Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Urte beteak

2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Duela zortzi nire urtemuga izan zen. Batzuek ez bezala, biziki maite dut jaio nintzen eguna, eta aurreko astean zehar nire inguruan daudenei gogorarazten diet ia une oro. Bai, badu umetasunetik eta bizitza ospatzeko behar horretatik. Esker onekoa izatea nire helburu nagusien artean baitago, eta nahitaezkoa zait honetan ere horrela jokatzea, bizirik jarraitzen dudala omentzeko eta maite ditudanekin besta egiteko. Bereziki nire amarekin, bera bitan zatitu baitzen ni mundu ero eta eder honetara ekartzeagatik. Zorionak zuri ere, ama! botatzen diot urtero, berak lortu baitzuen planetako beste lurralde eta toki batzuetan emakume askok ezin dutena, euren haurdunaldiei bizirautea eta jaioberriak besoetan izatea. Muturrekoa eman dezake azken gogoeta horrek, baina niretzat bizitza eta heriotza beti daude esku emanda, beti daude izateko prest. Akaso bien arteko harreman estu hori ahaztu ohi dugu, urteak betetzearen esanahiaren atzean gazte izateari uztetik gehiago dagoelako egun, munduan jarraitzetik baino.

Ekuazio matematikoari so eginez bizi gara: urteakkolagenoa + gaixotasuna = zahartzaroa. Behin batean gaztetasuna dastatzeagatik etorkizunean saihetsezina zaigun eta pairatuko dugun derrigorrezko zigorra. Krudela da gero pentsaera hori bultzatzen duen gizartea, zimurrek idatzitako liburu baten orrialdeak baino, demoniozko tolesturak bezala bizi dituenak. Sare sozialetako filtroek zure esperientziak desagerrarazten dituzte liraintasunaren izenean, eta bideojokoek unibertso digitalean sekula ahuldu eta maskalduko ez den gorputz bat ematen dizute. Bitartean gure nagusiek iraganean zuten buruzagitzatik gabetuta, zokoratuta gelditu dira, eta umeak bailiran tratatzen ditugu. Zein mundu aldrebesa!

Garbi dago inork ez duela gustuko bere ipurdia zorutik gertuago edukitzea bere burutik baino, edota ikusmena galtzearen deserosotasunaren desfokuratzean bizitzea, baina urteak betetzeak baditu mila bedeinkazio ere. Besteek zer pentsatuko dutenaren axolagabekeria ahogozatzea horietako bat. Denboraren efektibotasuna baino afektibotasuna lehenestea. Zeure buruarekin duzun harremanaren zaintzan astia ongi erabiltzea... Azkenean, aurrera egitea horretan datza, husturik zegoen denbora espazio hori bizitzaro asebete bilakatzea, kandela bakoitzaren atzean gizabanako hobea egin zaituen bizipena gordetzea eta putz egiten duzun bakoitzeko jarraitzeko ilusioak biziberritzea.

Neure burua matrioxka baten moduan sentitzen dut, izan naizenaren geruzak bata besteari gainjartzen zaizkiolarik DNA-ren antzera, aurretik etorri direnen aztarnak gurean diharduelarik. Hainbeste gauza pasatu behar izan dira zu eta ni orain eta hemen izateko, ospatzea besterik ez zaigula geratzen, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Etorriko denari aitzinez aitzin begiratu eta musukatu, urtebetetzeak urte beteen hasiera izan daitezen eta ez ezkutatu beharreko mugarri. Inork kendu ez diezazula urte guzti hauetan isuritako malkorik ezta eztandan bukatutako irririk. Mafaldak zioen moduan, ze axola du zenbat urte dituzun? Azken finean, bizitzako adinik onena bizirik egotea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.