuak —ingelesezkoak beti— asmatu behar izan dira gure gaitzei izenak jartzeko: euskaraz ahituta gaudela esaten dugu, guztiz jota, nekatuta erabat. Eutsi egiten diogu egunerokoaren erritmo frenetikoari, egunerokoaren erritmo frenetikoak tira egiten digulako eta geuretik eskatzen digulako, baina beti ailegatzen da momentu bat non nekeak gailen egiten duen. 

Gailen egiten du eta iristen da ekaina, eta lagun arteko elkarrizketetan geure kantsazioak ateratzen ditugu pasieran; ezin dugu gehiago, gainean gauza gehiegi daukagula iruditzen zaigu, asteak gainetik pasatzen zaizkigu. Eta elkarri nekeak partekatzen dizkiogu, konpartitze horrek arindu egingo balitu bezala. Mahai bueltan gaude hain justu, lagunok elkar ikusteko eta elkarrekin patxadaz egoteko egin behar izaten ditugun malabarismoen ondoren atondu dugun bazkalondoan, eta une batez bada ere, gelditu egiten da mundua nolabait. Topatu dugu oasi bat zaratarik eta betekizunik eta eskaririk eta araurik gabea, gertatu da mirakulua.

Zeren eta ados, geure akiduren kausek izenak eta abizenak badituzte ere, eta zutabeak eta zutabeak bete balitezke ere horien analisian, pentsa dezagun, hala ere, egunero aurki ditzakegula oasiak eta egunero esnatzen garela bizitzara, goizero dagoela berriro zerbaiti hasiera emateko aukera; Paveseren hitzetan bezala l´unica gioia al mondo è cominciare, hastea dela munduko poztasun bakarra. È bello vivere perché vivere è cominciare, sempre, ad ogni istante: ederra da bizitzea, bizitzea hastea delako, beti, aldioro. Akidurak eta penak eta zailtasunak eragiten dizkiguten gauza berberek poza, indarra eta kemena ere ematen dizkigutelako; eta mundu bizigarri batean bizi garela, baldin eta oraindik gauza ederren bihotzean bizi bagara eta geure ikasleen gozamenaz eta ikasketaz disfruta badezakegu, zutabeotan ehunka lagunengana iristen diren berbak idatz baditzakegu edo geure seme-alabek geuretzat kozinatzen dituzten irudizko makarroiak jan baditzakegu.

Eser gaitezen, bada, hemen eta orain, irudizko makarroiak jatera. Har dezagun arnasa zurrunbiloaren erdi-erdian ere; eta aldarrika dezagun, betebehar derrigorrezkoek eragiten diguten akidurarekin batera, akidura horien erdian topatzen ditugun urrezko momentuen balio infinitua. Has gaitezen egunero eta une oro etengabe, eta etengabeko hasiera guzti horietan har dezagun ezer ez egitearen ardura ere; egin eta kunplitu dugun tamainan, has gaitezen ez egiten ere, ez egitea dena egitea delako —galdetu bestela taoistei edo egundo bukatzen ez diren udak dolce far niente premisapean asmatu zituzten italiarrei—. Gal dezagun denbora alperrik, egin dezagun dantza, erre ditzagun trapu zaharrak San Joan sutan, jan ditzagun mantekauak, joan gaitezen oilasko-erretegira, har dezagun sasoiko lehen bainua; eta har dezagun atseden ere, jota bukatu dugun ekain honetan oda erdi baino ezin izan diogu idatzi-eta nekeari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.