Duela hogeita bost-hogeita hamar urte. Plazaz plazako ibilian, goizaldeko auto orduetako eztabaida bitxia: lagunak fikzioa haizea hartzera bidaltzen zuen; nik, haizea eman egitenzigula eusten nion. Lagunak, fikzioak, zinemagintzak, eleberriek... garrantzitsuenetik urrundu egiten gintuztela. Mundua ulertu eta eraberritzeko orduan saiakera jotzen zuen giltzarri. Dokumentalak zenbateraino salbatzen zituen, egia esan, ez dut gogoan. Badakit pentsalari onen probokazio punttuz aritzen zela, adiskidearekin konfiantzan eta ertzak borobiltzen saiatu ere egin gabe. Nik, egungo hizkeran esanda, ez nion dena erosten.
Gatozen fikziotik Artera, bata beti bestea ez dela eta besteak ez duela zertan beti bata izan jakin arren handia baita elkarrekiko igurtzia. Joan den asteartean Begiz izeneko sailean eta egunkari honetan bertan Ismael Manterola Ispizuak artikulu bat zekarren Alejandro Tapiaren omenez izenburupean. Alejandro Tapia artista Gabonetako bueltan zendu zela kontatzen digu. Joan zen irailean izan zuela berak pintorea ezagutzeko parada, Usurbilen antolatutako bisita gidatu baten harira. Honela dio Ismaelek: «Nire ezjakintasunean ez nekien Usurbilen bertan dagoen horma pintura bat Alejandro Tapiak egindakoa zela. Baliteke Tapiaren lanik onena ez izatea alderdi estetiko batetik begiratuta, baina harrituta begiratu nion guri buruz eta gure herriari buruz pintada hark ematen zuen informazioari, mural horrek Euskal Herriaren historiaren zati bat kontatzen baitu hormako mututasunetik». Horra arteko aipamena ez da hartaraino harrigarri.
Gero kontatzen du, ordea, 1985.ean pintatua dela horma-irudia Herri Batasuna koalizioaren aldeko ekintza moduan eta Ipar Irlandako muralen antzera.Muralean jende multzoa azaltzen omen da eskuetan pankarta bat duela, eta distantzian beste lelo batzuk dituzten beste pankarta batzuk ikusten omen dira. «Alaitsu eta borrokan kementsu» jartzen omen zuen muralaren goialdeko ertzean. Gaur egun ezin omen da horrelakorik irakurri, 2009. urtean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoaren aginduz zeharo hondatu omen zutelako. «Aipatutako pankarta horietako batean presoen aldeko aldarria irakurtzen zelako agian, ezabatzeko agindua eman zuten, eta, horren ondorioz, muraleko hizkiak eta aurpegiak pintura grisez estali zituzten Ertzaintzaren babespean». Horraino ere, non eta herri honetan, ez da atentzioa emateko adinako datua. Ondoren datorrenak piztu dit arreta: «Hala ere, Alejandro Tapiari horma pintura jatorrizko egoerara bueltatzea eskaini zitzaionean, nahiago izan zuen zegoen bezala laga, eta jatorrizko lana gogorarazteko plakatxo argazkidun bat jartzea, azalpen testu baten bidez lagunduta, artelanaren testuingurua ezagutzeko». Horrexegatik bihurtu da Ismaelen ustez margolana gaur egun Usurbilen daudenen artean interesgarrienetakoa: artelanen interesa testuinguruak eta esanahiak osatzen dutelako.
Tapiarenak inoiz Joxerra Gartziari entzundako pasadizo bat ekarri dit gogora. 1976.a behar zuen. Hondarribiko eta Irungo gazte talde batek Jorge Oteitzari bere obraren erakusle izan zitezkeen artelanen batzuk eskatu omen zizkioten etxepe bateko lonja atondu eta erakuslekutzat jartzeko. Utzi omen zizkien oriotarrak pieza horiek. Jarri ere jarri zituzten. Baina tokatu zen manifestazioren bat, poliziaren oldarraldi neurrigabea —ez nago ziur eraildako bat ere ez zen tartean— eta jendea ihesean hasi, aretoan sartu eta bultzakada bat hemen, estropezu bat han, pieza bat lurrera jausi eta ertzen bat puskatzea. Une gogor haiek igarota, gazteak beste une gogor baten aurrean aurkitu ziren. Nola esan Oteitzari zer gertatu zen bere piezarekin? Ausartu omen ziren ausartu, kontatzera. Eta espero ez zuten erantzuna izan omen zuten: «Bejondeizuela! Orain lortu du artelan horrek, egiatan, falta zuen bakarra. Herriarekiko harremana!».
Askotan, fikzioa eta oro har Artea, errealitatea interpretatzeko modu baten saiakera dira. Egun, diskurtso politikoak maiztuak eta diskurtso ideologikoak urrituak diren garaiotan, zeharkako bidea ez ote den zuzenena pentsatzera irits gaitezke. Gehiago esango nuke: bihurritu beharra dago zuzenera heltzeko.

PLAZATIK
Artelanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu