Lide Hernando.

Turismoaren kontraesanak

2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025a urte intentsoegia izan da niretzat, tarteka gehiegizkoa izan den lan-karga bat bizkar gainean hartu dudalarik. Potente zetorrela jakitun, ia-ia urte hasieran hartu genuen erabakia etxean: 2025a amaitu aurretik, bidaia luze bat egingo genuen; dirudunak ez garenok, behintzat, bizitzan gutxitan egiten ditugun horietakoa.

Etxean musikariak gara, eta gure elkarrizketa gehienek gai hori dute jopuntu. «Musikaria bazara, ez zaitez beste musikari batekin elkartu» dioen mantrari ez entzun egin genion bere garaian, eta orain jada beranduegi da atzera egiteko; beraz, lanetik at ere gai horrek ez gaitu bakean uzten (edo guk bera?). Nik betidanik izan dut nire musika gogokoenaren erroak bertatik bertara ezagutzeko gogoa, eta gogo horri jarraiki, bidaia tematiko ahaztezina antolatu genuen: New York – Chicago – Sant Louis – Nashville – Memphis – Clarksdale – New Orleans. Bluesa, gospela, jazza, soula, rock-and-rolla, countrya eta brass bandak bertan egiten diren bezala ikusteko aukera izango genuela pentsatzeak jada loa kendu zidan bizpahiru hilabete lehenagotik.

Bai, Ameriketako Estatu Batuetan izan naiz. Eta hori arrazoitzeko bi paragrafo xahutu ditut dagoeneko; 1.070 karaktere. Izan ere, oporretan joan aurretik jada hainbat pertsonak galdetu zidaten, tartean nire aitatxik: «Zer ikusten diozu herrialde horri?».

Bada, erantzuna oso zaila eta konplexua iruditzen zait. Abenduaren 29an joan ginen hara; eta guk geuk ere, Venezuelakoa jakin genuenean, lotsa sentitu genuen bertan egoteaz —ezta aurretik hobeak zirenik ere, baina tira!—. Lotsa, faxismoa besarkatzen duen herrialde bateko musika hainbeste mitifikatu izanaz. Lotsa, jende andana bertatik deportatzen ari diren bitartean —baita tiroz hiltzen ere—, gu bertan turismoa egiten aritu izanaz. Esperientzia polita bizi izanaz. Jende atsegina topatu izanaz. Bueltan, oraindik ere, musika horretaz maiteminduta jarraitzeaz.

El sentido de la birra podcastean Willy Toledo elkarrizketatu zuen behin Ricardo Moyak. Hark kontatzen zuen, aktore gisa irabazitako lehen soldata handiekin, bere lagunak oporretara gonbidatu izan zituela, tartean, baita AEBetara ere. «Nolatan, bada, AEBetara, komunista baldin bazara?» galdetzen dio ostera Toledok bere buruari, Moyak galdera hori egiteko astirik utzi gabe. Eta zera erantzuten du jarraian, nahiz eta ezin uka bere burua justifikatzeko behar baten itzala ageri zaiola aurpegian: «Bertako gobernua gorrotatzea eta bertako kultura maitatzea ez da kontraesana niretzat».

Ez dakit nik ere hori erantzungo nukeen. Ez dakit asebetetzen nauen ere. Ez dut, inondik inora ere, herrialde hori goraipatu nahi. Baina egia da ez naizela bidaiaz damutzen. Eta egia da, era berean, kultura aldetik, bertan sortu diren korronteak eta artefaktuak, istorioak eta ideiak, egungo gizarteak herrialdearen DNA kulturalean harro aldarrikatzen dituen horiek, komunitate zapalduengandik sortu direla. Gospela eta bluesa esklabo afro-amerikarrengandik; eta aipatu ditudan gainontzeko generoak, hurrengo belaunaldietako afroamerikar libre baina zapalduengandik. Halaber, 40ko eta 50eko hamarkadetako filmetako gidoi asko eta asko Europatik ihes egindako judu eta antifaxistek sortuak izan ziren.

Bertako jendearekin hitz egin dugunetan ere, ia denek bat egiten dute Trumpekiko gorrotoan. Zer gertatu da hor? Batzuek diote hauteskundeak Elon Musken sistema digital baten bitartez hackeatu zituztela. Nolanahi ere, kontua da kontradikzio etengabean bizi den herrialdea dela, eta hala bizi izan ditudala egun hauek.

Funtsean: herrialde bat turismoa eginez bisitatzerakoan, bertako gobernua onartzen ari zaretela esango zenukete?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA