Inaki Galdos

Zertzeladak

2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1924an jaio zen Bilbon Excelsior kirol egunkari arrakastatsua. Javier Gortazar handiak Euzkadi eta La Tarde osatzen zuten taldean sartu zuen eta, horrela, garai hartan susperraldian zegoen euskal nazionalismoaren hedabideen indarra hazi egin zen. Zazpi urte iraun zituen egunkariak: jelkideen artean zeuden tirabirak kutsatuta (Comunión eta PNV berrelkartu bai, baina konforme ez zeudenek ANV sortu ere bai) desagertu zen. Bere historian zerbait azpimarratzekotan, esan dezagun egunkari hura izan zela lehenengo aldiz Euskal Herriko Itzulia antolatu zuena; txirrindulariena, argi dezadan badaezpada. Egunkariaren historiak, bertako sortzaile eta kazetarienak (ibilbide politiko mingarriak barne) kronika berezia merezi dute, baina ez da hori gaurko lerro hauen helburua.

Euskal pilotak ere toki berezia zuen Excelsior-en. Bere kronikari nagusia Juan Irigoyen Guerricabeitia zen (Bergara 1884, Bilbo 1964). Ez kronikaria bakarrik, kirolaria ere bai, eta propagandista. Euskal mendigoizaletasunak ere zor dio zerbait. Kontuan hartzeko biografia berea, beste askorenak bezala ahaztua daukaguna. Zenbait adituren ustez, Juanito (hala deitzen zioten) izan da euskal pilotaren historian izan den kazetari eta kritiko handiena, jakitunena. Zorrotza ere bai: adibidez, pala motza modalitateagatik «palaren prostituzioa» zela esaten zuen.

Bada, 1926an El juego a mano: semblanzas de pelotaris (Eskuzko jokoa: pilotarien zertzelada biografikoak) kaleratu zuen. Liburu ederra, egunkariko bere kronika asko bildu zituena eta 1900 eta 1925 bitarteko eskuzko pilotarien aipamen bitxiak jaso zituena. Lagun handia zuen Jose Luis Goikoetxea, Goiko, artistaren ilustrazio ederrak ere agertu ziren bertan. Biografia interesgarria azken horrena ere.

Ia mende baten bueltan, Juan Inazio Zulaika puntista ohiak gaztelaniazko semblanzas (zertzelada biografikoak) hitza erabili du bere liburu argitaratu berriaren izenbururako, seguru asko bergararraren omenaldi gisa (txoritxo batek esan digu Zulaikak lortu berri duela Irigoyenen liburuaren lehen edizio bat, altxor polita). Andoaindarrak, hala ere, Jai Alai-a hautatu du bere orrialdeetarako, normala denez. Bere aukeraketa egin du, gustukoenak izan dituen pilotariena bai, baina baita euren historia kontatzea merezi duten gainerako askorena ere, ez agian kirol mailagatik, baina bai bizitza zirraragarriak izan zituztelako. Aspaldi hildakoak dira protagonistetako asko; bizi dira beste batzuk, eta liburua idazten eta editatzen zegoela joan zaio bakanen bat.

Puntista ohi gisa aurkeztu dugu Zulaika, baina hori baino askoz ere gehiago badugu. Egunkari honetako irakurleek badakite zerbait berari buruz. Orduan Irigoyen bezala propagandista handia, baina garai hauetan sare sozialak baliatuz sekulako lana egiten ari dena, bereziki YouTube-n eta bere blogean. Pentsalaria ere bai, zesta-puntaren gainbeheraren zergatiak ondo aztertu dituena, baina aldi berean aurrera begirako estrategien inguruan gogoeta mamitsuak egiten dituena. Gernikako astelehenetako susperraldiaren (eta horren bueltakoaren) inguruan itxaropena bozkariorik gabe adierazten duena. Magic City bezalako berrikuntzak interesez —eta aurreiritzi kaltegarririk gabe— jarraitzen dituena.

Duela ia 100 urteko liburuaren hitzaurrean, Excelsior-eko editoreek kezka handia erakutsi zuten gure kirol honen egoerari buruz. Pilotak bizirauteko ezinbestekoa zuten ospea eta onarpena galdua zuela idatzi zuten penaz, eta erreakzio atzeraezina aldarrikatu. Bizigarri eta orientazio berriak. XIX. mendeko Zulaikak hitzez hitz sinatuko lituzke gogoeta haiek, gaur egunera ekarriak. Horretan dihardu etengabe. Liburu eder hau da horren beste erakusgarri bat. Eta ez, horrelako liburu bat idaztea ez da nostalgia ariketa hutsa: geroa indartsu eraiki nahi dutenek derrigorrezkoa dute iragana ezagutu, iraganera begiratu. Ondo azaldu zigun hori Jorge Oteizak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.