lizar begona

Zerbait dastatu

2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti maite izan ditut zerbait dastatu osteko tertuliak. Zerbait horren zapore eta inpresioen gaineko teoriak, sentsazioen berbalizazio saiakerak, bost lagunek gauza bera digeritu osteko argudiaketa konpartituak; beti gustatu izan zait zentzumenek jasotakoa esplikatzeko hitz aspertua. Are erakargarriago zaizkit haserre edo pasio puntu batekin, baina beti xehe, eraikitzen diren alegatuak. 

Zerbaitekiko gustuaz hitz egitea ez da huskeria. Ematen du baietz, «gustatu zait» edo «ez zait gustatu» esatearekin kitto, egin dugula. Eta bi parametro horietan ezin dezakeguna sailkatu: «ez dut ulertzen». Erraza dirudi: a, b, c. 

Abeze bera aplikatzen dugu batzuetan erakusketa areto atarian. Kontzertu ezezagun batetik bueltan, abeze. Edozein performance ikusi ondoan, abeze. Poema liburu esperimental edo nobela arrarotxo bat irakurri, eta gauza bera. Eta maiz, agian maizegi, gure lengoaia-eskemak apurtzen dituzten lanen aurrean c-ra jotzen dugu. 

«Ez dut ulertzen» esaten dugun bakoitzean, geure buruari kritikarako autonomia nolabait ukatzen ari gatzaizkio. «Nik poesia ez dut ulertzen» entzun izan diet sarri lagun gehiegiri. Sarriegi. Elite intelektual sinbolikoren batek lerroartekoa esplikatu beharko balu bezala. Edo literatur kritikari entzutetsu batek azaldu beharko baligu bezala zer izan den irakurri berri dugun liburu estrainio hori. Instrukzioen edo gida-orrien beharra sentitzea zerbaiten sintoma da. Beldurrarena, akaso. 

Territorio ezezagunetan aurkitzen dira gauzarik ederrenak, horrelako lurrak habitatzen dituzte haurrek egunero. Horra berriro ume izateko behar zenuen aitzakia

Joan den astean Leire Vargasek Harkaitz Canori Argia aldizkarian egindako elkarrizketak lehendik nituen hainbat ardura eta susmo perfilatu dizkit, eta ideia andana utzi dit buruan dantzan-dantzan. 

«Nik gerra handia daukat, bereziki, ez ulertzearen kontuarekin, ez ulertzearen paralisiaren kontra. Txikitatik erakutsi behar zaie umeei ez ulertzea kitzikagarria dela. Ez ulertzea da ulertzen hasteko lehenbiziko pausoa; beraz, goza dezagun ez ulertuta. Eta, gero, iritsiko gara ulertzera, edo ez, eta alde egingo dugu. Baina zer da orain ulertzen duguna? Garai batean ulertzen ez genuena». 

Geurean ez omen dago tradizio dialektologiko irmorik literaturaren gainean luze eta lasai aritzeko. Eta zer esan museo zirkuitu instituzionaletatik irteten diren arte espazioetako eskaintzaz, eta horien gaineko kritikaz. 

Ez ulertzea, haurtzaroan bereziki, ez da oztopo bat. Jolaserako eta esploraziorako aitzakia baizik. Umeek ez dute den-dena ondo ulertu behar jolasten hasteko. Jakin-minak daramatza. Ezagutzen ez dutena haztatzen dute, jostailuak ukitzen, kolpatzen eta miazkatzen dituzte, keinuak etengabe errepikatzen, hankaz gora eta atzekoz aurrera alderantziz probatzen dute dena. Eta ez dira beldur. Ez dira epaituak sentitzen. 

Hitz egin dezagun deseroso sentiarazten gaituzten lanez. Ulertzen ez duguna zergatik ez dugun ulertzen. Mintza gaitezen horretaz. Gustatzen zaiguna zergatik gustatzen zaigun. Argudiatu dezagun bi hitzez haratago. Ez dadila izan kupula baten zeregina. Irakur dezagun beldurrik gabe edo, ostera, uler dezagun nondik datorkigun izua. Territorio ezezagunetan aurkitzen dira gauzarik ederrenak, horrelako lurrak habitatzen dituzte haurrek egunero. Horra berriro ume izateko behar zenuen aitzakia. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA