Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi eta gero, honako hau esan zuen Alaia Martinek berripaper honetan: «Bertsoak eman didan gauzarik onena lagunak izan dira». Antzeko adierazpenak egin zituen Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Txapelketa bigarrenez irabazi eta gero ere: «Benetan sentitzen dut bertsolaritzak eman dizkidala nire bizitzako lagun onenetako asko. Eta hori nik bertsolaritzari eskertuko diot beti. Bertsolaritzak erakutsi didana erakutsi dit bertsolaritzako jendearen bitartez. Eta elkarrekin pentsatzen ari gara bertsolaritza, baina ez hori bakarrik. Elkarrekin ari gara pentsatzen mundua, eta gure arteko harremanak ere bai». Besteak beste, bi hauei begira hasi ginen gu bertsotan, haien kantuekin txunditu gintuztelako jarraitu genuen gerora. Eta bereziki emozionatzen nau adiskidetasunari buruz diotenak; egia dela badakidalako. Guk ere horregatik jarraitu dugulako bertsotan.
Ezinbestean narama honek guztiak Señora Sariketara. Orain dela bost urte lagun batzuek sortutako ekimena da, bertsolaritza transfeminista aldarrikatzen duen bertso sariketa bat. Lehia birpentsatzeko, epaitzeko moduak berrasmatzeko, bertsozale berriak sortzeko... ahalegina egin du azken urteotan, eta bide horretan ahaztuko ez ditugun momentuak eta harremanak sortzeko aukera eman digu. Lehenengo lau edizioetan batez ere plazan ari diren bertsolariek hartu dute parte, genero disidenteak eta emakumeak denak. Lagunarte ederrean egin ditugu saioak Euskal Herriko hainbat txokotan. Eta edizio bakoitzak izan du bere zera berezi hori.
Adiskidetasunaz, bertsolaritza transfeministaz, Señora Sariketaz... hitz egin ahal izateko, halere, komeni da idealizazioa albo batera uztea tarteka. Ukaezina baita baditugula bertsotan bikainak ziren arren bertsoa utzi zuten lagunak. Bertsoak utzi zituen ala eurek bertsoa, bertsio diferenteak egongo dira seguruenik. Baditugula beti bertsoaren inguruan ibili izan diren arren sekula plazan ikusi ez ditugun lagunak. Ez duten nahi izan edo ez dieten utzi, bertsio diferenteak egongo dira seguruenik. Baditugula sekula entzun ez ditugun arren, bertsotan hasi eta zeharo harritzen gaituzten lagun asko. Txarrak direla uste duten edo txarrak direla esan dieten, bertsio diferenteak egongo dira seguruenik.
Hori guztia kontuan hartuta hasi ginen V. Señora Sariketa antolatzen. Zerbait berezia egiteko baliatu nahi genuen urteurrena. Hori dela eta, euren bertsolari ibilbidea eten duten edo bertsolari ibilbide egonkorrik izan ez duten bertsolariak gonbidatu ditugu aurten, eta ezin duzue imajinatu zer ari den izaten. Bi kanporaketa saio jokatu dira honezkero, eta bihar izango da final handia Iruñean. Badu klixetik orain esatera noanak, baina benetan ez zait inportantea iruditzen finalean nork kantatuko duen esatea; sariketak eman digun onena ez baita hori izan. Ez bada izan poza, zirrara, emozioa. Berriz bueltatu daitezkeela sinestera garamatzan indar kolektibo bat. Denek egin dituzte oso saio onak, eta onena hori da, inor ez dela harritu. Bagenekielako. Bagenekielako injustua zela haien isiltasuna.
Burugogor jarri ginen eta opari bat egin digute. Eurek entzuteko gogoa genuelako kantatu dute euretako askok, apur bat astunak izan garelako beste batzuk. Behin utzi duzun / bota zaituen (aukeratu nahi duzun bertsioa) espazio batera bueltatzea ez da erraza, eta eskerrak eman nahi dizkiet horregatik. Eskerrik asko bueltatzeagatik. Eta bereziki, eskerrik asko urte hauetan guztietan gure lagunak izaten jarraitzeagatik.
«Oihanitaas, zelaan? Artikulua entregatukoet, bakazu ratillo bat irakurtzeko?», idatzi zidan Aner Peritzek asteazken goizean. «Joe! Nik nahi dot Señora barikuko artikulorako!», erantzun nion. Berdin dio. Inoiz ez dugu behar beste berba egingo V. Señora Sariketari buruz.