Ahaztu gizatasuna: has dadila lehia!
Ez kezkatu azkenekin, irabazleen sasoia da.
Irabaztea, bai gauza ederra. Parte hartzea dela inportantea diote, baina izpiritu olinpikoa lau urtean behin baino ez da agertzen, eta bitartean denok nahi dugu irabazi. Partxisean, ezkutaketan, MSk antolatu 3x3 saskibaloi txapelketa, Euskadi saria, Rockdeluxeko urteko diskorik onena, Espainiako Errege Kopa, denoi gustatzen zaigu irabaztea, tarteka bada ere.
Bestea da zuk, futbol partida ospitaleko telebistan ikusi zenuen horrek aitaren ondoan, zer irabazi duzun esaten asmatzea, edo zergatik sentitzen duzun irabazi egin duzula, irabazi egin dugula, inoiz ez zarenean izan bereziki futbolzalea, nahiz eta inguruak txuri-urdin egin zaituen, eta geroz eta gutxiago gustatzen zaizunean futbolak sortzen duen guztia, Realeko lehendakaria arma trafikatzailea dela ezin duzunean ahaztu, ez zaizunean gustatzen Donostia eta ez zarenean joaten beste erremediorik ez daukazunean baino, eta ez zaizunean batere inporta Gipuzkoa, entitate zelebre hori. Orduan zergatik poztu zinen, poztu zara, zergatik lagunekin konpartitu beharra poza, whatsapez bada ere.
Larrialdia: bada antropologorik Gipuzkoan?
Ahaztu galtzaileak eta egin lekua irabazleei. Gurtu itzazu irabazleak, eta gurtu ezazu irabazle guztiak biltzen dituen ezaugarri kulturala: dirua
Automedikazioa bezain arriskutsua gerta daiteke autodiagnosia, baina arriskatu gabe ez dago loriarik, ez eta orrialde honetako zutaberik onenaren saririk ere, eta beraz, derradan lotsagabe eta zerbait jakingo banu bezala: behar genuelako. Irabaztea behar genuen, zerbaitetan irabaztea, baina batez ere denok irabaztea, eta Realaren garaipenarekin poztu garen guztiok irabazi dugu, inork ez digu bazkide karnetik eskatu, ez errolda agiririk, ez errenta aitorpenik, ez ezer. Eta, noski, poz kolektiboak urri direnean, edozeri heltzen dio batek, eta izan nahi du poz horren parte, berak ere irabazi egin nahi du, behin bada ere.
Denok irabazi nahi dugu, eta batez ere, inork ez du galdu nahi.
Ahaztuxeak ditugun Epstein artxiboen harira, elkarrizketa egin zioten emakume gazte estatubatuar bati, ez dakit nor zen, sarean ikusi nuen bideoa. Estonagarria egin zitzaidalako akordatzen naiz: «jendeak nahiago du Epsteinen paperetan azaltzea; azaltzen ez dena loser bat da».
Halaxe naiz neu ere, galtzailea, ez daukat dirurik liburuak erosten xahutzeko, garesti dago gasolina, eta liburutegian hartu nuen Elena Martinez Rubioren Bide bihurrietan. Gogoeta jauzilariak liburua. Zenbatek irakurriko duten pentsatu nuen, zenbatek erosi. Merezi duen zenbat liburu geratuko den inork irekiko zain, apaletan. Geroz eta gehiagotan etortzen zait pentsamendu hori neuk gutxiago irakurtzen dudanetik.
Galtzaileez ari da Itzal Hutsak kapituluan:
«Beraz, galtzaileek arrakastarik inoiz ez dutenez gero, inorengan ez dute iritzi onik sortzen. Izan ere, haien gaitzak ezin litezke patu zentzugabe batek ekarritakoak izan, jarrera ezkor baten ondorioa baino. Vade retro! Jarrera baikorrari eutsi beharra da gaur etengabe errepikatzen den leloa, hein handian goitik behera ezarria. Soilik bizitzaren alderdi onei begiratu behar zaie! Alegia, jarrera baikorra gizartean dagoen bidegabekeriari kritikarik ez egiteko eta salaketa oro hastapenetan itotzeko formula bilakatu da honezkero. Bizi garen gizartearen antolamendua saihetsezina da: hobe da den bezalaxe onartzea. Zertarako aztertu zeintzuk diren zorigaiztoko egoera baten arrazoiak? Hitz gutxitan: herritarrek baikorrak izan behar dute garapen indibidualari dagokionez; eta ezkorrak, gizartean aurkitzen diren zentzugabekeriei noizbait amaiera emateko aukerari dagokionez».
Behin honaino iritsita, gizatasuna ahaztu eta erretzeari utzi diozunez, ahaztu galtzaileak eta egin lekua irabazleei. Gurtu itzazu irabazleak, eta gurtu ezazu irabazle guztiak biltzen dituen ezaugarri kulturala: dirua.