Irati Zubia Landa.

'Work Bitch'

2025eko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hozkailuaren aurrean zutik, norbere etxean lapurretan bezala, gosaltzen duzuenoi. Zapatak trakets lotuta toporako bidea arineketan egiten duenari. Belarrietan hautatu zenezakeen abesti tristeena daramazun horri. Edo aktibatzeko reggaetona jarri, baina oinak arrastaka dakartzanari. Eskumuturrean tendinitisa duzuen lesionatu kronikoei. Zuri, azazkalak berde distiratsuz pintatu, baina horrek hozkaka zabaldu dituzun hatz bizarrak disimulatu ez dizkizunari. Sua piztuta utzi duelakoan egunero panikeatzen dutenei. Dutxatzeko astirik ez eta ilea moño batean bilduta daramatenei. Atsedentxo bat egiteko mugikorra hartzen duzun horri. Modu diagonalean irakurtzen nauenari, tuperra motxilan zabaldu zaion mundu guztiari. Igogailuan granoak lehertzen eta zuen ametsen atzetik zabiltzatenei. Ilunabarrak autobidetik ikusten dituenari. Zuei denoi idazten dizuet. A toda ostia ari naiz idazten. Ni ere zuetako bat naiz.

J. E. Valls Boixek filosofo katalanari kopiatu diot paragrafo horren oihartzuna. Nagiaren Metafisika da liburua, existentziaren runner guztioi zuzenduta dago. Lanaren logikak izatearen zirrikitu guztiak hartu dituen garaiaz dihardu. Sentitzen dut, irakurle, aldarte honekin abiatzea lehen zutabea. Baina magnum zaporea zerion testua idazteko ere berandu nabilela iruditu zait. Nik ere nahiago nuke izan horizontal, baina terribleki bertikal sentitzen naiz.

Valls Boixen tesietako bat zera da: lanaren esplotazioa gauza berria ez den arren, akaso garaiaren sintometako bat dela horrekiko menpekotasuna. Laval eta Dardotek «la nouvelle raison du monde» zioten neoliberalismoaz; alegia, horixe sistema ekonomiko bat izateaz harago, etekin handiena ateratzearen logikak gure biziaren aspektu oro gidatzen duela. Paul Lafarguek aipatzen zuen lanarekiko adorazioarekin du zerikusia honek. Britney Spearsen Work Bitch kantuan nola, lana eta desira elkarrekin kateatu dira. Desiragarria den bizia etengabe estimulatua dabilena da. Hortik kanpokoak ez du baliorik. Hortik kanpo ez duzu balio.

Bulegoko multitaskinga, kiroldegiko spinninga, biziki desio duzun opor esperientzia edota mugikorreko txatean pilatzen duzun maitale zerrenda. Beti dago zer hobetu, zer gehiago pilatu, zer kontsumitu. Zein amets bete, norbere burua nola autorrealizatu. «Betiko martxan» indiferentea botatzen diogu elkarri, baina martxa abiada ezin zoroagoan doa. Gelditzeak sortzen digu halako izua, dio Valls Boixek. Baldintza materialek uzten ez digutelako edota geure buruari porrot hori baimendu nahi ez diogulako.

Leher eginda zaude, baina ziztu bizian zoaz. Eta bestela, atzetik egiten dizute bultza. Barthesek zioen nekea dela gorputzak euskarri huts izateari utzi nahi diola esateko duen modua. Horixe pentsatzen dut, autobuseko eserlekutik ikusten ditudan buruek aharrausi egiten dutenean. Aharrausi hori dela errieta bat, gorputzaren auhen bat. Duela mende erdi bat, SPK erakunde politiko eta terapeutikoak estresa eta gaixotasun asko protesta sozialen zeinu izan daitezkeela esan zuen. Kapitalismoan, ordea, horiexek norberak kudeatu beharreko tramiteak dira. Zenbat ibuprofeno meriendatu dituzu iraila hasi zenetik? Zein izango ote zainetan daramazun kafeina dosia?

Valls Boixek nagiaren apologia egiten du. Zurrunbilo honetatik ateratzeko: gelditu. Siesta bota edo Britneyk bezala ilea rapatu, zutaz espero den ororekin hautsi. T'entenc company, perĂ² no ho acabo de veure. Ulertzen dut ezer ez egitearen premia. Alabaina, mundu honetan urgentziazko gauza mordoa dago egiteke. Pentsa, Spotifytik ateratzea edo Israeli boikot txikiena egitea sekulako tramite pisutsua iruditzen zaigu maiz. Nola egin uko ia 24 orduz zabalik dagoen Carrefourrari? Horrek gure bizi erritmoa izugarri trakestuko luke! Geldi gaitezen, ados, baina denok batera. Siesta, izan dadila siesta kolektibo eta geldialdia greba. Ez dakit azken horri buruz zerbait esaten zuen Valls Boixek, ziur baietz. Baina presaka nabil gaur ere. Ezin izan dut liburua amaitu liburutegiak emandako epean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.