Aurrekoan Erika Kirk —duela gutxi tiroz hildako Charlie Kirk politikariaren alarguna— ageri zen argazkia igo nuen sare sozial batera, ondoan zuen testua oso interesgarria iruditu zitzaidalako. Halako zerbait zioen: «Emakume honek hiru unibertsitate gradu ditu, enpresaria eta zuzendaria da, bera baino bost urte gazteagoa den gizon batekin ezkondua, eta 30ak ondo beteta ama izandakoa. Bere bizitza osoa suntsitu nahi duen feminismoaren ondorioa da». Testuak berak aldarrikatu nahi nuena ondo laburbiltzen bazuen ere, analogia friki bat gehitu nion gainean: «Serena Joy». Jasotako erantzunek frogatu zidaten frikiak asko garela, ez soilik Euskal Herrian, baita emakume boteretsu eta atzerakoi askoren inkoherentzia basati horren gaineko kezka handia dagoela ere.
Dakizuenez, egun Erika Kirk da bere senarrak 2012an sortutako Turning Point USA erakunde ultrakontserbadorearen zuzendaria. Erakunde honek AEBetako institutu eta unibertsitateetan ideologia eskuindarraren balioak zabaltzea du helburu, belaunaldi berriak arrazaren eta erlijioaren inguruko muturreko teorietan hez daitezen. Serena Joy, aldiz, baliteke zuetako askorentzako hain ezaguna ez izatea. Margaret Atwood idazlearen The Handmaid’s Tale eleberrian agertzen den pertsonaia da, azken urteotan HBO plataformak ekoitzitako telesailari esker adierazgarri bihurtu dena. Protagonistaren antagonista nagusia da Joy eta, nire iritziz, inoiz sortu den gaizkilerik konplexu eta aberatsenetarikoa da.
The Handmaid’s Tale-ren distopiak Gilead izeneko herrialde teokratiko eta faxista aurkezten digu, zeinetan, ernalezintasun orokorrari aurre egiteko, estatuari bermea eman dioten familia ahaltsuek neskame ugalkorrak esklabo har ditzaketen. Hilean behin, erritual baten bitartez, familiako gizonak neskamea bortxatzeko berme osoa du, emaztea ere bertan dagoela, familiara haur bat ekartzeko helburuarekin. Gileadeko kargudun garrantzitsu baten emaztea da Serena Joy —istorioaren hasieran, Waterford anderea—; eta sistema hartan sinestea ez ezik, laster ezagutzen da bera izan zela araubide berri horren ideologoetako bat.
Berak, iraganean zuen askatasuna baliatuz, idatzi zituen emakumeak esklabo bihurtuko zituzten arau moral berriak; are egoeraren paradoxa ezin hobeto azaltzen duen hau ere: egun, Gileaden, emakume izateagatik, Serena Joyk ezin ditu arestian berak idatzi zituen liburuak irakurri, emakumeek irakurtzea debekatuta dutelako.
Orain atera fikziotik eta pentsatu Meloni bezalako emakumeengan, eta abortuaren inguruan dituen iritzietan. Pentsatu Ayusorengan, Thatcherrengan, Merkelengan. Erika Kirkengan. Liluratzen nau emakume horiek euren burua preso bilakatzeko duten senak.
Ez dut dudarik, hala ere, Serena Joy dela istorio honetako heroia. Heroia, fikzioan, istorioaren gai nagusiarekin lotutako arku jakin eta garrantzitsu bat marratzen duen pertsonaia da. Izaera zehatz batekin hasi, eta istorioaren korapiloak bidean jartzen dizkion harriak tarteko, eraldaketa bat jasanez, guztiz bestelako izaera batekin amaitzen duen pertsonaia bat —Harry Potter edota Luke Skywalker aipatuta argi ulertzen da ideia hau—. Tira, dudarik ez dago The Handmaid’s Tale-ko protagonista nagusia June Osborne dela —Zientziologiako izen garrantzitsuenetarikoa den Elizabeth Moss aktoreak gorpuztua, bide batez; euren erabakien biktima diren emakume indartsuez ari garen honetan—; baina egia da Junek ez duela eraldaketarik jasaten: bere motibazioak berberak dira hasieran eta amaieran.
Serena Joy, bere arkuaren bidez, berak eraikitako sistemak jarri dizkion kateez jabetzen da; horrek egiten du baliotsu. Gauza bera opa diet errealitatean kokatutako Serena Joy guztiei.