Bada zerbait nazkatuta gauzkana, une berean izugarri maite eta miresten duguna eta beti galtzen ari garena: denbora. Hedonismoaren izenean, Leon XIV.ak ere ez digu oparitan denborarik emango, Madrilgo Bernabeun belauniko jarrita ere. Maite dugu denbora eta maite dugu geure buruaren izenean hitz egitea: ni, ni, gero ni, eta azkenik ni beste guztien gainetik. Kontua da, Ni gehiegi biltzen ari garela eta zentzugabeko bihur daitekeela gure gaur egungo bizitza.Â
Sukaldean aritzea mindfulness egiteko modu bat omen da; gure buru barruko garbigailuaren zentrifugazioa eten eta ustez idatzita ez dagoen etorkizun bati muzin egitea. Berdin dio, hamaika arrazoi ditugu sukaldean ez aritzeko. Hori bai, asteburuetan nonahi ikusten dira sakelako telefonoa atera eta muturren aurrean paratzen dizkieten platerei argazkiak ateratzeko.Â
Atera zait mindfulness, saihestu dut grounding baina ez dut indarra nahikoa bildu slow food-ari izkin egiteko. Halako hitzak izugarri maite ditugulako nahiz eta gero zer esan nahi duten jakin ez edo, jakin arren, jaramonik egiten ez diegulako.Â
Modan jarri ziren duela pare bat urte gure irudimenean sor genitzakeen hanburgesak. Hiruki formako patata eta guzti dute batzuek gainean. Zerrikeria galanta gure etxean; eta zurean ere bai. Beste horrenbeste gertatzen da tortillekin. Modan jarri da etxera prestatutako tortillak eramatea. Aurrez prestatutako jakien erosketa %140 inguru igo da, Hego Euskal Herriko datuei erreparatzen badiegu, azken 25 urte hauek kontuan hartuta. Bai, urte andana da baina gizartea izugarri aldatu da. Jarri dira modan hanburgesak eta tortillak; modak etorri bezala joaten dira, eta auskalo zer gertatuko den mende laurden barru.Â
Denboraren administrazioan maisu eta maistra diren lagun erretiratuek ondo dakite hedonismoaren esentzia zer den: denbora galdu gabe, berarekin dantzan gozo aritzea
Deigarria dena da aurrez prestatutako jakietan txapeldunetan txapeldunak zopak eta pureak direla. Pizzak eta pasta jada ez ditugu aurrez prestatuta horrenbeste erosten eta horrek irakurketa bat baino gehiago ekar ditzake: osasuntsuago jatea atsegin dugu edo ganora nahikoa dugu pizzak eta pasta geure kabuz prestatzeko? Auskalo, ez gara besteen sukaldeetan sartuko, besteak beste, bat baino gehiago hutsik topatuko dugulako.Â
Sukaldean ibiltzen, ondo pasatzen eta denborari zuku guztia ateratzen trebeak direnak jubilatu edo erretiratuak dira. Arratsaldeetan prest daude karta jokoan aritzeko, herriko itzulingurua egiteko edo, aizu, bingora jokatzeko. Bada ez, azken hau debekatzekotan dira EAEn. Bingo soziala bezala ezagutu denak bidegabeko konkurrentzia egiten omen die kalean topa genitzakeen bingoei. Izan ere, jubilatuen egoitza edo txokoetan jokatzen diren partidek hogei zentimo ziztrin balio dute eta itzal izugarria egiten diete ludopatiaren izenean besteen lepotik barrezka aritzen diren bingo eta apustu etxeei. Haserretu dira jubilatuak, arrazoi guztiz. Gasteizko Legebiltzarrera ere iritsi da dema, eta jakin, jubilatuak oso haserre daudela kontu honekin.Â
Inozoa dela dirudi, baina ez da. Denboraren administrazioan maisu eta maistra diren lagun erretiratuek ondo dakite hedonismoaren esentzia zer den: denbora galdu gabe, berarekin dantzan gozo aritzea. Berdin dio lagunekin den edo bakarka, baina kontua sudur puntan jartzen zaizuna egitea da, ahal den neurrian bederen, eta sobera denborarik ez utzi. Bingoan ondo pasatzen badute, bejondeiela eta izorra dadila gure inbidia, ederki handitzen doa eta gure subkontzientean.Â
Haserre dauden horiek sekulako indarra dute eta beldurra eman dezakete horrenbeste Nik elkarrekin usaindu ere egin ezin dutena lortzen. Eta sekulako abilezia dute sukaldean; eta denbora dute denetarako, ez zuk eta nik bezala.Â
Â