Azken urteetan, Goierriko herri batean eta bestean izan behar izan dudanetan dena delako kontuengatik, behin eta berriz atera izan da «euskararen gaia». Mosto banaren inguruan herriko norbaitzuekin bildu izan naizenetan, askotan izan dugu hori eztabaidagai. Aner Peritzek orriotan jarri zuen behin, erdi brometan baina ez hain brometan, esan daitekeela euskaldun oro dela pixka bat hizkuntzalari eta aski soziolinguista. Halaxe iruditu ohi zait niri ere elkartze horietan; eta gustura entzuten ditut herri bakoitzean bertakoen burutapenak. Gaztetxoenak gehienetan erdaraz aritzen omen direla elkarrekin; kultur ekintzek gero eta jende gutxiago erakartzen omen dutela; euskaltzaletasunaren kontzientzia hori asko ari omen direla galtzen herrian; etxean euskaraz aritzen direnek erdaraz hots egiten omen diotela lagunari; eta euskara herriko plazan jasotzeko aukerak gero eta urriagoak omen direla. Urte gutxian ikaragarri kaskartu omen da herriotako abelera, eta kezkatuta daude hainbat eta hainbat herritar. Enpatia handi xamarrez sartzen naiz holakoetan konbertsaziora. Galderak egiten dizkiet, dakartzaten istoriotxoak aditzen ditut, eta nik ezagututako herri haiekin akordatzen naiz. Kaskartu da, bai, abelera.
Pixka bat koskortu artean, Goierriko herri batean eta bestean ibili ginen gu, zona hartatik atera gabe ia. Euskara hutsean bizi izan ginen urteetan gu, horrek esan nahi zuen guztiaren kontzientziarik izan gabe. Eta euskaltzale egin ginen modu bertsuan, gauza askorekin konturatu gabe eta konpainia zabal xamarrean.
Zer esango dut, ba: mundu bat deskubritu genuen handik kanpora ateratzen hasi ginenean. Mundu bat ez, mundu mordo bat. Eta tartean, euskaltzaletasunaren auskalo zenbat forma, euskal herrietako auskalo zenbat errealitate soziolinguistiko, euskararen aurkako indarkeria molde ugari, «gu ez bezalako» euskaltzaleen olde bat eta euskararen alde borroka egiteko era mordoa. Inozo batzuk izan ginen gure bizitzako momentu batean, bai. Baina listo; eskerrak noizbait, burbuila hartatik aterata, euskaltzaletasuna jarrera politiko gisa ulertu genuen.
Ez dakit mosto banaren inguruan hizketan aritutako euskaldunok pixka bat hizkuntzalari edo aski soziolinguista izan ote gaitezkeen. Hala direnek, baina, publikatu dituzte zenbait aurreikuspen, diagnostiko, irakurketa; eta larritzeko moduan gaude, diotenez, denean ere. Goierriko herri batean eta bestean koskortzen ari direnak ezin dira euskara hutsean bizi gaur. Euskararen Nafarroako Legeak 39 urte bete berri dituenean, milaka nafarri etengabe ukatzen eta urratzen zaizkio oraindik hizkuntza eskubideak Ablitasen, Faltzesen, Berbintzanan. Baionako Auzitegian euskaraz hitz egitea ukatzen zaie auzipetuei. Kafesneak euskaraz eskatzea garesti ateratzen da, besteak beste, Murgian, Donapaleun, Sondikan, Atharratzen. EAEko zerbitzu publikoetan euskararen presentzia bermatzeko ekinaren kontra oldartuta dabil sistema judiziala. Hauxe da daukagun abelera.
Larrialdi linguistikoaren aldi honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak biltzera dei egin du: euskaltzaleon garaia dela eta, bihar, Bilbon egingo da «Euskaraz bizitzeko pizkundea» ekitaldia. Nahi nuke biharkoa izan dadin euskaltzaleek elkarrengandik arnasa eta indarra hartzeko gune bat, hauspoa emango duena egunero-egunero euskararen aldeko posizionamendua hautu politiko gisa ulertzeko eta horren alde borrokatzen jarraitzeko. Elkartzeak, hitz egiteak, bat etortzeak eta ilusio pittin bat proiektatzeak asko balio izaten digute sarri; motibatzeko, zentzu bat badela ikusteko, sinesteko. Pitz dezagula itxaropenaren dena delako lehen txinparta. Eta behin egun hori pasatzen denean, zaindu dezagula ondo-ondo su txiki hori, handi egin dadin, eta pitz ditzan, gero eta fuerteago, gure kaleak, auzoak, eskolak, pantailak, ahosabaiak eta abar.