Garazi Kamio Anduaga.

Piramidea

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inauteriek euri-ajea ekarri diguten honetan, neure irudimena ere ondo pasatzera atera da eta egunkari honetarako idatzi beharreko etxeko lana ere belztu egin zait. Itxaropenari leku txikia eskaini nahi nion endredotik airoso atera ahal izateko eta hementxe eseri naiz, Kataluniako itsasertzeko taberna batean, haize deserosoaren ufada freskoak lagun. Itsasoko olatuek ez dute eskutitzik ekarri eta inspiraziorik ere ez, harik eta ondoko mahaira bera etorri den arte.

Ez dakit nola izena duen, emakumezkoa dela dakit soilik. Lotsagabekeriaren indarrez begiratu nahi izan dut, belarrira iritsi zaidan informazioaren iturria nolakoa den jakin nahian. Alferrik; lotsak irabazi du oraingo honetan jokaldia. Zeharka bai, halaxe begiratu diot bera eta bere lagunek osatzen duten taldeari: galtzerdi itsusi batzuk oinetako are itsusiagoetan. Ganorarik ez dut izan burua erabat jiratu eta eskanerrak taldearen ezaugarriak xehatzeko. Hala ere, belarriak erne baino erneago paratu ditut, berak, etorri berria zenak hitz egiten baitu etengabe. Eta entzuteak ez dit batere lotsarik eman:

Bon dia esan gabe bota du buruan zuen guztia. Bi etxebizitza erosi ditu Dominikar Errepublikan. Horrelaxe esan du, patata kiloa eta tipula poltsa erosi izan balitu bezala. Kontatu du oso merkeak direla etxeak han eta oraindik eraiki gabe dauden arren, planoak ikusi eta inbertsio modura erosi dituela bi etxebizitzak. Punta Cana ondoan eraikiko dira eraikuntzak eta aizue, sekulako pagotxa omen da diru apur bat izanik, Atlantikoaren beste aldeko irlan inbertsio txiki bat egitea. Kontatu du, era berean, espainiar estatu mailan badirela Dominikar Errepublikan etxebizitzak saltzen dituzten agentziak eta eurak oso pozik daudela, joan-etorriko hegaldia ere oparitu baitie ditxosozko agentziak.

Bi etxebizitza erosi ditu Dominikar Errepublikan. Horrelaxe esan du, patata kiloa eta tipula poltsa erosi izan balitu bezala. Kontatu du oso merkeak direla etxeak han eta oraindik eraiki gabe dauden arren, planoak ikusi eta inbertsio modura erosi dituela

Ondoan dituen bi emakumezkoek ez dute ezer esaten, entzun besterik ez. Bakarrizketak aurrera jarraitzen du, film guztietan espero den esaldia askatzen duen arte: zuek ere beste horrenbeste egin dezakezue, baldin eta inbertsio erabat ziurra nahi izango bazenute. Hortxe hitz magikoak.

Zabaldu ditu lumak indioilarrak eta zenbaki kontuekin hasi da berehalakoan, bere ondoko bi ehizakiek ihes egin aurretik. 35.000 eurotik gorako inbertsioak egin daitezkeela dio gure lagunak, etxebizitzen kokalekuaren arabera. Punta Cana ondoan izanik, apurtxo bat gehiago inbertitzea dela bidezkoena, itsasertzean dauden etxebizitzak oso erakargarriak baitira. Badio, baita ere, hara jendea oporretara doala edo diru asko egin dutenek lanpostua utzi eta bertan pasatzen dituztela hilabete luzeak. Lanerako ez, han lan egiteko gaizki samar omen dago egoera (baina ez du arrazoirik eman). Bere asmoa, etxeak orain erosi eta urte batzuen buruan saltzea omen da, hamar aldiz biderkatuko den balioan.

Iritsi da hotzikara bizkarrezurretik gora eta behera ibili zaidan unea. Galdetu diote hain txundituta dauden emakumezkoek hainbeste espero genuena: zenbat diru inbertitu duzu zuk? Pozik erantzun du: 120.000 euro. Badator hotzikara jarraian: hori zenbat pezeta dira? Galdetu baitio bietako batek.

25 urte dira Euroa gurekin bizi dela, eta zer nahi duzue esatea, arranoaren atzapar zorrotzak harrapakinaren galtzerdi itsusietan ikusi ditut ondo kateatuta. Pentsatzeko eta birpentsatzeko esan die gure lagunak, aukera borobila dela eta bere izenean agentziara deituz gero beherapenen bat ere egingo dietela, jende jator askoa dela han lanean ari dena; eta lagunei ere esateko, noski.

Ez dakit Dominikar Errepublikan etxerik izango ote den baina bertan eraikitzen ari denak desagertzen den piramidearen itxura hartu du nire begietara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA