Garazi Kamio Anduaga.

Ulertu

2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Ez nintzen Durangon izan zubi luzean eta esan dezadan publikoki: jaio berria nuen letretako haurra zaintzaileen eskuetan utzi nuen Landakon, beste idazleen haur jaio berriek bezalaxe neureak ere bere bidea egin zezan.

Ez dut bolboraren formula asmatuko Durangoko Azoka aldatu dela esaten badut. Gu ere aldatu gara, gizartea aldatu da eta bizirauteko aldaketak beharrezkoak dira. Aldiz, sumatzen dut baita ere postureoaren izenean joaten denik ere badela: Durangora joan beharra dago, handik eta hemendik ibili beharra dago eta etxeko apalategian hutsune bat betetzeko liburua erosi beharra dago.

PISA txostenaren emaitzak Durangoko Azokak ateak ireki baino ordu batzuk lehenago iritsi ziren. 2022ko emaitzak izan dira begien aurrean jarri zaizkigunak eta desastrearen pareko izan omen dira: Titanic hondoratzen ari da eta ontzian geratzen diren azken biolin-joleek ez dute partiturak irakurtzeko gaitasunik. Zulora omen goaz eta urte gutxitan erritmo berean bagoaz, alfabetatu gabeko haurrak izango ditugu, gutxi gorabehera.

PISA txostena eskoletan zein institutuetan egiten denez, deskalabruaren errudunak aurkitzeko eraikin perfektuak dira: matematikarako gaitasuna murrizten doala? Jarri eskolara begira. Ulermena ere hutsaren parera iristen ari dela? Badakizu nora begiratu.

Ez naiz Durangon izan, baina Katalunian bai. Eta hara, han ere ireki dituzte PISA txostenaren emaitzen gutun-azalak: Titanic-a ere hondoratze bidean da Mediterraneo itsasertzean. PISAk han daukan sintomatologia hemengoaren bera da: ulermenean kaputt. Jokin Bildarratzek COVID-19ak ekarri zuen eskolaren aldaketa hura jarri zuen emaitza baxuen arrazoi modura. Bai, litekeena da eskoletako profesionalek behar bezalako baliabideak ez izatea garai haietan euren ikasleak egoki artatu ahal izateko, baina hura pasatu zen eta behera doan malda ez da leuntzen.

Europan ere beherakada gertatu omen da eta, tira, gu bakarrik izan ez garenez, egin dezagun lo lasai. Zulora baldin bagoaz, joan gaitezen guztiok eskutik helduta.

Eskolako edozein jarduera ulertzeko hitzak ezagutu behar dira, hauek ulertu eta pazientziaz deszifratu. Sistematikoki egiten den irakurketak denbora behar du dena bere lekuan jartzeko, bestela nola hau ea ulertuko zuk esaldi zenukeen. Lerro hauetara iristearen pazientzia izan duzu, irakurtzera ohituta zaudelako. Bada, gure inguruko hainbat haurrek eta gaztetxok ez dute irakurtzeko pazientziarik. Natibo digitalak izanik, ikus-entzunezkoa hamaika aldiz gehiago atsegin dute, baina hemen ere pazientzia murrizten ari zaie. Pentsa, ikerketen arabera, egungo haurrei oso zaila egingo zaie ordu eta erdiko iraupena duen film bat ikustea. Bi minutu inguruko iraupena duten bideoak ikustera ohituko dira eta luzeagoa dena arbuiatu egingo dute. Gozoak gaude gu testu bat irakurtzen jartzeko.

Ados egun Europatik datorren konpetentzia bidezko ikasketak hutsune larriak dituela, baina ez diezaiogun beste behin errua eskolari bota. Haurren irakurketa-ohiturak etxean sustatu behar dira eta haurrek etxekoak dituzte beti ispilu. Eskolak duen karga gehiegizkoa da, urte osoa kontuan hartuta haur batek urtearen %16 soilik pasatzen baitu eskolan. Irakatsi irakurtzen, ulertzen, matematikan onena izaten, pertsona ezin hobea izaten, Agenda 2030eko izarra izaten, gutxienez hiru hizkuntza menderatzen, sukaldaritza ikasten, euskara salbu ikusi arte bizarra moztuko ez duen militantea izaten eta batez ere konpetentea izaten. Hain erraza baita inkonpetente izatea norberarenean...

Durangon ibili den letretako jaio berriari galdetuko diot ea zenbatek laztandu duten eta jada gasta-gasta eginda dagoen libururik ezagutu al duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.