Bi kanta etorri zaizkit gogora zutabe hau idazten hasi aurretik: bat, haurtzarokoa; bestea, zoritxarrez, Euskararen Nazioarteko Egunean soilik 24 ordu irauten duen militantzia efimero horrek gogo biziz jarrarazi dezakeena. Lehenengoa, askok pailazoengandik jaso genuen abesti herrikoi hori da: sagarra, ikatza, andrea eta gizona gaztelaniaz nola zen esaten zuen hura. Bada, jakin, pastela ingelesez, cake dela. Baina ez nator horretaz hitz egitera. Bigarrena, 2003an sortu zen Zaharregia, txikiegia agian proiektua eta kanta da. Baina ez nator Kirmen Uriberi edo Mikel Urdangarini buruz hitz egitera. Hala ere, bi kantek bat nola egiten duten erakutsi nahiko nizuke.
Abestiekin hasi garenez, has dezagun kontakizuna beste kanta batekin: Urdangarinek dioen bezala, «badira hiru aste kontua bolo-bolo zabaldu» zela. Ez zen herriko kontua izan, Vocento taldeak ireki baitzuen beldurraren, urduritasunaren eta zaurgarritasunaren ataka. Filmetan bezala izan zen: epaitegian lan egiten duen norbaitek kazetari argi eta zintzo bati kontatu zion Andoainen bizi omen dela bost emakume bortxatu eta hiltzeagatik 25 urtez preso egon den gizonezkoa. Zabaldu zuen albistea Vocentok eta harri bat ur lasaietara botatzean bezala, sortzen diren uhinak eta ondorioak handituz eta hedatuz joan dira. Aztoratu zen herria eta desagertu ziren emakume zein neskatoak kaleetatik ilundu bezain pronto; anabasa egin zen herriaren jaun eta jabe.
Lege aldetik zaila da neurriak hartzea, kalean aske bizitzeko eskubidea duelako gizaseme honek. Kanporatuko genuke herriko bizilagunen gehiengoak, baina ezinezkoa da, eta, gainera, betiko arazoarekin egingo genuke topo: ostikoa eman eta ehun kilometrora bidaliko bagenu, ederki lasaituko ginateke, ehun kilometrora bizi diren emakumeen kalterako.
Komunikabidez bete zaigu Andoain aspaldiko partez, eta aspaldi bezala, kontu gozorik ez da gurean. Eguneroko bazka izaten ari da albistea: gero eta handiagoa, gero eta alarma zantzu larriagoekin. Egia da, sekulako putakeria da urakanaren erdian emakume izatea eta beste behin gidoia errepikatzen dela ikustea: niriezdithalakorikegingo mantrarekin jaio eta hazi ziren horiek lasaitasunetik esaten digute neurriak hartzeko eta kontuz ibiltzeko. Niizannaitekehurrengoa taldekideon patua da.
Zabaldu da herrian non bizi litekeen eta, noski, gizalegez jokatu beharrean jolasean dabiltzanek jarri dizkiote gutxienez lau bizitoki; esan dute herriko pasealekuetan dabilela. Dena, zure lasaitasuna okerrera joan dadin. Uriberen eta Urdangarinen kantak zionari jarraituz, Andoain izan daiteke aldapatsuegia, itsusiegia agian. Baina euskararekin gertatzen zen bezala, azken batean nire herria eta bizitokia da eta baita beste zazpi bat mila emakumerena.
Kanta baten zergatia argitu dudan bezala, bigarrenak nire garuna zergatik astindu duen ere esango dizut. Halako egoera desatseginean, kaka usaina nabaritzen duten horietako bat agertu zen urakana zertan den ikustera. Cake Minuesa (ustezko) kazetari espainiarrak andoaindarron beldurra zalantzan jarri zuen: nahastu zituen duela 25 urteko kontuak, ETAren garaia eta oraingoa. Ez omen gara batzuen beldur eta izua zabaltzen omen zaigu beste batekin; eta halako desoreka ulergaitza zaio gure mutilari. Badaezpada ezkutuan grabatzen ari zen kamerari batekin etorri zen, agian zerbait egingo zioten beldur izango zelako edo ironiaren mugetan jolasean arituz, emakumeak bortxatu eta hil zituenarekin topo egingo zuelako izu. Pastelari ginga jarri nahi zion eta hortxe sortu zuen pastela, cake ingelesez. Izenean pastela daramanetik ezin ezer onik atera, kaska-melon.
Etorri da izua gure artean bizitzera eta ohituko gara horretara ere beste behin, alde egiten duen arte. Edo auskalo.