Gaur zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak. Berriro ere beteko zaigu Euskal Herria sormenez, eta, lau egunez, behintzat, kulturaz blai gaudelako sentsazioa emango digu. Izatez, ez da makala Euskal Herrian euskaraz ekoizten den lanen kopurua; ez dakit aurten zenbat disko eta liburu berri aurkeztuko diren —nonbait topatuko duzue zenbaketa zehatza; ez hemen—, baina badakit asko direla. Asko, agian gehiegi ere, garen hiztun kopururako. Eta hala ere… nik, behintzat, jarraitzen dut pentsatzen urtean zehar kultura behar bezala, edo behar bezainbeste, ez dugula kontsumitzen.
Bai, egia da diskurtsoa aldatzen joan garela. Pandemia garaian «ez dago euskal kultur eskaintza nahikoa» genioen; kontzertuak eta jaialdiak antolatu behar zirela, irakurketa sustatu behar zela, antzerki konpainiei diru laguntzak eman behar zitzaizkiela emanaldirik egin ezin zuten garai hartan, behintzat, sormen lana kobratu ahal izan zezaten. Urte pare bat igarota, ordea, pandemia ostean areto eta jaialdietan amaigabea zirudien inbutu hark programatzaile asko «piszina honetan arrain gehiegi» ginela pentsatzera eraman zituen; zeuden euskarriekin ezinezkoa zela Euskal Herrian zegoen eskaintza guztiari aurre egitea. Eta ongi baino hobeto iritsi zitzaigun mezua, bai: egia da askok sobera egoteko sentsazioa izan genuela tarteka. Gutariko asko kontzertu bira txiki eta ertainak aurrera atera ahal izan gabe gelditu ginen, eta jada pandemia ez zen arazoa: programatuko gintuen lekurik ez topatzearena baizik, den-dena ia urtebete lehenagotik beteta zegoelako.
Egun, egoerak antzera jarraitzen duela esango nuke, baina irakurketa bestelakoa da: makroekitaldiak dira, gehienbat, artista txiki eta ertainek euren lana erakutsi ezin izanaren erantzule. Jendea urtean behin ospatzen diren kontzertu erraldoi horietara soilik joaten omen da; gainontzean, nahiago omen du poteoa eta futbola. Handia handiago eta txikia txikiago bihurtzen duen sistema batean harrapatuta gaude, tunel honen amaiera noiz iritsiko zain —txikiok, noski; ausartuko nintzateke esatera handi gehienak ez leudekeela tunela luzatzearekin oso desados—. Durangokoa bezalako espazioek, ordea, egoera demokratizatzeko joera dute: denok dugu gure atentzio partzela, dela posturen batean, dela Ahotseneako kontzertuen ordu erdi horretan. Bisitariari dagokio, eskaintza osoa baldintza berdinetan aurkezten zaion katalogo zabal horretatik, nora jo erabakitzea. Gezur baten isla al da azoka, ala errealitate gordinaren lagin txiki bat?
Oro har, ni saiatzen naiz pentsatzen kultur eskaintza batek ezin duela inoiz gehiegizkoa izan. Euskal Herrian 500.000ra iristen ez garen euskal hiztunontzako eskaintza zabala —zabalegia— egotea, hain zuzen, kultura horren egoera osasuntsuaren seinale dela. Eskaintza hori, gainera, askotarikoa da; bai estiloetan, baita irisgarritasunean ere —esango nuke kultura baten osasuna eskaintza ez mainstream zabala izatean datzala hein handi batean—. Baina gauza bat da sormena, eta bestea, sormen hori erakustea. Eta azken urteotan, ostera birarik egitea lortu ez duten talde askoren estreinaldiko kontzertuetan izan naiz. Eskaintza ausartak, interesgarriak; euskaraz hori ere badugula pentsatzeak harrotasunez betetzen nautenak. Eta ezerezean gelditzen dira; kontzertu pare bat, eta adio. Gure industriak ez du proiektu horien jarraitutasuna bermatzeko adina indarrik. Edo interesik?
Noraezean jarrai nezake hitzak bata bestearen atzetik jartzen; kontua da ez dudala inoiz ulertuko zergatia. Soilik diot, mainstream-aren mugak gainditzen ez dituzten proposamenek irauteko aukerarik ez duten kultura batean bizi bagara, asimilazioa ez dagoela urrun.