Lide Hernando.

Tortillak

2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza bat eta beste, sare sozialak, abestiak edo hedabideak direla, esaldi asko utzi ditut dagoeneko hodeia deritzon horretan idatzita; sistemaren kolapsoa iritsi artean behintzat, betikotasunean zintzilik geldituko direnak. Bada, esango nuke, idatzitako hamaika esaldi horien atzean egon daitezkeen gai askotarikoetatik, arrakastarena izan dela agian gehien aipatu dudana, eta hartaz hausnartu izan dudala gehien.

Nire testuren bat edo abestiren bateko hitzen bat baino gehiago irakurri duenak pentsa lezake obsesioa dudala gai horrekin; eta hala pentsatzen badu, arrazoi duela esango nioke. Zer egingo diot nik, garai honen alaba naiz. Feminismoan aurreratu bezainbeste, lehiakortasunean ere pauso erraldoiak eman dituen garai batekoa. Haragi gorri dosia txikitu bezainbeste, mugikorraren pantaila dosia handitu duen garai batekoa. Mundua hiperkonektatu bezainbeste, kaleak hustu dituen garai batekoa.

Beti esan izan dut arrakasta aldetik herren xamar sentitu izan naizela. Arrakasta arrastaka daramadala oihukatu izan dut ahotsa urratuz, eta elkarrizketaren batean ere onartu dut arrakasta, niretzat, utopia bat besterik ez dela; makilaren puntan jarri diguten azenario bat, berez lorrezina, berez sentiezina. Behin datu bitxi hau entzun nuen Euskadi Irratian izerdiaren inguruan: bertan, aditu batek zioen gizakiaren azalak (hau da, ukimenak) ez duela gaitasunik hezetasuna sentitzeko; sentitzen duena, azken batean, tenperatura aldaketa bat dela, eta begiekin soilik ikus dezakegula tenperatura aldaketa horrek izerdiaren fenomenoarekin zerikusia duela. Eta hain gaude ohituta tenperatura aldaketa hori sentitu ostean izerdia ikustera, jada buruak ukimenaren sentsazio hori hezetasunarekin lotzen ikasi baitu. Bada, alderaketa baimentzen badidazue, arrakastarekin gauza bera gertatzen dela esango nuke: berez, ez dakigu zer den ere, baina arrakastak dakartzan sentsazio ezberdin eta ukigarriagoekin lotu izan dugu, dela lasaitasuna, dela asebetetze sentsazio bat, dela euforia tankerako bat.

Bi gehi bi eginez, nire 33 urteetan lasaitasun gutxi eta asebetetze are gutxiago sentitu dudanez, esan nezake, beraz, arrakasta nigandik urrun egon den kontzeptu bat dela. Eta, zerbait edukitzekotan, zorte txar gehiago izan dudala ona baino. Edo hori uste nuen, duela egun gutxi batzuk bizi izan nuen gertakari batek nire pentsamenduen errotazio ardatza apur bat mugitu duen arte.

Kontua da (eta sentitzen dut, baina gaurko zutabea terapia egiteko baliatuko dut, ni, ni eta ni; kantzela nazazue nahi baduzue) duela egun batzuk Rosaliak bere hurrengo albuma azaroaren 7an aterako zuela iragarri zuela; hain zuzen ere, nire lan berria aterako den egun berean. Ongi baino hobeto dakit egun horretan arreta handiena berak eramango duela eta, beraz, eguneko lehen minutuak nire zorte txarra madarikatzen igaro nituen. Eta, bat-batean, niretzat arrakastaren erreferenteetakoa den artista batek (izendatuko ez dudana, baina nor den imajina dezakezuena), zera esan zidan: «eta zergatik ez diozu pentsamendu horri buelta ematen? Zergatik ez duzu pentsatzen zer-nolako zortea duzun, egun garrantzitsu hau berarekin partekatzeagatik?».

Ez dakit esaten argumentu horrek konbentzitu ninduen. Zaila da orain 33 urtean eraikitako pesimismo murrua eraistea. Esan bezala, nire pentsamenduen errotazio ardatza apur bat mugitu zuen, besterik ez. Baina dakidana da, gomendio horretan, arrakastatsu deitzen diogun horietako baten mantra zein den detektatu nuela: zorte txarraren tortillari beti eman ahal zaiola buelta. Gertakari batzuk salbaezinak dira; baina beste batzuen kasuan, horiekiko dugun ikuspegiak markatzen du bizitzari aurre egiteko dugun modua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.