andoni egana
Plazatik

Arriskua

2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dakit ezer animaliei buruz, eta pertsonen gainean ere, ezer gutxi dakit. Baina egingo nuke pertsona dela animalia inbidioso bakarra. Beste animaliek ere izango dituzte grinak, nahiak, sena eta gainerakoak. Badakite zer nahi duten eta zer ez duten nahi; badakite zer komeni zaien eta zer ez. Auzokoak zer, huraxe, ez dute desiratuko ordea. Hori pertsonon ezaugarri da. Eta industriaren, komertzioaren, artearen eta gainerakoen motor ere bai, neurri handi batean. Inbidiak soilik ez du, ordea, Luis Barcenasen eta tankerakoen jokabidea ulertarazteko balio, nahiz eta ez dudan sekula txakur bat edo idi bat eskiatzera joan nahian sumatu, kale kantoiko beste txakurra edo uztarriko beste idia azken urteetan hala joan direlako.

Herrietako jaiak sarritzen hasi diren bolada honetan, urteroko gai izarra bat izaten da oholtzatan ere eta aurtengoa ez da Barcenasen kartzelatzetik urrun ibiliko. Txikiteoan eta parkeetan ere bolo-bolo ibiliko da albistea. Eta horrelakoetan maiz azaltzen den argudioa ez da falta izango: «Aukera izanez gero, heuk ere igual egingo huke». Baiezkoan eta ezezkoan gatigatuko gara. Batak besteak egingo zukeela eta besteak ezetz, aukera eduki arren.

Horrelako diru-hazainak egiteko lehen giltzarria hori bera baita: aukera izatea. Eta aukerarik onenak diruzainak ditu. Partidu politiko, enpresa, eskupeko eta gainerakoen sare katramilatsua, aukera ezin hobea da. Aukerari hanka-orpoak janez bizi da tentazioa, eta tentazioan aisa erortzen gara inbidiosoak. Egia esatera, gainera, Barcenastxiki asko dabil, aukerak maila apalagokoak dituelako txikiagoak eginez. Eguneroko ogia da, ez gaitezen engaina, erakunde publikoren batean lanean aritu, hura utzi eta enpresa pribatu bat abian jarri eta erakundean ari zeneko harremanaz eta itzalaz baliatzea gero norbere mesederako.

Aukera soila ez da aski, ordea. «Mesederako» giltzarria da. Onura ere sumatu behar du horrelako barrabaskeria bat egitera doanak. Sumatu behar du etekinaren handia lokatzetan sartu aurretik.

Aukera eta onura batuta errazagoa da ulertzen. Baina halere ez zait aski. Zerbait gehiago behar du. Akaso, babesa. Bakarrik ez dela ari sinetsi behar du gaizkile klase horrek. Ez dela erantzule bakar. Bere buruari pertsona ona dela sinetsarazteraino. Aukera berak izanik, onura gehiagoren artean banatuko baitu, izan alderdikide, izan fedelagun, izan familiako edo izan koinatu-koinatak.

Aukera izan, onura sumatu, babesa sentitu… horiek horrela izanik ere, beste zerbait gehiago behar da hainbeste narrastekotan. «Aurpegia galanta!», botako du kuadrillakoren batek. «Azala kristorena!», erantsiko dio beste batek. Eta hori ere egia dela onartu arren, ez du horrek ere guztia ulertarazten. Esango nuke beldurrik ez sentitzeak borobiltzen duela giza-andreon okerrerako joera.

Inbidia ez bezala, hori bai, konpartitzen dugu animaliekin. Beldurra sentitzen dugu arriskua sumatu ahala. Aukera izan arren eta onurak kuantifikatu, babestua egon arren eta aurpegi galanta izan, arrisku handia sumatzen duenak beldurra sentituko du, eta ez du aurrera egingo. Horregatik poztu nau epaileak Barcenas espetxeratu izanak. Arrisku urria baino ez zuelako aurreikusi. Arrisku urria aurreikusi bazuen, ordea, erantzukizun nagusia berea izan arren berea bakarrik ez dela nahikoa begi bistakoa da. Alderdi handi batean zebilen diruzain eta alderdikide asko bera bezain zipriztinduak zebiltzala jakiteak lasaituko zuen. Lasaituko zuen jakiteak finantza, eskupeko, diru-zuriketa eta horrelakoetan zebiltzanak ez zirela polizien lehen jomuga. Justiziak horrelakoei eskua gutxitan sartzen ziela jakiteak ere arriskuaren alarma ez piztea ekarriko zion. Ez da, beraz, ustelkeria kasu soila. Egiturak daudena baino ere ustelduago zeudela pentsatzen zuen pertsona baten kalkulu txarra ere bada.

Edo litekeena da hain gaizki ez kalkulatu izana. Damurik behintzat ez du azaldu. Pista gehiegi utzia izan daiteke bere pena bakarra. Kartzelan sartu dute. Baina noiz arte?. «Txakurrek eta idiek eskiatzen ikasi arte», opa zion atzo gauez nire adiskide batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.