Udazken erabakigarria da Ipar Euskal Herrian. Zer erantzun eman Pirinio Atlantikoetako Prefetaren proposamenei? Lurralde kolektibitatearen aukera baztertu zuen eta, horren ordez, Ipar Euskal Herriko udalak bilduko lituzkeen hiri erkidego handi baten aukera aipatu. Hiri erkidego hori ez da urteetan zehar eskatu dena, ordea. Lurralde kolektibitatearen aldarrikapenak inoizko babes zabalena lortua zuen, ezkerreko alderdietatik eskuinekoetara, abertzaleetatik frantsesetara, eta gizarteko sektore guztietan. Lurralde kolektibitate horrek Ipar Euskal Herriari lurraldetasun ezagupena, eskumen zabalak eta aurrekontua emango lizkioke. Ipar Euskal Herriak etxeko lanak eginak zituen; ongi eginak, gainera! Prefetak hori ukatzea eta beste lan bat eginaraztea ikaragarriko mespretxua da. Eta lan horretan hastea menderatzailearen arauetara makurtzea da.
Delako hiri erkidegoak Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatuko luke; eskumen batzuk ere edukiko lituzke. Lurraldetasunak zer berme izanen du, ordea? Nork erran etorkizunean ez dela erabakiko Biarnoko edo Landetako herri batzuk gehitzea? Eta eskumenak nekez izanen dira lurralde kolektibitatearentzat eskatzen diren guztiak, batzuk estatuarenak baitira eta Garapen Kontseiluak finkatutakoak ez baitira aipatzen. Are gehiago, erakunde horretako zuzendaritza ez litzateke sufragio unibertsal bidez hautatuko: udal bakoitzak ordezkaritza bat edukiko luke. 258 ordezkari dituen ganbera bat? Gehienak auzapezak, udalen kudeaketarako izendatuak izan direnak, ez lurralde erkidego zabal bateko eskumenak kudeatzeko.
Demokrazia gabeziaz eta kudeaketa zailaz gain, hiri erkidego hori sortuko balitz, orain dauden herri elkargoak desagertu beharko lirateke. Herri elkargo handiagoak egitea da Frantziaren asmoa, hurrengo urteei begira. Horrek berak kezka handiak sortzen ditu Nafarroa Beherean bereziki. Pentsa, Ipar Euskal Herri osoko eskalako hiri erkidego bihurtu behar balira! Hiri erkidego horren arriskua da, egindako eskaera bati ez erantzuteaz eta arazo hori ez konpontzeaz aparte, arazo bat gehiago sortzea.
Batzuek diote deus baino hobe izanen dela hiri erkidego hori onartzea. Edukiz beteko litzatekeela gero, lanerako abiapuntu bat izango litzatekeela. Duela hogei bat urte Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortu zituztenean, abertzaleek salatu zuten oskol huts bat zirela. Hala ere, parte hartu zuten. Alde on bat izan zuten egitura haiek: Iparraldeko joera politiko guztietako jendea, sektore guztietakoa eta eskualde ezberdinetakoa elkarrekin lanean jarri zituztela, proiektuak lantzeko. Politika egiteko modu berri bat sortu zen. Bestetik, ordea, mugak berehala agerian gelditu ziren: proiektuak bazeuden, baina botererik eta eskumenik ez proiektuak aurrera eramateko; beti Frantziako Estatuarekin negoziatu behar… Muga horien ondorioz eta elkarrekin lan egiten ikasteari esker, Lurralde Kolektibitatearen, hots, autonomiaren aldeko adostasun zabala lortu zen; duela hogei urte ez zegoena.
Orain, prefetak ate bat ireki duela diote batzuek, eta aukera baliatu behar dela. Hiri erkidegoari buruz joan nahi dutenak dira UMPkoak, Modem-ekoak, EAJkoak… eta baita Sortuko zenbait ere. Ez al dugu ikasi duela hogei urteko esperientziatik? Hain laster apaldu behar al dira besoak? Uste ote dute Frantziako gobernua ezin daitekeela gehiago estutu? Ezin dela negoziatu? Prefetari amen errateko bezain ahul ikusten ote da Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapena? Salako atea itxi du prefetak. Horren ordez, soto ilun, hotz eta hezeko atea ireki du. Iparraldeak ez du hori nahi, eta Frantziako gobernuaren noraeza ikusiz, ez da prefetari arrazoi emateko unea.

ARKUPEAN
Prefetak atea ireki du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu