mikel elorza

Zilarrezko kantagintza

2023ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Tango goibel bat idatz nezake gaurko artikuluan, idatz nezake, adibidez, zerua lainotuta dagoela erabat eta ez dutela izarrek dirdira egiten. Izarrak futbol-zelaietara deskargatu baititugu, eta jainkotu, baina ez dute jada anbrosia edaten, testosterona esnifatzen dute marra handitan. Ipar hemisferioan orientatzeko Iparrizarra erabiltzen den bezala —metafora da, noski; Google Maps darabilgu—, Hegoaldeko Gurutzea izan da erreferentea Hego hemisferioan, hegoaldea zehazten duena, baina hori ere jausi da zeruko gangatik. Argentinarren bizkarrera. Argentinar batzuen bizkarrera. Hegoa galdu dutela esan genezake, eta ego elefantiasiko bat irabazi.

Ezin esango diegu, hala ere, sofa eta segapotoko gure konfort-gunetik botoa gaizki eman dutela, nagusikeria europar autentikoz, deklaratuz beti besteren begiko izpia itsusi, eta norbere begiko ezpala ahantzi. Ezin esango diegu, baina esan egingo dugu: oraingo honetan Buenos Airesko ninietakoa ez izpi ez ezpal, enborra da galanta.

Hego Amerikatik ezker haize epela iritsi zaigu urte batzuetan, baina eskuinerantz ere biraketa gogorrak egiten ditu haizeak, boladaka urakan indarrez. Eta ez dezagun pentsa, berriro diot, arrotzak zaizkigunik haizeok. Narkotizatuta, gure konfort-gunea aspaldian sitsak dauka hartuta. Ultraeskuina eta populismoa ez dira kolonizatutako herriei ebatsi diegun ezer, kanpotik ekarritakoa; hori hemen ere bageneukan, autoktono puru orbangabea. Badaukagu. Baina hala ere: Mileik beldurra ematen du. Mileik milioika boto jaso izanak beldurra ematen du.

Madrilgo kontzentrazio gorri-beilegietan, edo hemengo zenbait ertzainen eskumuturretan, auzoko jatorren komentario ar-razista eta klasistetan, tabernetako indignazio apolitikoetan, sare sozialetako iraindegietan... ez gaitezen Argentinara ezeren bila joan, Ipar hemisferioan ere bada gurutze anitz: gurutzea gure ondare immateriala da.

Milonga kalakari bat idatz nezake gaurko artikuluan, malenkonia doinuak utzi eta kantatu eta kontatu Ekialde Hurbileko panpan, tankeak zamalkatuz, gautxoaren labanaren ordez UZIa eskuan, mendeku historikoa gauzatzen dihardutenen azioak. UZIa esku batean eta bestean kamera, gidoilari trebeenak zaildu baititu Israelgo Estatuak eliteko soldadu gisa. Asmatzea da gakoa: bonbekin asmatzea, jendez beteriko eraikinak edo anbulantzia-ilarak suntsitzeko, eta errelatoak asmatzea, giza-ezkutu ei diren haien azpian ezkutatuta Hamaseko terroristak zeudela. Paradoxa dirudi, baina gerra asmakizuna da. Azkenean, gainera, Hamaseko buruzagiak eta bahituak ez baldin badaude Gazako ospitale baten azpian, berdin du, misioa beteta dago, Irakeko suntsipen handiko armekin batera gordeko ditugu historiaren gezur hilgarrienen biltegietan.

Candombe gerlari bat idatziko dudala erabaki dut. Gerrak eragin baina egin ez eta Netflix bitartez ikusten dituztenen lubakian egonda, gutxienez amorrua ateratzeko balio dezan, eta danborrak gogor joko ditugu makila-kolpe bakoitzean bururen bat hausten dugula pentsatuz. Luze aterako zaigu kantua, buru asko baitago hausteko. Hori bai, nola biolentziaren aurka gauden, defentsa-eskubidearen kontzeptua garizuma baino gehiago luzatu dutenen bedeinkazioa bilatuko dugu eta enkargatuko diegu istoriolari adituei —Think Nextek kontratatu ez baditu denak— asma diezagutela espioiek azalarazitako albiste bat, dioena hautsitako burezurren azpian -ismo anker baten kuartel nagusiak daudela.

Kantu arrunt baterako lelo plagiozko batekin amaituko dut gaurko artikulua: Argentinagatik negar egin daiteke. Gugatik ere izango da malkoetakoren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.