Batzuetan bada zerbait sakona eta pertsonala agertzen dena berriak irakurtzean. Baina ondoko albistea nola izan daiteke pertsonala: «2007. urtean Hagako Nazioarteko Auzitegian egindako deklarazioan, estatubatuar suhiltzaile ohi batek esan zuen Sarajevon bazeudela pertsona batzuk gidari eta guzti ibiltzen zirenak, beren janzkeragatik eta arma motengatik susmoa pizten zutenak. Bera Sarajevon boluntario ibilitakoa zen 1992 eta 1995 bitartean, gerra zibilean milizia serbo-bosniarrek hiria setiatuta zeukatenean. Orain arte, ikertu gabe zegoen gerrako turisten kontu hura […] ».
Gerrako turistak. Barna sartzen zaizun erranmoldea, tripa estutzen eta malkoak sortzen dizkizuna. Palestinarren aurkako genozidioak sortzen dituen izugarrikerien gisara. Zure burmuinak jasan ezin dituenak. Inkontzienteki filtratzen dituzunak; inkontzienteki edo kontzienteki. Bakoitzak beretik gerrak, esterminazioak, genozidioak nola bizi ditu? Galdera horri gure komunitateek nola erantzuten dioten politikoki.
«Frantses eginak gira joan den aspaldian», zioen Xalbadorrek. Ez al gara horren ispilu Ipar Euskal Herrian Palestinaren aldeko mobilizazio gaitasun murritzarekin? Bilbotik Gernikara, Gernikatik Iruñera eta Donostiaraino zer-nolako ekintzak eskaini dizkiguzuen! Espainiako txirrindola itzulia (Vuelta) Bilbon gelditu, Palestina vs. Euskal selekzioa futbol partida elkartasunez jokatu; eta ehunka manifestaldi. Zerk egiten gaitu hain ezberdin Ipar Euskal Herrian hain guti mobilizatzeko? Azken egunetan Franco diktadorearen hiltzearen 50. urteurrena ospatzen dugunean Gernikara berriz eramaten gaitu. Gernikara, «Gerra zibilera» edo «Espainiako gerrara». Diktaduraren garaira eta borroka armatura.
Garai hartan, jadaneko, bi estatuek zatituak gintuzten. Sinpleki frankismoa pairatzen zutenak mugaz bestaldera babesgune bila zetozen. Frantses estatura, Ipar Euskal Herrira. Hori ere bada mugak utzi diguna. Euskal herritarrak beren herrian errefuxiatuak. Hainbat errealitate ezberdin ber moldean sentitu nahi genituzkeenak. Erro igualtsua izanik ere, zapalkuntza ezberdinki praktikan ezarri zuten mugaren bi aldetan. Horrek eraiki gaitu hain ezberdin, eta hemen, Iparraldean, hain urrun Palestinatik eta Bosniatik?
Itzul gaitezen Sarajevoko safarira. Animalia egin zituzten Sarajevoko hainbat biztanle. Serbiar armadak setiatu zuen Sarajevo hiria, berez, erlijio eta kultura anitzekoa zen. «Sarajevo setiatuta egon zen bitartean, Mendebaldeko zenbait herrialdetako pertsona batzuek —haietako asko italiarrak— dirutza galantak ordaindu zituzten zibil babesgabeei tiro egiteko hiri inguruko muinoetatik. Batere arriskatu gabe, jakina». Ezio Gavazzeni (BERRIAn, 2025eko azaroaren 21ean). Artikuluan 200.000 euroko gastuak aipatzen dira. Gerrako turistek ordaintzen zutena emazte, haur eta zaharrak erailtzeko. Gerra horren datak (1992-1995) anaiaren eta bion sorturteak dira. Momentu berean gertatu zen lagun bilakatuko zitzaidan Samiraren ihesa Bosniatik Alemaniara eta Alemaniatik Quebecera. Hamabost urte berantago Quebecen elkartu ginen lehen aldikotz, eta gure historiak eta zapalkuntzak josi. (H)istoria partekatuek dituzte bihotzak josten eta tripak korapilatzen.