Maddi Aiestaran

Soziedadea

2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kartak, dominoa, paperak, margoak, puzzleak, dadoak, kromoak: jaso behar duenaren tenturik gabe sakabanatzen genituen jolaserako zera haiek guztiak egurrezko mahai eta aulkietan. Afalaurretik, sukalde ingurua izaten zen gurasoen jolas-eremua; gainerako lur guzti-guztia, geurea. Txorizo-mutur bana mahairatzen zuen norbaitek momentu batean, eta piztia gosetuak bezala hurbiltzen ginen platerera. Atzaparrak txupatu bitartean egiten genuen alde, berriz, «gure gauzetara».

Dena prest zegoenean, mahai luzexka batean esertzen ginen denok. Hortxe bat egin ohi zuten bi ekipoek. Ondo erortzen zitzaizkidan ia denak, helduak eta umeak. Lotsa keinurik gabe zanpa-zanpa jaten genituen erretiluetan ateratakoak; gustura geunden seinale izango zen hori. Postre orduan, natillen ontzien tapak miazkatzen genituen mingaina luze-luze aterata, eta mahaiaren gainean uzten genituen, gainerako ontzi, ogi-papur eta zikin guztiarekin nahasian.

Mahai bueltako hizketaldiak irauten zuen bitartean, dibertitzera jolasten ginen gu: aulki azpiak eta aulki gainak baliatzen genituen, baseak sortzen genituen mahai azpietan, serbilletak janzten genituen buruan, burruntzaliak bihurtzen genituen ezpata, lurretik arrastaka abiatzen ginen besteen baseetara, E bokalarekin hetz egeten geneen elkerre. Jolasak inbentatzen genituen topatzen genituen baliabideekin, eta arauak adosten genituen jolasari ekiterako; denon gustura, ahal zela. Noiz edo noiz, haserretu egiten zen adostutakoarekin konforme ez zegoen laguna; bere haserrea esplikatzen zuen, eta moduak bilatzen saiatzen ginen konpontzeko eta jolasa moldatzeko. Eztabaidatxoren bat edo beste izaten genuen, baina primeran moldatzen ginen gehienetan, dibertitzearen zera daukat akorduan. Gorputzean genuen energia guztia xahutzen genuen soziedadeko ostiral gau haietan. Gero, dena txukun-txukun utzi, txamarra goraino lotu, eta lepoari erortzen uzten genion; seko lo egiten genuen etxerainoko kotxe-bidaia.

Soziedadeak erabiltzen jarraituko badugu, izan dadila, lehen-lehenik, gauza batzuk adostuta; adibidez, ez dagoela egoterik, gaurko egunean, emakumeei sarrera ukatzen dien sukalderik, danborradarik, alarderik

Toki haren tankerako zerbait imajinatu dut notizia irakurritakoan: egurrezko mahaiak, aulkiak, taburete bat edo beste, koadroren bat paretatik zintzilik, eta sukalde arrunt bat. Tipa bat sukaldera sartzen imajinatu dut, xerra bat ogi birrindutan pasatzera. Norbait imajinatu dut tipari baimen hori eman izanagatik sozioari kontuak eskatzen. Tiparen estuasun aurpegia imajinatu dut; xerra ahora eramaten imajinatu dut, eta erabakitzen postrearen bila ez dela sukaldera abiatuko. Norbaitzuk imajinatu ditut dei bat egiten, noizbait orain dela ehun urte inbentatutako joko-arauak ahora ekartzen, egindako gaizkiaren ondorioak jakinarazten telefonoz bestaldekoari. Imajinatu dut, eta beste bitan irakurri dut titularra, sinetsi ezinda: Aizepe elkarteak kide bat kaleratu du, «emakumeak sukaldera sartzen uzteagatik».

Ikusten ez diren sukaldeetan emakumeek gerriak nekatzen dituzten bitartean, kozineroak mantalak eta txanoak ondo kolokatzen ari dira soziedadeetan, telebistako programetan, sukaldaritza ikastaroetan. Elkarren bizkarrean zartakoak emanez ari dira suari begira; mahaikoen hitz politak espero dituzte bueltan. Gero, erakustaldia bukatzen dutenean, pila bat eginda utziko dituzte erabilitako ontzi, plater eta erretilu guztiak. Konturatu gabe haien atzetik, berriz sukaldea ikusezin bihurtzen denean, norbait etorriko dela hori guztia biltzera, jasotzera, garbitzera: segur aski, emakumea, arrazializatua. Etxerakoan, hitzik egin gabe adostuko dute haien andreekin hurrengo soziedadeko ostiral gauera arte ez dutela erabiliko etxeko sukalderik: soziedadekoa da gizonaren jolas-eremua; gainerako lur guztia-guztia andrearena.

Soziedadeak erabiltzen jarraituko badugu, izan dadila, lehen-lehenik, gauza batzuk adostuta; adibidez, ez dagoela egoterik, gaurko egunean, emakumeei sarrera ukatzen dien sukalderik, danborradarik, alarderik. Ados jartzera iritsi ezean, konforme ez gaudenok haserre jarraituko dugu; erabakitzen den arte jokoaren arauak izango direla, gutxien gutxienez, feministak eta antirrazistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA