Antzinako aurkikuntzekin ibili gara Euskal Herrian egunotan.
Donazaharren urrezko eraztun bat topatu dute, erromatarren garaikoa, duela zazpi urte Zalduan aurkitutako baten ia berdina. Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko harreman estuaren adierazle, inportantea da noski; baina historia bukatzen den tokian fikzioa hasten denez —batzuetan ez dago hain klaru bereizketa, egia esan—, banandutako bikote bat imajinatu dut nik, eta istorio bat eraikitzen hasi. Baina azkar frenatu zaizkit fikzio asmoak. Erromatarren garaian ezkontza-eraztunik erabiltzen ote zen ez dakit, baina seguru erabiliko zirela eraztunak, zigiludunak, etxeko jaunaren jabetzakoak zirenak seinalatzeko. Pertsonak orduan beste pertsona batzuen jabetzakoak izaten baitziren. Legez. Orain ere bai, legeak halakorik debekatzen duen arren. Orain errealitatez. Eta ezkontza-eraztunarekin, edo gabe, jabeak badaude, eta jabetza horri dagozkion eskubideen baitan bikotekideari zuzenean eta seme-alaben eta ingurukoen bitartez labankada edo tiroa edo bortxa eman eta eragiteko erabakia hartzen dute batzuek. Gizonezkoek. Zigiluarekin sinatzen zuten, genuen, garai batean; odolarekin, beti. Egunotan albistegiei begiratua eman eta izugarria da ez etenik ez mugarik duen arkeologia heriozko hau.
Beste norabait bideratu dut orduan imajinazioa, apaintzeaz jardungo dut, edertasunaz; baina kaka zaharra!, urreak aberastasuna esan nahi du, boterea, eta zapuztu zaizkit berriro ere fikzio nahiak. Eraztunok ez ziren laborari garaztar batenak izango, seguru. Bide-lapurren bati ihesean eroriko ahal zitzaizkion, sikiera!
Aurkikuntza zaharragoetara jo dut.
Lekeitioko herritik zetorren beste notizia, Santa Katalina haitzuloaren inguruetan baleak izan zirela biziak. Eta hilak. Eta haien hezurrekin erremintak egin zituztela orduko bizilagunek, duela 20.000 urte. Balea espezie desberdinak, batzuk gure uretan honezkero bizi ez direnak, eta haien hezurrak gure lanabes. Aurkikuntza handia, inondik ere. Baina marka da atximurra derrigorrez etortzea nire tripei: notizia zen aurkitutakoak zirela bale-hezurrekin egindako lehen… armak! Izango da besterik lanabesen artean, seguru, eta ederra litzateke idunekoren bat edo txirularen bat egotea; eta bestalde beharrezkoak dira «armak», bai horixe, ehizarako-eta. Baina atentzioa eman dit armak azpimarratzea, odolaren kolorekoa izatea, nolabait, albistea. Egingo zen burua beste zerbaitetan, pentsatuz duela 20.000 urte ez dirudiela elkar akabatzeko joera hori, hain zabaldua gizaldi batzuk atzerago, jardun ohikoa zenik. Milaka urte batzuk geroago hasi ginen lanabesak arma bihurtzen, eta espeziekideen aurka modu esanguratsuan erabiltzen: planetako beste bizidunak, lurrak, urak, gauzak oro gure bilakatzen joan ginen heinean. Eduki aditza asmatu genuenean.
Maite dut arkeologia, maite dut historia. Zinez. Eta aurkikuntzak egiten jarrai dezatela opa diet ikerlariei, oraina entenditzeko iragana zenbat eta gehiago ezagutu, hobea dela uste dudalako. Eta besterik gabe ere, misterioaren lanbrotan gordeta dauden erantzunak bilatze hutsa ederra delako, maiz misteriorik ez zegoela deskubritzeko bada ere. Oraina entenditzeko bai, ez nagoena hain seguru da etorkizuna prestatzeko balio digunik, atzeak aurrea nola dantzatu erakusten digunik. Izan ere, gauzak zenbat aldatu diren ikusten dugu, baina era berean konprobatzen zenbat gauza ez diren batere aldatu.
Arma eta urre gutxiagoko etorkizun bat bilatu behar genukeela iradoki dezake atzera begiratzeak, eta zuzen goaz kontrako norabidean: arma gehiago egin, urre gehiago bildu. Zibilizazioa, izena jarri genion.