Azken hilabetean out egon naiz,
azken hilabetean at egon naiz,
mundutik at samar
eta aurreratu nahi nuke artikulu hau aktualitatetik kanpo tartetxo batez egon den batek idatzia dela. Ospitale zuloan eman dut azken hilabetea, udazkena zauri batekin estreinatu baitut, eta zauri horrexetatik idatzi nahi nuke gaurkoan.
Denok izan(go) dugu orban bat nonbait, noizbait, nolabait. Hau nirea da, baina ez al da zauria unibertsala? Denok izan(go) dugu bizitza urrundik eta perspektibaz ikusteko bezalako zauri bat nonbait, noizbait, nolabait.
Ospitaleetako airea lodia da. Hain da lodia, non korridoreetan dragoiak eta erroiak, mamuak eta fantasmak, amets gaiztoak eta aiztoak, sugeak eta otsoak dabiltzan. Hain da potoloa, non itxarongelak itxaropenez betetzen diren, eta zain dauden zaintzaile, zaindari, erizain eta zainduez. Ospitaleetako airea hain da dentsoa, non logelak tristeziaz eta eresiaz goraino dauden, eta maitasunez eta izuez hantuta dagoen giroa.
Hor barruan ez dira egunak sentitzen, gaixo denak ohatiletan etzanda (d)(g)aude; hor barruan denborak gau luze bat dirudi.
Kirofanoetako pasillo ertzetatik Bizitza eta Herio paseatzen dira aldiro. «Eta zer mundua akabatuko balitz?» galdera eslogan bat da. «Mundua akabatuko balitz, gaurko udazkenak azkena lirudike» pentsatzen da.
103 logelako leihotik Mundua ikus genezakeen, mundu etengabea: milaka kotxe errepidean, abiadura eta lana, sortu dugun giza oihana: miseria eta histeria. Adreilu gorriko eraikin multzoak. Eta gero, goian dugun ortzi handia, bere zeru zatiak. Gure betiko astro zaharrak; Eguzki maitea, Ilargia eta izarrak. Beherago zementua, etxeak, gu geu eta kaleko bazarrak.
Baina, et: Mundua ez da norberarekin akabatzen. Mundua utzi egiten dugu. Udazken eta neguak gu gabe ere existituko dira.
Bihar hego haizeak gu gabe ere joko du; itsasoa leunduko. Landareak berdin-berdin irtengo dira baso-baratzeetan. Miruek beti bezain eder kantatzen segituko dute. Bihar ere metalezko pertsiana hori irekiko du tabernariak. Gu gabe ere existituko dira barreak, negarrak, (des)amodioak; kontzertuak, egun perfektuak, urmael eta desertuak. Inurriak gara gure zibilizazioaren txikitasunean. Galaxia erraldoi bateko partikula ikusgaitz ñimiñoak. Izarren hautsa. Munduak gu gabe aurrera darrai. Eta eskerrak.
Baina batek ez daki zein den bere bizi-orbita, zerbaitek dena zauriaren bueltan-bueltan kokatzen duen arte. Ez nuke inoiz esango jaso dudan maitasun eta zaintza oldea erauntsian eroriko zitzaidanik. Hunkidura malkoz betetzen zaizkit begiak. Horrela puztu zait bihotza. Potolo-potolo egin arte. «Bihotza hanpatu zaio. Inflamazio bat», esango lukete medikuek. «Ez da bere barruan kabitzen».
Horrela, aita ohe ondoko butakan inklinatuta gozo lo
horrela, amaren hegalpe eternoan
horrela, ahizparen eta lagunen bizitza dosiez epelduta
horrela, nire maitatuen usain-partikula ezagunak aire lodian zintzilik
horrela, etxea zirudien ospitaleko 103 gela hartan
horrela,
une labur batez bakean hil nintekeela sentitu nuen.
Eta orain hartz handi bat dirudit udazken-neguko hibernazioan, lozorro sakonean. Zauria etxeko senide eta lagunen beroaz sendatzen ari zaion ugaztun nagi mantso bat. Eta zuen baimenarekin udazken-brindis bat egin nahi nuke egunkari honetan ere; plazeraren eta maitasunaren alde, eguneroko gauza xinpleen alde. Topa! Biba Bizitza eta Bigarren Bizitzak!
Bihotz loditu honetatik, eskerrik asko.