Bost egunez odola isuri eta hiltzen ez den norbaitekin ezin zela fidatu zioen In the Company of Men pelikulako pertsonaietako batek. Ia hilabetero etortzen zait esaldi hori burura, nik ere ez dudalako neure burua oso fidagarritzat, egia esan. Baina egia da hilekoaz gutxi jakin nahi izan dugula historian zehar eta merkantzia ilegala balira bezala ahopeka eskatu eta ezkutuan pasa izan ditugula tanpoi eta konpresak, biztanleriaren %50i gertatzen zaiona ezin delako naturala izan, tabu, iseka eta ezin ulertuen iturri baizik. Beldurra ez aipatzearren, Stephen King eta Sissy Spacek-en Carrie-ren eskutik.
Hilekoaren ziklo arruntetan lehenengo, menopausian ondoren. Perimenopausian tartean.
Orain hasi gara azken horri buruz hitz egiten eta, bide batez, bestelako merkantzia baten negozio bilakatzen. Bere sintometako asko menopausiarenak omen dira: beroaldiak, umore aldaketak, lo egiteko arazoak, eta abar, hileko ziklo irregular bat izatearen plusarekin. Berrogeita zerbait eta berrogeita hamazeozer urteen artean izaten omen da, Miranda Julyren All Fours nobelan bezala, gasolindegi batean zure bizitza hankaz gora jarri eta aldi berean ohetik atera nahi ez duzun adin tarte zoragarri horretan.
Badakizu zure guardiako 24/7 control freak hipokondriakoa nauzula, ez zaitu harrituko beraz kontrol eskaseko aro bat bizitzeak eragiten didan ezinegonak. Neure buruari gertatzen zaidana normala ala zerbait terminalaren seinale ote den galdetzera ohituta nago, baina egunero sintoma desberdin bat aurkitzearen sentsazio erratua areagotu egin zait. Kontrol falta besarkatu behar dut, badakit, «hala gauzak» batekin naturaren legeari men egin, etengabe azalpen onkologiko-biriko-bakteriologiko baten susmoarekin ibili beharrean. Titanikoa da niretzat.
Control freak mota asko dago nire adinkideen artean, gizonezkoen artean ere. Ez dakit Bryan Johnson ezagutzen duzun. Ez zahartzearren (eta ez hiltzearren) bere burua biohackeatzen ari den Silicon Valleyko hotzikara eragile horietako bat da. Zakila hamabost urteko mutil bati bezala tentetzea lortu duela dio, eta ilea modu nabarian (eta egia esan, kolore kutre samar batekin) tindatzen duela alde batera utzita, bere gorputzaren gaineko kontrola lortzen ari dela sinetsita dago. Johnson ez da lehenengoa, ez da gaur egun hilezkortasunaren grial santuaren bilaketa oso maskulino batean dabilen bakarra ere. Bera bezala biomarkagailuak optimizatu nahi dituztenak daude, zelulak birprogramatu nahian dabiltzanak edo hozkailu on baten sistema tradizionala bezalakorik ez dagoela uste dutenak. Walt Disney sortzaile eskuindarra kriogenizatua izan zen bezala izoztua izan nahi du Peter Thiel eskuin muturreko milionarioak ere. Errenkarnazioan ez sinesteko modukoa.
Jende arruntaren merkatuan, ez dago ezintasunaren eta ezjakintasunaren konboa bezalako negozio iturririk. Ugalketa gauzatu eta hobetzera bideratu dira nagusiki hilekoa dugunon gorputzen inguruko ikerketak eta kriogenizazioak, bestelako prozesuei asko erreparatu gabe. Azken finean, prozesu hauek ez dute gizartean funtziorik betetzen. Ez dute gizonengan inpakturik, tarteka purrustadaren bat jasotzea ez bada. Ez dago ezer hobetzeko ezagutzen ez den zerbaitetan, baina saltzeko, ordea, soluzio esoteriko mordoa.
Aurreko asteburuan pozez irakurri nituen BERRIAn Baionan eta Nafarroan dauden zerbitzuen ingurukoak, baina irudipena daukat gehienoi sorbalda jaso eta «izango da» batekin konformatzea dagokigula. Kilometro zehatzik ez duen periferiatik menopausiarako errepide honetan, sintomen trapitxeora beharturik jarraitzen dugula nolabait. Eta ez dakit, honek honela izan behar badu, agian ondo legoke gasolindegietan gertatzen diren fantasiak ere gure artean partekatu eta kontrolpean zahartu eta hil zitzaigun zirrara desizoztea.