Ohea egin. Hori da bera bezala alargun direnei Vinnie Jones futbolari ohi eta aktoreak esaten diena. Ez da depresioan ez erortzeko ohea egitearen garrantzia aipatzen duen lehenengoa. Autolaguntza manualetan sarritan agertzen dira maindire eta edredoiak tinkotu eta burukoaren azpian pijama uztearen prozeduraren abantailak. Gerraoste eta ez hain gerraosteko etxeetan diziplinaren erakusle zirenak, gaur egun norbere buruaren abandonuaren aurkako erritual bilakatuta. Ez da metodikoa izateagatik ohea egiten, bizirauteagatik baizik. Egindako ohe batek berriz hasteko aukera ematen duela esaten du Vinnie Jonesek. Hori irakurri nuenean gutako askok ohea erdizka egiten dugula pentsatu nuen. Nordikoari tira egin eta ohea bere horretan uzten dugula. Azpian ezkutatu ditugun maindireak nahastuta jarraitzen dutela jakinik ateratzen garela gelatik. Berriz hasteko gai izango gara agian, baina ez hainbeste. Ez erabat. Azaletik bakarrik akaso.
Ohea izango da beharbada, komunarekin batera (eta gehitu dezagun hozkailua ere, zergatik ez), etxearekin dugun harreman intimoenetako bat. Beste norbaitekin partekatzen denean ere ez delako berdin partekatzen. Oheak ez duelako berdin tratatzen. Gogorregia suertatzen da batentzat, besteak alderantziz, eskertuko luke sendotasun apur bat gehiago. Lo hartu baino lehen, pentsamenduetan sartzen da ohea. Biharamunean burutik pasatzen den lehenengo gauza da, edozein maitaleren aurretik.
Ohe bakarra aurkitu daiteke bikoteen logela gehienetan. Nola egiten duten jakin nahiko nuke. Altxatzen den azkenak hartu behar izaten al du Vinnie Jonesi kasu egin eta depresioan ez erortzeko erantzukizun hori? Txandakatu egiten den zerbait da? Bakoitzak bere aldea egiten du? Zer gertatzen da inork egiten ez badu? Eta biek ohea egiteko beharra baldin badute?
Virginia Woolf-en 'Gela bat norberarena'Â aldarriaren hitzaurrea izan zitekeela iruditzen zait ohe bat norberarena
Oheak bikotea apurtu baino lehen neurriak hartu dituztenak ezagutu ditut. Bi ohe itsatsirik edukitzea erabaki dutenak, adibidez. Haien arteko zirrikitua arroila bat da baina ondo dago horrela. Gaueroko urraketa harremana higatzen ari zen. Airea konpartitu daiteke, argi kantitatea orekatu bien gusturako baina gorputzaren beroa, espaziorik gabe uzten zaituen gertutasuna, hori ez. Hori gehiegi izaten da batzuetan. Egunerokoan mugak marraztea beharrezkoa egiten da, entente cordiale bat eraiki, kanalaren alde batean eta bestearen artean, ez dezan batek mantaren hegemonia izan, ez diezaion besteak ostiko somnanbulu batekin eraso egin.
Gela desberdinetan banatzea da hurrengo pausoa. Zurrungak tarteko sofarako behin-behineko erbesteratzeen ostean, eta behin seme-alabek etxetik alde egin dutenean (martxa honetan, auskalo noiz), maitea, hitz egin behar dugu batekin hasten den elkarrizketa horrek armairu husteak eta intimitate berriak dakartza, norberak berea eta beste inorena ez den ohearekin eraikitzen dituenak.
Virginia Woolf-en Gela bat norberarena aldarriaren hitzaurrea izan zitekeela iruditzen zait ohe bat norberarena.
Haurtzaroan izan nuen bizilagunak ohetik ez altxatzea erabaki zuen egun batean eta bertan igaro zituen bere azkeneko urteak, aldatu bai baina, Vinnie Jonesen gomendioei muzin eginez, egiten ez zen ohe batean. Adineko emakume honentzat ez zegoen berriz hasteko ezer, gehiago zegoen amaitzeko egia esan, baina hasierarik ez bukaerarik ez zuen continuum bat bilakatu zitzaion egunerokoa. Asperduraren eta tiraniaren artean mugitzen zen, jasan ezin zituen senideak bisitan joaten zitzaizkionean lotan zegoen itxura egin eta bestela korridoretik igarotzen zen orori aginduak emanaz. Ohea tronu eta kartzela zitzaion. Oheak boteretsu egin gaitzakeelako eta aldi berean, oso menpeko.
Oso gu.