Fluktuazioa da. Prezioen fluktuazioa. Eta bolatilitatea. Merkatuen bolatilitatea. Nahasten dituzu 200 gramo fluktuazio eta 200 gramo bolatilitate, eransten dizkiozu Trump eta Netanyahu esentzia tanta batzuk eta hortxe daukazu pastela latza! Edo beste angelu batetik esanda: 30 euro gehiago autoari edaten ematea, eta pixkanaka horrek beste guztiarengan izango duen eragina: garraioa, garraiatutako merkantziak, zerbitzuak… Soldatak ez beste denak, Arestik esaten zuen moduan: Gora ta gora beti!!
Mundua hankaz gora jarri Âdu (batzuk hankazgorago beste batzuk baino, hori ere hala da: bonbetatik 4.600 kilometrora gaude gu, 10.000ra estatubatuarrak), suntsiketa, nahaspila ekonomikoa, hildako eta zaurituak hainbat estatutan, eta dibertitzen ari dela esatera iritsi da Trump jauna. Naturaltasun osoz. Areago, halakoak pentsatu ere ezin litezkeela egin jabetu gabe. Espektatiba txarrenak gainditu ditu, aise, XXI. mendeko Neron eta Kaligularen arteko mutazio honek (errelatoek erakutsi dizkiguten Neron eta Kaligulaz ari naiz, batek daki benetan nolakoak izan ziren). Gizon laranjaren pailazokeriak izutzen nau ni gehien, baldreskeriaren gurtzak, hainbeste lagun eta are herriren bizitza eta bizimodua pendejo honen apeten mende egoteak.
Atzean hau dena egitera bultzatu eta baimentzen diotenak egonen direla uste dutenen alderdikoa izan naiz beti, ez dela hau ero baten kontua; baina birigarro honekin zalantzak sortzen ari zaizkit. AEBek 200 urte daramatzate estatuak bonbardatzen, inbaditzen, ustiatzen, lapurtzen. Hori hala da. Eta osagai ekonomikoa, bere burua aberastearena, ekuazioaren parte da. Nolanahi den, halakorik ez dugu ezagutu, hori ere hala da.
Ez da gauza bera gertatzen, ene ustez, Netanyahurekin. Hau ere galgarik gabe ari da, baina honek egitura oso bat du babes eta oinarri. Biak dira sistema, noski, baina hura aparteko puntua da historiaren ahapaldi tragiko honetan; eta hau egitura bateko buru. Eta sentitzen dut gerraren aurka eta genozidioaren aurka dauden eta seguru protesta egiten duten israeldarrengatik, baina euren estatua, Israel, une honetan munduan bakeak duen arriskurik handiena da. Konparaziorik batere gabe.
Gerrak milioika lagun ihesean dauzkan egunotan, gure desplazamenduak lasterketa marabilloso batean gertatzen ari dira, furgoneta baten atzetik kantari
Urruti ikusten dugu, baina ez da hain aspaldikoa Israelgo estatua ispilu bat non begiratu izan zena euskaldun batzuentzat: hizkuntzaren berreskurapena, kibbutzetako esperientzia kooperatibo eta sozialista… Lekutan daude!! Gu ere bai, jakina, oso bestelako egoeran gaude duela 50 urterekin alderatuta. Sozialismoaren alorrean ez dugu askorik aitzinatu —ea indartsu diruditen komunista gazteek zer dakarten—, baina euskalduntzean, helduen euskalduntze eta alfabetatzean, arras aldatu dira gauzak.
Jauzia handia izan da eta aurrerantz egindakoa, ene uste harroan, eta egunotan gure herria zeharkatzen ari den Korrika zoragarria horren lekuko.
Gaur denak -ika, -ika, -ika, baina bestela konfortaren kolesterolak odola erabat lodituta daukan jendartea da gurea, post-garaira aje eta neke handiz egokitzen ari dena; eta beraz gabiltzan erne. Baliabideak asko hobetu ditugu, azpiegiturak ere bai, baina erakundetze prozesu honetan espiritua lurrundu egin zaigu. Nola berreskuratzen den ez dakit nik (formula inork ez daukala garbi ageri da alde batetik zein bestetik egiten diren proposamenetan), baina halako zerbait behar dugu. Espiritua eta, bistan da, estatu-egiturak.
Somatizatu xamar gaude, bai, baina, aizue, armak alde batetik bestera dabiltzan egunotan, gerrak milioika lagun ihesean dauzkan egunotan, gure desplazamenduak lasterketa marabilloso batean gertatzen ari dira, furgoneta baten atzetik kantari; eta desegin duten azken trafikatzaile-taldea angulekin ari zen kontrabandoan.
Okerragoa izan zitekeen.