Aspalditxo izan genuen hizpide hemen euskal oasia. Orduan argitu genuenez, sarri aipatu izan da gure historian, testuinguru asko eta erabat ezberdinetan gainera, baina Juan Mañé y Flaquer idazle eta kazetari katalana (1823-1901), euskaldunon adiskide eta mireslea bera, aipatu behar da nahitaez kontzeptuaren bataiatzaile gisa. Gerra garaian Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean frankistek okupatu gabeko euskal lurretan izandako jarduna eta giroa horrela izendatzearena etorri zen gero, edota gerraosteko euskal erbesteratuen antolaketa, besteak beste. Berrikiago, Procés-a gori-gori zegoenean, gaiztoki aipatzen zen euskal oasiarena, Madrilen batez ere, hemen bizi genuen giro lasaiarekin Kataluniakoa alderatzeko, agian horrela hangoak baretuko zirelakoan eta gu kutsatu ez.
Orain, ironiaz erabiltzen da batez ere. Eta etengabe. Norbaitek Euskal Autonomia Erkidegoan dauden arazoak agerian jarri nahi baditu, euskal oasia aipatzen du maltzurki, normalean EAJ aipatuz, baina justu kontrakoa aditzera emateko asmoarekin. Hemen bizi dugun egoera ez dela oasi batekoa, hain zuzen ere. Kontua da, ordea, ez dudala inoiz agintari edota buruzagi jelkide baten ahotan horrelako hitzik entzun; eta beraz, gezurtatzekotan, oasiarena erabili izan duten kanpoko kazetari eta analistei ariko direla gezurtatzen, eta ez inoiz metafora erabili ez duten hemengo politikariei.
Ukaezina da, dena den, badutela joera hemengo agintariek gauzak dauden baino hobeto erakusteko. Mundu osoko eta kolore guztietako gobernuek egin ohi duten bezala, bide batez esana. Estatistika izan ohi da horretarako tresna egokia eta horrela dihardu hauteskundeen atarian Gasteizko Jaurlaritzak etengabe, gezurrik esan gabe, baina azalpen zabalagoa behar duten datu hutsak eta hotzak eskaintzen, edota Estatuko erkidego txiroagoekiko alderaketa errazegiak egiten. Euren arteko etengabeko tronpa-soinuan, plaentxiarrek esan ohi zuten Eibarren txita beti zela oilo. Ez dago gaizki ekarria, gauzak puzteko joera dutenen ohitura deskribatzeko.
Ez dute arrazoi faltarik, beraz, agintarien autokonplazentziaz kexu direnek. Baina onar dezagun horrekin batera, oposizioa —ez soilik oposizio politikoa— marrazten ari den egoera apokaliptikoa ere ez datorrela bat errealitatearekin. Gehiegikerietan erortzen ari da sarri, agian hauteskundeen gertutasunak bultzatuta. Are gehiago, oso agerian geratzen ari da hemengo bigarren indar politikoak hiru lurraldeen erkidegoan duen jarrera ezberdina, Nafarroako eta Espainiako gobernuekin daukanarekiko, askotan gai berean gainera. Zer esanik ez Madrileko eta Nafarroako gobernuetan dagoen koalizioaren jarrerari buruz, nahiz eta kasu honetan ulergarriagoa den, euren gainbehera eta noraeza ikusita. Gorago ere esan dugu errazegi egiten dituela Eusko Jaularitzak alderaketak Estatuko erkidego txiroagoekiko, baina badu arrazoia eman ohi duen beste datu batekin: askogatik greba gehien daukan erkidegoa da EAE. Zenbait deialdi ikusita, oso aztertzekoa da, adibidez, arazo bertsuen aurrean zergatik duten askok hain jarrera ezberdina Hegoaldeko beste erkidegoan.
Aztertua izaten ari da aspaldion jendartearen nekea, bizitzen ari garen krisi etengabeen zirimolan. Toki guztietan ari da aldatzen jendearen jarrera agintariekiko, paradigma aldaketa baten baitan gaude horretan ere. Giro hori pagotxa izan daiteke oposiziotik lanean dabilenarentzat, aliatu indartsua. Baina dena izugarri gaizki dagoela esaten berehalako etekina atera nahi duenak jakin beharko luke agian bihar-etzi bera izango dela hauspotu duen giroaren biktima. Zaila bada ere, arazo konplexuak eta krisi sakonak gestionatzeak sarriago eskatzen du guztien partetik enpatia ariketa gehiago. Txita oilo ikusten duenari ondo dago egia esatea. Baina txita txita dela ukatzea ere ez da bide egokiena, hori itsukeria da.