Irati Zubia Landa.

Oihu bat Minneapolisetik

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tenperatura minimoek 20 gradu zero azpiko langa pasatu dute Minneapolisen, duela bost bat urte George Floyden azken ahuenak aditu ziren hirian. «I can’t breath» (ezin dut arnastu), Derek Chauvin agenteak belauna lepoan jarrita ito aurretik.

Urtea hasi denetik beste bi erailketek hartu dituzte titularrak. Renne Good eta Alex Pettri hil dituzte Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrek (ICE). Berehalakoan jo dituzte terrorista domestikotzat Trumpek eta haren administrazioaren babesle diren hedabide eta bozeramaileek. Baita agenteek norbere defentsan jardun zutela eta, besterik gabe, zegokien jarduna egiten ari zirela esan ere. Lekukoek ateratako bideoek aise gezurtatu dute errelatoa. Orwellen neolengoaiak halako zerbait behar zuen izan —bide batez, eta sobran ez dagoenez, gogora dezagun Mozal Legearen erreforma hipotetikoak bere horretan eta zirkinik mugitu gabe dirauela gurean—.

Ez dira izan ICEko agenteen bizkar dauden heriotza bakarrak. Luis Gustavo Núñez, Geraldo Lunas, Víctor Manuel Díaz, Parady La, Luis Beltrán Yañez-Cruz, Heber Sánchez Domínguez. Urteari hasiera eman genionetik zortzi izan dira ICEren eskuetan hildakoak, The Guardian-ek emandako datuen arabera. Lotsa ematen dit artikulu honen karaktereak direla medio izenen zerrenda ez luzatzeak. 32 izan baitziren, gutxienez, 2025ean hil zirenak. Azkena, abenduaren 31n, Keith Porter Jr., bere etxe parean tirokatua. Lotsari sinesgogortasuna batu zaio, urtarrilaren lehen larunbaterako erailketa hori ahaztuta nuela konturatu naizenean. Sherrie Fernánez William artista eta aktibistari aditu diot flood the zone (eremua urez gainezkatu) terminoa, Minneapoliseko azken egunez galdetu diotenean: «Informazio eremua aldi berean milaka konturekin saturatzean datza, hainbeste non ez dakizun zeri eutsi. Kaos intentzionatuaren eta giza izaera kaotiko eta dementzialaren artean, estrategiak funtzionatzen du. Duela aste batzuk Maduro bahitu zuten, orain Groenlandiaz ari gara. Bihar beste zerbait izango da». Hotzikara eragiten du gaurko munduak, ezpada ez dugula egundo horretarako ere sentsibilitatea galdu.

Aitortuko dizut, irakurle, erreparoz hasi dudala zutabea. Nago ezin dudala eskaini erantzun handirik. Dakidana da oihu bat entzun dela Minneapolisetik eta, enegarrenez, hemen denak antzeko segitzen duela. P. Rocher erreskatatu dezakegu, argi apur baten bila: Poliziak ordena bermatzen duela esan ohi da; baina ordenak, ordena kapitalista esan nahi du, iraunarazteko berezko dituen desberdinkeria eta errepresioekin. Ordena zuria ere bai, hori aipatzea gehiagotan ahazten bazaigu ere. Jendea pobretu, zapaldu, beren lurraldetatik bota eta ondotik, delinkuente gisa trazatu. Delinkuente ez da kategoria juridiko bat; jazarri nahi den horren profila seinalatzeko erabiltzen da, eragindako min soziala gutxitzeko baino, hori modu selektiboan kudeatzeko. Munduko beste txokoetan ere, ez dirudi posible denik arrazakeria bereiztea Poliziaren funtzio eta genesitik. Baina, AEBetako historiari behako bat botata, ebidente egiten da Euskal Herritik agian gehiago onartzea kostatzen zaiguna.

Hainbat adituren arabera, ICEren moldeen jatorriak zerikusi estua du XVIII. eta XIX. mendeko esklabo patruilekin. Gizon zuriek osatutako patruilak ziren, etxeak miatu, iheslariak atzeman eta bilkurak disolbatzen zituzten. Finean, produkzio modu esklabista bermatzeko funtzioa zuten. Kathereyn Russel-Brown irakaslearen arabera, horiexek osatu zuten lehen bigilantzia polizial estatubatuarra. Historia inperialistan jauzika joan daiteke bat eta ikusi, nola puztu, hedatu eta sofistikatu diren.

2002an sortu zen ICE, I-11ren testuinguruan, besteak beste, terrorismoa atzemateko aitzakiapean. Gaur-gaurkoz, finantzaketa altuena duen agentzietako bat bilakatu da AEBetan, 84.000 milioiko aurrekontua eta 20.000tik gorako agenteekin. Korporazioen babesa ere badu, noski: Deltak deportazio azeleratuetan kolaboratzen du; Enterprisek ibilgailuak alokatzen dizkie, Hiltonek ostatu eman. Palantir Technologies enpresaren puntako teknologia ere badu eskura, informazio eta datuak modu masiboan bildu, zelatatu eta profil susmagarriak trazatzeko. Gerra eta zelata teknologia da, Israelek Gazan darabilkien berbera.

Trumpek ez du dispositibo hau asmatu: horixe azeleratu, finantzatu eta, are, espektakularizatu egiten du. Eta badirudi hori begi bistatik galtzeak gu ere dugun ardura inhibitzera eraman gaitzakeela. Segurtasunaren diskurtsoak justifikatu du han, beste behin ere, testigu garen basakeria. Ez da hemen, Atlantikoz bestaldean eta scroll egin bitartean, gure kaleetan darabilkigun logikaz oso desberdina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA