Garazi Kamio Anduaga.

Seguru

2025eko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nik ere badakit bihar dela hastekoa txapak soinean eramateko eguna. Ez nuen horri buruz hizketan hasi nahi eta beharbada egin daitekeen gauzarik eraginkorrena egin dut: internet sarean begira hastea. Ez nituen zutabe honen lehen lerroak Euskaraldiari buruz hitz egiten hasi nahi eta hara, oraingoan ere betiko bideari ekingo diot: itzulinguru luzea eman lehenengo eta, hiririk handienaren saihesbidea hartu eta gero, gaiari bihotzean emango diot. Bihotzean, bihar San Isidro baita, eta Madrilen zezenketak, taupadak gelditzeraino irauten duen tortura legal hori. 

Ez dago interneten nazioarteko egunak edo mundu mailako egunak begiratzea bezalako gauza zirraragarririk. Hortxe dago gaurko dianaren abiapuntua: gaur espainiar estatuan aseguruen eguna da. Kontinentala da izatez, Amerikan ere ospatzen baita, aseguru batek ezer ospatzeko alaitasunik apenas emango duen arren. Aseguru izateak eguna du, eta jakin gatza zentzuz erabiltzearen nazioarteko astean bete-betean sartuta gaudela baita ere. 

Beharbada gatza eta piperra banatu zuten egunean konpentsazio falta izugarria egon zen eta ezin denok berdinak izan, baina, gazteok, zein ongi sentitzen garen seguru gaudenean, gazi edo geza izan. Beraz, bi efemeride hauekin dena lotuta daukagu: txapa paparrean eramatean inoiz baino euskaldunago sentitzen gara eta, noski, geure buruarekin sinatutako metalezko aseguru poliza imajinarioak bermatzen digu lehen pausoa emateko indarra. Horra hor bizirik sentitzearen gozoa. 

Edozein gauza lehen aldiz egiteak beti ematen du errespetua, bizitzaren edozein esparrutan zein ekintzatan gertatu ohi izan zaigu, gertatzen zaigu, eta, bai, asmatu duzu, zoritxarrez gertatuko zaigu. Hala ere, Euskaraldia ez da lehen aldiz egiten ari garen ariketa sozial erraldoia. Errepikatu dugu beste hiru alditan eta, nahiz eta edizio hau udaberri goxoaren argitan egingo dugun, jolasaren mekanismoa ondo baino hobeto dakigu. 

Zein seguru sentitzen garen Euskaraldia gure inguruan norbaitek antolatuko duela dakigunean. Ez dago haurrak gineneko garaian sentitzen genuen hura berriz bizitzea bezalakorik: lotara joan eta hurrengo egunean esnatzean, izaki magikoren batek beste behin magia egin duela ikustea. Txapak banatzen ibili garenok ederki zulatu ditugu hatzak itxi gabeko orratzekin, eta errezeloa daukat ziztada fisikoak baino nekearen eta higaduraren zimikoak oinaze handiagoa eragiten digula. Apustu egingo nuke sortu diren batzordeetan lanean ari direnak Korrikaren inguruan sortzen diren ekimenak prestatzen dituzten berak direla; eta urteak joan-etorrian, edizioak dantzan, erreleboa ere eskatzeko prest daudela. 

Euskalgintza erakusleiho izugarria izango da datozen hamaika egunetan. Euskararen aldeko lana tantaz tanta egiten denaren sinesmen irmoa daukat, baina tantek higatu egiten dute norbanakoa, eta indibidualismoan itota gabiltzan gizarteak galdu du militantzia ozeano galduren baten hondoan. 

Argi daukat kasketaldiak ez duela arrazoi bakarra jotzen: edozer gauza antolatzeko nekez aurkitzen dira boluntarioak eta, egun, laguntza eskean hasi eta erantzun modura boluntario izatean zenbat diru irabazten den jasotzen duenik ere bada. Maiz pentsatu dut dena bertan behera utzi beharko genukeela eta loalditik esnatu berritan magiarik topatzen ez duenak zer egingo ote zuen irudikatu. Erantzuna ere topatu nuen: harrituko litzateke eta gero bere zilborrera begira jarraituko luke. 

Begiratu dut bihar zein egun den: besteak beste, kontzientzia-objekzioaren nazioarteko eguna. Data polita izan daiteke lehen pausoa emateko, nahiz eta, ohi bezala, izua bisitan etorri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.