Pauline Guelle.

Ustelkeriaren icebergaren punta

2026ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zen alimaleko trikimailua izan. Behin, herriko kontseilu faltsu bat egin kontseilarien izenpedura imitatuz. Horrela, auzapezak merkatu publiko bat bere enpresari eman. Obrak egin. Eta pagatua izan.

Besteak enplegatzaile publiko baten izenpedura faltsifikatu zuen. Postua eskuratu eta soldata onaz gozatzeko. Konpetentzia eskasak delitua agerian utziko zuen. Egitura publikoaren aurrekontuak ezin kudeatuak bilakaturik. Haren probetxuko izan zena?

Hirugarrenari diruari adikzioa sortu zitzaion. Jokoei loturik, hiru milioi euroren diru funtsen desbideratzea leporatu diote. Behin eta berriz ber mekanismoa erabiliz, sistematikoa bilakatu zen jokamoldea. Horiek denak administrazio publikoaren kalterako. Herritarren kalterako.

Hirurak elkartu ziren terapia berean. 2026ko kasu guziak epaituak izan ziren agorrileko, eta irailetik aitzina hasi zuten prozesua. Hain zuzen, Ipar Euskal Herrian esperientzia bat plantan ezarri zuten ustelkeria kasuetan errudun atera zirenentzat. Astean behin, psikologo batekin biltzeaz gain, terapia kolektiboaren proposamena ukan zuten. Bi aditu ziren eramaile: Anna psikologoa eta Teo jurista. Justizia sendatzailetik sortutako tresnak erabiltzeko asmoz sortu hitzorduak hasi zituzten. Hala ere, biktimarik ez zen. Edo bai, herritar guziak ziren biktimak. Hots, aitortza eta elkarrizketa eramateko ez zen pertsona fisikorik. Nola asma?

Banaka hasi ziren hitza hartzen haiena esplikatzeko. Gertatu zitzaiena ez zutela ulertzen adierazi zuten hirurek. Iduri eta haien burua justifikatu nahi zutela; oraindik auzitegian balira bezala. Zergatik hor ziren ezin asma. Batzuetan, alta, ondokoak egin zuena begi txarrez ikusten zuten. «Egin dudanak zurearekin ez du deus ikustekorik», «epaileek ez dute ulertu», «jujeak ustelkeria hitza baliatu zuen bere fama handitzeko», «akats ttipi bat baizik ez dut egin»… Horrela amaitu zuten lehen saioa. Ukazioan eta defentsan.

Hurrengo saioetan tentsioa apalduz joan zen. Bazterrak eta barnak lasaitu ziren: prentsak ez zion gehiago jarraitzen. Bakoitzaren argi-itzalak agertuz joan ziren. Psikologoak eta juristak perfilak josten ari ziren. Ekintzaren motibazioak, helburuak edota erranahiak. Alta, berriz gerta ez dadin —hori baitzen esperimentazioaren helburua— sos publikoaren desbideraketak eta faltsifikazioak esplikatu eta onartu behar zituzten. Hori zen zailena, parean ez baitzen nehor.

Zer erran nahi zuen 200.000 euro edo hiru milioi euroren hartzeak nehorena ez zen kutxan?

Problematika alderantziz hartzera ekarri zituzten. Denen dirua zela eta iruzurra ,beraz, ondasun komunaren kalterako zela. «Haiena ez zela iruzur handia», «beste batzuk askoz kalte gehiago eragiten zutela diru publikoarekin», «eman zutenaren ondoan, ez zela deus ere».

Emeki-emeki hasi ziren aitortzen. Diru publikoa ikusten zuten arrunt kutxa fikziozko bat bezala. Banku kontu ireki bat bezala, nehork ez baitzion kasu gehiegirik ematen. Funtsean, haien kontu pertsonala balitz bezala ere kudeatu zuten. «Guk genuen aurrekontua kudeatzen», «guk genekien zer zen on edo ez herriarentzat», «nehork ez zuen kontrolatzen; beraz, ez da gure errua»…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA