Maddi Aiestaran

'Perfo' propioa

2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldi iragarleen hitzartzeetan, beti egoten da parte bat ulertzeko konplikatua iruditzen zaidana. Horregatik, asko estimatu izan dut telebistan iragarlearen atzeko pantailan jartzen diren irudiek egiten duten aportazioa: Euskal Herriko mapa lainoaren, eguzkiaren, euriaren edo elurraren ikur txikiekin betetzea; hurrengo mapan zehaztea zein izango den Kanbon biharko tenperatura maximoa eta zein Bastidan minimoa; penintsularen inguruko urek egingo duten mugimendua marra eta kolore desberdinekin definitzea; gif batean bezala ematea esplikazioa, airearen tenperatura beroagoa —moreagoa— nola etorriko den iparraldetik eta nola joango den ekialdera, eta noiz gertatuko den zer; grafiko bidez adieraztea elur-mailak nola egingo duen behera eta gero gora, «gaur», «bihar» eta «igandean». Eta irudiez gainera, asko estimatu izan dut eguraldi iragarleen euren esplikazioa, besoekin nola laguntzen dieten irudiei, nola seinalatzen duten seinalatu behar dutena, nola aldatzen duten diapositibaz eta pantailara ze gutxi begiratu behar izaten duten esplikazioa argi eta xehe eskaintzeko. Ze, bai, denbora luzez sinetsi izan dut nik ere benetan dagoela pantailan info hori guztia.

Flipatuta gelditu nintzen pantaila berde hori ikusi nuen lehenengo aldian. Geroago ezagutu nuen dena delako zera berde horren erabilera hedatuagoa, baina lehen aldi hartan, telebistan lan egiten zuen ez-dakit-zeinek esplikatu zigunean gauza hura zer zen eta nola lan egiten zuten harekin, harri eginda gelditu nintzen, sinetsi ezinda. Lagunartean, urte luzez deitu izan diogu horri «telebistako eguraldi iragarleen tranpa».

Ja beranduago, ez didanean hainbeste afektatzen telebistako ezein tranpak, horrelako pantaila berde baten aurrean suertatu berri naizenean gaur, otu zait bastante tranpa errepikatua ez ote den telebistako eguraldi iragarleena. Ez ote dugun gutako bakoitzak horrelakoxe zera bat agertzen dena delako tokian geure burua azaltzen dugun bakoitzean. Ez ote daukagun bakoitzak geure perfo propioa jendaurrera ateratzeko prest, zeru zati bakoitzaren azpian izango den giroaren arabera desberdina.

Nahi duguna nahi dugun bezala erakusteko egiten dugun teatrotxoari deitzen diot perfo propio. Eguraldi iragarleek bezala, erabakitzen dugu geure ze ibilera, ze jantzi, ze hizkuntza, ze imintzio proiektatuko dugun gauden toki bakoitzean. Batzuek gehiago xehatzen dute besteek baino; batzuetan gehiago xehatzen da besteetan baino. Dibertigarria iruditzen zait niri. Interesgarria nola moldatzen dugun etengabe geure dena delako perfo propioa. Jolas egitea da, hor eta orduan garenaren eta dirudigunaren artean.

Diapositiben mandoa geure eskuan hartuta, pantaila berdearen gainean gauzak jarriz. Momentuari aportatzen diola iruditzen zait, lainoaren, eguzkiaren edo elurraren ikur txikiek, tenperatura maximo eta minimoek eta grafikora eramandako elur-mailaren gorabeherek eguraldiaren iragarpenari bezalaxe. Iragarpen bat da perfo-arena ere: «Kaixo, hola nago, igual euria hasiko du». Eta ez dago tranparik horretan: ekiteko modu bat da, edo irauteko, edo dibertitzeko, edo erresistentzia egiteko.

Noiz edo noiz, gustura bilduko nituzke gorputz zatiak dena delako izena duen zera berde horrekin. Behin jolasean hasita, gustura proiektatuko nituzke efektu espezialak ere soinean: begiratzeko moduan, ibileran, ego kikilduan. Egoteko modu bat da perfo-arena, hor eta orduan garenaren eta dirudigunaren artean egoteko modu bat, etengabe gauden toki horretan egoteko modu bat. Eta baliatu daitekeena, zeru zati bakoitzaren azpian desberdin, atximur egiteko molestatzen dionari. Komeniko zaigu perfo txiki oro baliatzea. Ze auskalo ze giro egingo duen bihar; ez dago erraza iragartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.