Ana Malagon.

Olagarroak

2025eko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aitak ez zidan animaliengatik zuen interesa utzi bere testamentuan. Komeniko litzaidakeen arren, ez dut maskotarik gaur egun nire balkoian habia jartzen duten usoetatik harago, eta izan ditudan arrainek eta dortokek gizarte zerbitzuei deitzeko gogoa izango lukete oraindik bizi balira. Baina hilik daude. Zegokiena baino lehenago utzi zuten mundu hau, tamalez. Animaliengatik izan dudan maitasuna nahiko platonikoa eta teorikoa izan da beti, ez bereziki erreala, ezta bereziki sutsua ere. Gustuko ditudan animaliak, koalak edo hipopotamoak adibidez, estetikoki maitagarriak iruditzen zaizkit baina izaera zakarrekoak dira. Letalak ez esatearren. Beraz, begirunezko distantzia batean bizi gara animaliak eta ni, eta, gizakiekin gertatzen zaidan bezala, beharbada horretan datza gure harmonia. Begirunezko distantzian. Ez naiz txakur edo katu bat gerturatuz gero berehala laztan eta besarkadatan galtzen den horietakoa. Eta ez diet haur txikiei hitz egiten zaien bezala hitz egiten. Haur txikiei ere ez diet haur txikiei hitz egiten zaien bezala hitz egiten, egia esan. Ez dakit nola egiten den hori. Nola egiten da hori?

Aitak ez zidan animaliengatik zuen interesa utzi bere testamentuan baina azkenaldian gero eta gehiago interesatu zaidan animalia bat baldin badago, hori olagarroa da. Eta ez jateko (jateko ere bai, baina horrek ez dauka garrantzirik zutabe honetan). Koalen eta hipopotamoen izaera desatsegina bada, olagarroarena tragikoa iruditzen zait. XIX. mendeko ilustrazio beldurgarrienen protagonista, txipiroiarekin batera, eskandinaviar mitologian agertzen den krakenaren inspirazio. Zera idazten zuen Victor Hugok-k Les Travailleurs de la Mer nobelan: «Ideal guztiak onartuta, izua objektua bada, maisulan bat da olagarroa». Beste animaliek dituzten armak zerrendatzen ditu, guztiak faltan ditu olagarroak, eta hala ere, olagarroa da Victor Hugorentzat ondoen armatuta dagoen animalia. Hedapen beldurgarriena duena. «Bere ezaugarri terribleena leuntasuna da», zioen Hugok. «Hipokrita da olagarroa. Norbaitek kasurik egiten ez dionean, bat-batean zabaltzen da». Momentu batzuetan zalantza izan dut ez ote den gizonei buruz ari.

Pierre Denys de Monfort olagarro erraldoiekin obsesionatu samar zebilen XVIII-XIX. mendeetako naturalista frantziarraren arabera, gorrotatzeko gai da olagarroa. Baita bere espeziekoak ere, duela urte gutxi atera zen ikerketa baten arabera. Agresibitateak kolorea iluntzen die eta algak, maskorrak edo aurkitzen duten beste edozer botatzen diote elkarri. Elkarri gauzak jaurtikitzea ez da animaliek normalean egin ohi duten zerbait eta gainera amorru eta indar handia behar da ur azpian hori lortzeko. Larrua jo ostean egiten omen dute, maizago emeek. Hipotesiak dio espazio pertsonala berreskuratzeko ahalegin bat dela. Kasu batzuetan, gerturatzen zaizkien arrekiko autodefentsa. Gizakion iruditerian bezala, sexua eta heriotza oso loturik daude olagarroen munduan ere. Ez da arraroa olagarro emeak arra hiltzea. Eta jatea. Larrua jo eta bi hilabetera hiltzen dira arrak bestela ere. Eta amatasunaren sakrifizioaren muturreko eredu bat jarraitzen duten emeak, daukaten guztia arrautzei emanaz, argaldu, itzali eta hil egiten dira. Heriotza sententzia bat da sexua, ihes egiteko dituzten teknika sofistikatuekin ere, saihetsi ezin duten patua. Eta tragedia horrek olagarro umezurtzez betetzen du itsasoa.

Donostiako Aquariumean izan nintzen duela urte gutxi batzuk. Marrazoek eta Disneyko produkzio batetik aterata diruditen koloreetako arrainek sortzen duten lilura nabaria zen han zeuden haurren artean, baina ni beste kristal bati begira gelditu nintzen. Hor zegoen, bere antisozialtasun osoan, olagarro bat. Bakarrik. Bizirik. Victor Hugok zien beldurra baino gehiago, beste zeozer sentiarazi zidan. Eta oraindik ez dakit zer den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.