Ana Malagon.

Satan

2025eko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eskola Kirola Satan da», hori zioen nire lagun batek larunbat goizez, euripean eta logurarekin bere semearen edo alabaren partidari begira zelai bateko harmailan egotea egokitzen zitzaion bakoitzean. Ez nintzen inoiz berarekin joan, baina ziur nago, ondo ezagutzen dudalako, tarteka animoak bidaliko zizkiela. Marmarka egingo du, baina sekulako ama da.

Berak kontatu zidan 11 urteko nesken futbol txapelketa batean delegatuak guraso batzuei zelaitik kanporatzeko mehatxua egin behar izan ziela. Haurren kirolak, eta batez ere futbolak, baduelako zerbait satanikoa, eta horretan arrazoi du nire lagunak, baina ez da ordutegia. Gurasoak dira.

Herri bigorexiko honetan beharbada gutxiengoan izango naiz kirolari garrantzi handiegia ematen diogula pentsatzean. Inork ez du ukatuko bere neurrian osasuntsua dela, baina kezkagarria suertatzen zait beste jarduera batzuekin alderatuta hartzen duen lekua, eta ez zait iruditzen osasun edo haurren huste hutsagatik denik. Aurretik galdutako norgehiagoka bat du atzetik.

Lehia horretan arerio diren zerrenda luze bat aterako zaio gaian adituari eta hala izateko arrazoi bakoitzari gauza anitzak gurutzatuko zaizkio tartean. Topikoetatik tiraka, partida bakoitza neurri batean norberaren errealitatearen aurkako partida dela pentsatzen dut. Txamarra gorriko guraso horren kasuan, adibidez. Bere seme-alabek ez dute erretiratuko, badaki hori. Inertziagatik bilakatu zen guraso eta etxean izango ditu eternitate bat irudituko zaion denbora batez. Ez da aberatsa. Ez da ezertan bereziki ona. Ez bikote, ez guraso, ez langile, ez lagun. Eta horri ere oihukatzen ari zaio nolabait, albo batetik seme-alabei garrasi egiten dienean edo epaileari, arerioari eta batez ere, bere buruari, errespetu guztia galduz sekulakoak esaten dizkionean.

Partida amaitu eta gutxira ahaztu du emaitza, aparkalekurako bidean zuzenketaz beteriko post-mortem teknikoa bota eta gero. Emaitza ez da garrantzitsuena. Are gutxiago parte hartzea. Benetan inporta duena zera da, istant batez, Janire edo Landerrek jaurtiketa horrekin asmatu izan balute, beharbada zerbait ondo egin izanaren sentipena izango zuela. Bere espektatiben hutsegite bakoitzaren atzean bere hutsegitea dago, zelaiko argien fokuetatik urrun, eguneroko deitzen duen horretan. Egunerokoan, bata bestearen atzetik huts egiten ditu jaurtiketak berak. Gol mordo bat jasotzen ditu kontran.

Norbaiti behin irakurri nion jokalari profesionalen elastikoetan izena jartzen hasi zirenean joan zela pikutara futbola. Estatu Batuetako kiroletatik ekarritako ohitura aldaketa horrek taldekako kirol indibidualistagoa egin zuela. Eta beharbada, hori dugu haurren kirolean ere, esperientzia indibidualista bat. Azken finean bat ez da taldea ikustera joaten, bere seme edo alaba baizik. Haur 1 = Auto 1 izan ohi da ratioa. Bi, asko jota, asteburuan gurasoak lanean dituena eraman behar izanez gero (horiek ez dute harmailako dramarako denborarik). Ez dago garai batean entrenatzailearen tutoretzapean jaso genuen garraio publiko heziketarik. Ez da iraganismo nostalgiko bat, lasai. Gure gurasoek bestela pasatuko zizkiguten euren frustrazioak. Bestela eskatuko ziguten, gu konturatu ala ez, atera genitzala bizitza horretatik. Ez ziren harmailetatik pasatu, besterik gabe.

Ez naiz azken urteko Gipuzkoako Eskola Kirolaren auzian sartuko, ez baitakit gaiaz asko eta ez dakidan gauzei buruz nahikoa idatzi dut gaur. Eta hori ere satanikoa bada. Adingabeen aurrean irain eta mehatxuak egiteagatik (epaileari suposatzen dut, baina behin nerbioak galtzen jarrita, auskalo) aurten Arabako Foru Aldundiak pertsona bati ezarri zion 10.000 euroko isuna eta zelaira joateko debekua, aldiz, jainkozko justizia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.