Aspaldiko zerurik ederrena dago hor kanpoan. Ezagutzen nauenak badaki: orduak igaro nitzake halako urdin ederrari begira. Jaitsiak ditut, ordea, pertsianak. Ni ere harrapatu nau bero oldeak eta erabat nokeatuta nauka. 38 gradu hor kanpoan. Kaleak erre egiten du, Iñigo Satrustegiren poema hartan agertzen zen bezala. Kaleak erre egiten du, baina kontainerrak itzalita daude. Jasangaitz dago kalea, duela dezentetik. Baina ez beroagatik bakarrik.
Donostiako parte zaharrean bizi izan naiz azken urteetan. 2015 eta 2025 artean %76 hazi da hiriko hoteletako turista kopurua. Gama ertain eta altukoetan hazkundea %90ekoa izan da. Turista horien artean, %120 hazi da atzerritik datozenen kopurua; hain justu, eredu gero eta elitistago bat kontsumitu dezaketen horiena. Bizilagunekin plataformari esker irakurri ahal izan dut datuen atzean dagoena. Estatistikan ni bezain traketsak direnei kontuak errazteaz gain, lan eskerga egin dute turismoaren bueltako zenbait mito deseraikitzen. Orain dela gutxi argitaratu du Asier Basurtok, bertako kideak, Turismoa, desazkunderako bidaia liburua.
Turismoaren etekin ekonomikoena izango da, akaso, mito nagusietako bat. Lanpostuak sortu eta inbertsioak erakartzen dituela, alegia. Industria honi zor zaiola hiriaren ongizate, hazkunde eta aberastasuna. Termino horiek denak sinonimoak balira bezala. Sortzen dituen lanbide gehienak zeharo prekarizatuak izango ez balira bezala. Errealki, ustezko aberastasuna gutxi batzuen eskuetan geratu eta, bereziki, turismoak etxebizitzaren krisiarekin, krisi ekologikoarekin eta bestelako arazo larriekin zerikusi zuzena duenean.
Kontziente naiz turistifikazioaz dihardugunean egiturazko auziak daudela honen guztiaren atzean. Ulertzen dut ere kulpa indibidualetan korapilatzea despolitizatzailea izan daitekeela oso. Eta, hala ere, saihetsezina zait norbere bizi eta opor indibidualei begira jartzea. Izan naizelako turista, irakurle. Eta, ziur nago, zu ere bai.
Badirudi opor postal horretan dagoela, une batez ere, norbere prekaritatetik ihes egiteko promesa. Buffet libre batean norbere esplotazioaren ahanztura, bestearenaren ordainetan. Desklasantea dirudi kontu honek zeharo, eta lazgarria.Â
Kezkatuta naukan kontu bat da oporraldietan bidaiatzea kasik konkista demokratikotzat jotzeko joerak. Nago aipatu mitoez gain, ez ote diren akaso gureegi egin ditugun beste batzuk. Nik behintzat, sarri aditu ditut inguruan. Mundu guztiak egiten duen zerbait da, izan liteke bat. Errealki, munduko biztanleriaren ehuneko oso txiki batek bidaiatzen du aisiaren izenean. Edota merezi dugula deskonektatzea, urtea itota igaro eta gero. Badela hor nonbait gu baino prekarioagoa den eta freskagarri bat zerbitzatuko digunik. E. Rodriguez Lopezi irakurri nion kontsumoan topatu ohi duela batek bere izaera proletariotik bereizteko abagunea. Gaurko terminoetara ekarrita, badirudi opor postal horretan dagoela, une batez ere, norbere prekaritatetik ihes egiteko promesa. Buffet libre batean norbere esplotazioaren ahanztura, bestearenaren ordainetan. Desklasantea dirudi kontu honek zeharo, eta lazgarria. Kapitalismoaren garaipenetako bat omen da krisiak normalizatzea.
Amona nuenak esaten zuen berari ordaindu egin beharko lioketela urrutira oporretan joateko. Bere garaian irri egiten nuen, egun iruditzen zait baduela arrazoirik. Benetan, ezin du horren zaila izan bidaiatzeko desira aseezin hau deseraikitzearen kontuak. Aitor ezazu, irakurle, berez-berez, hain dibertigarria ere ez da. Tira, irailerako utziko dugu eztabaida, hau baita nire azkena. Atsedena opa dizut.
Nik, bitartean, segituko dut pentsatzen udako zerua dela dagoen zerurik ederrena. Hari begira nerabe garaira joaten zait gogoa batzuetan. Ordukoak dira gordeak ditudan oroitzapen udatiar ederrenak. Uda eternala zen eta udan edozer gauza —baita beste mundu bat ere— posible zen garaia. Eta hau tekleatu ahala, abisatu gabe datozkit memoriaren txokoren batean abandonatuta nituen anekdotak. Behinola, nire eskolako batek oharkabean Ondarretako toldoak erre zituenekoa. Institutuan zabaldu zen legendak dio peta bat erretzen ari zela, nahi gabe egin zuela. 2010a zen, 16 urte zituen eta aske utzi zuten. Odon Elorzak agerraldia egin zuen eskandalua salatzeko. Irri txikiak egin dit ihes. Donostiako toldo zuri-urdinak sutan. Badu puntu hunkigarri bat irudiak. Kaleak erre egiten du, baina kontainerrak itzalita daude.