Google Maps-eko gizaki itxura duen panpina edozein lekutan askatzea bezala da, beti baitago zerbait esateko eta hamaika gauza kontatzeko zein isilpean uzteko. Neroni ere memoriaren Maps horretan bila ibili ostean, ia ahaztuta neukan pasarte bat etorri zait burura, eta, fresko berreskuratu ostean, lerro hauetara ekartzea erabaki dut.
Duela zenbait urte gertatu zen, urtero antolatzen zen haur eta nerabeentzako ipuin lehiaketa batean. Epaimahaiak argi izan zuen kategoria hartan zein lan zen besteen artean nabarmentzen zena eta zalantza izpirik ez zuen izan lehen saria emanaz. Etorri zen sari banaketa epaia jakin eta astebetera. Entzun zen ipuinaren pasarte esanguratsu bat, igo zen eszenatokira ipuinaren idazlea eta, lotsati, eskerrak eman zituen sariak ilusio itzela egiten ziolako. Sari banaketa ohiko argazkiarekin amaitu zen, eta antolakuntzak gogorarazi zuen urtebete lehenago irabazle izan ziren ipuinen bilduma eskuragarri zegoela eraikinaren sarreran.
Hartu zuen emakume batek ipuin bilduma hartako ale bat eta, lokartu aurretik, ohean ipuinak irakurtzen hasi zen. Hara! Ordu gutxi batzuk atzera egin eta auditoriumean entzun zuen ipuina irakurtzen ari zen oheko burkoen artean. Plagioa garbia zelakoan, etikaren bidea jarraitu eta lehiaketa antolatzen zuen erakunde publikora jo zuen emakumeak, bezperan bizitako egoera salatzeko. Erakundeak eman zion erantzuna ustez zuzena izan zen: saria kendu egingo zitzaion gazteari eta, adinez nagusia ez zenez, gurasoekin hitz egingo zen gertatutako argitzeko. Kendu zioten saria eta heldu zioten helduen arteko elkarrizketari. Uste dut jada aurreikusiko duzuela gaztearen etxekoek esan zutena: saria kentzea gehiegi omen zen eta ezin zitekeela saria eman eta ondoren kentzea, trauma bat izango zela gaztearentzat.
Erabat traumatuta bizi baitira nerabeak; hain trauma(tiza)tuta ze, frustrazioari bidea mozteko irtenbiderik onena jarrerarik erasokorrena azaltzea dela
Eurek dioten bezala, erabat traumatuta bizi baitira nerabeak; hain trauma(tiza)tuta ze, frustrazioari bidea mozteko irtenbiderik onena jarrerarik erasokorrena azaltzea dela. Kontatu dudana adibide soil bat da, bibliografia zabal baten orrialde xinglea. Udazkeneko perretxikoen modura agertzen dira kasuak baina gehienetan esparru pribatuan gertatzen dira.
Alabaina, noizean behin komunikabideen orrialdeetan hainbat datu azaltzen dira eta asaldatu egiten ditu hainbat, eta beste horrenbesteri lezioak emateko grina pizten zaio. Albistea berria baita: azken bost hilabeteotan 165 eraso salaketa jaso dira Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, denak ere ikasleek irakasleei egindakoak. Bildu dira bateko eta besteko iritziak, irakasleen alde egin dutenak eta beste bide bat ere hartu dutenak. Garai bateko OHOko zaplazteko, zimiko eta antzekoek benetako errespetua sorrarazten zuten batzuen ustez eta oraingo irakasleak ahulak dira halakoetan hasteko. Bada besteren bat irakasleei mezu argia uzten diena: greba gutxiago eta diziplina gehiago. Eta horren atzetik bihotzetik maitasun osoz atera zaion zuek lortu duzue hau guztia.
Iritzi bat edo beste izan, gehientsuenek erdigunean jarri dituzte irakasleak baina ia iritzi guztietan irakasleak horrek berak badu erru puntu bat gertatu den albistearen inguruan. Jotzen ez dutelako, gaizki; euren eskubideengatik greba egiten badute, okerrago. Eraso egin badiote, berak ere zerbait egin duelako izango da.
ELA sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela terapeuta edo psikologorik bermatzen erasoa izan den irakaslearentzat. Traumatuta bizi direnak eurak dira, baina egiazki terapiara plagioa egin ondotik harrapatua izan den nerabea joaten da, kulturgintzako gaizkile batzuek plagioa egin zuela esan eta Ctrl C – Ctrl V esfortzu mailarekin erdietsi zuen saria kendu zitzaiolako. Seko traumatuko gaituzue.