oihana arana

Ura burutik behera

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Historia ikasteko motiboetako bat aurrekoek egindako akatsak ez egitea dela esaten ziguten Bigarren Hezkuntzan gizon boteretsuen izenak bata bestearen atzetik esaten zizkiguten bitartean. Napoleonek egindako akats bera egin ei zuela Hitlerrek; historia ikasi balu bestelakoa litzatekeela mundua orain. Historia ikasteko gakoa hori baldin bada, hobe izango da batzuek historiaz ezer ez jakitea. Ez dakit logikoa den. Niri hala iruditzen zait.

Badaude iraganeko kontuak entzun, irakurri eta konprenitzeko arrazoi interesgarriagoak, moralki zuzenagoak. Aldiro hutsetik ez hastea, adibidez. Aldiro aurretik inork ezer egin ez balu lez ekitea, etsigarria izateaz gain, esanguratsua ere bada. Noren historia jasotzen, gogoratzen eta transmititzen den pentsatzen laguntzen du.

Ez naiz ni istorio handien zalea; gurago dut egunerokoa, domestikoa, etxe ondokoa. Ez dut esango nire zilborrari begira bizitzea gustatzen zaidanik; baina begiak inguru hurbilean jartzeak non kokatzen nauen ikustea gustatzen zait. Autobusetako jendeari begira egotea, esate baterako. Haiek neurekoa diren bezalaxe, autobuseko pertsona horien paisaia urbanoaren parte naizela ohartzeak deseroso sentiarazi izan nau sarri. Baina deserosotasun hori interesgarria da. Sortzailea da. Piztu egiten nau. Polita da itxuraz norbanako oro ezabatzen duen hiriaren barruan errutinakideekin begiradak konpartitzea.

Opor garai honetan ez naiz kanpoan izan. Ezin esan dezaket, ordea, turistarik ikusi ez dudanik. Donostian bizitzearen ajeak edo Donostia salduta egotearen ondorioak. Ez dakit. Etxetik ateratzeko baimena eskatu beharraz idatzi izan dut inoiz, gaurko heldulekua antzekoa da, baina irritik begiratu nahi izan diot auziari. Batez ere, zuek ere izango zinetelako, akaso, halako turistak gure mugetatik haraindiko hirietan. Denok izan gara Eiffel dorreari argazkia ateratzen ari den pertsona hori, Madrilgo Sol plazan kafesnea eskatzen ari den hori. Beste non eta noiz batean. Baina guk ere izorratu dugu jendea. Guri ere deitu digute atentzioa. Turismo jasangarria zer den oraindik ez dut ongi ulertu. Eta egiari zor, ez dakit baden.

Egun hauetan eguraldia gorabeheratsua izan da, harro ibili da itsasoa. Gauza gutxi dira itsaso zakarra baino magnetikoagoak. Irudi gastatuegia da, badakit. Baina egia baldin bada esan egin behar da. Estrategikoki egin dut Donostiako Paseo Berrirantz hamar bat minutuko ibilalditxoa, etxeko terrazan baldin banengo moduan petrilean eseri eta hantxe egon naiz urari begira. Klima aldaketa da, edo itsasoari berea zen espazioa kendu izana. Biak batera seguruenik. Baina urtean behin baino gehiagotan bustitzen da pasealekua eta bertan egoten da jendea, koloretako xira plastikozkoekin estalita, mugikorreko kamera ziztrinak erabiltzen jakin gabe argazki bikainak atera guran. Ilargi beteari argazkia ateratzea izango da itsasoa eder fotografiatzea baino zailagoa den ekintza bakarretakoa, seguruenik. Barandatik hogei bat metrora-edo egon naiz, trankil. Lagunarekin berriketan. Lauzpabost minutura, itsasoarekin xarmatuta turista bat gerturatu da barandara eta braust! olatua gerriaren parera. Beste hiru minutu, eta beste bati zapla! ura burutik behera. Bost minutu orduko, hirugarrena ikusi dugu emazteari aldean pixik egin ez duela esaten. Euria ari du. Eta hotza. Bustitzea ez da pozteko motibo bat izan, ez bada haserretzekoa, amorratzekoa eta katarroa hartzekoa. Gehientsuenek duintasun performance nahiko sinesgarriak egin dituzten arren, intuitzeko erraza izan da haien barne oihua.

Historia ikasteko aski arrazoi den ez dakit, baina blai egotearen ondorioz katarroa hartzea baino hobe izango da geure antzekoak zertan aritu diren ikustea. Eta batez ere, bertakoek itsasoa nondik begiratzen duten jakitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.