Badaude espazio batzuk gerturatzearekin bakarrik arnasa mantsotzen didatenak. Horietako bat da Ozaetako Garaion Sorgingunea. Oso neure sentitzen dudan paisaiaren parte da: Elgeako mendilerroaren magalean dago, gure bailarakoontzat hondartza funtzioa betetzen duen urtegitik oso gertu. Euskara, natura eta memoria ardatz dituen sormenerako espazio irekia da. Lan egiteko espazio bikaina izateaz gaindi, paseatzeko eta lasai berba egiteko ezin aproposagoa. Bertan pasatu dut asteburua, beste kide batzuekin batera buru-belarri lanean. Tarteka bioeraikuntzaz, sagastiez eta ehiztariez berbetan.
Laino zerratua zegoen iritsi nintzenean. Hotz egiten zuen kanpoan. Sutondoan jarri genituen gorputzak. Zeru urdina agertu zen eguerdirako. Eta hala igaro ditugu bi egun: eguzkiak nahi izan duen artean eguzkitan, freskatu orduko ipurdiak masa termikodun rocket estufa baten gainean jarrita. Zoriona dela uste dudan horretatik oso gertu.
«Nahi duzuenean itzuli berriz», esan ziguten etxerako bidea hartzeko puntuan geundela. «Eskerrak baten batzuri benetan inporta jakien eitten dogune», pentsatu nuen.